mikel reina
Hirukotik

Bakar jokoan

2025eko urriaren 14a
05:00
Entzun 00:00:00 00:00:00

Ez. Gaurkoan ere ez dut egingo. Gaur ere ez dut Baskoniaren eta Paolo Galbiatiren inguruan hitz egingo. Gaur zortzi askok hura kargugabetzea eskatzen zuten, eta orain badirudi Zesar berri bat dagoela Gasteizen. Ez naiz joko horretan eroriko. Ez naiz erradikala.

Harrobien harrobiak

Hala ere, asteburuan jarri nahi dut arreta. Espainiako Saskibaloi Federazioak U22 izeneko 22 urte azpiko liga sortu zuen udan, eta joan den ostiralean hasi zen. Berez, helburu argia dauka: jokalariak Espainiako ligan geratzea du asmo, batez ere AEBetara joan behar izan gabe. Hau da, goi mailako kirola eta ikasketak etxetik alde egin gabe uztartzeko aukera izatea. ACB ligako hamabost taldek eman dute izena: Bilbo Basketek parte hartzea erabaki du; Baskoniak, berriz, ez. Bilbotarrak B multzoan daude. Espainiako junior mailako azken bost txapelketak hartu dituzte kontuan mailaren eta emaitzen araberako multzoak osatzeko.

Hauexek dira lehen jardunaldiko emaitzetako batzuk, harrigarrienak, ez dut kontrakorik onartuko: Real Madril 105-62 Unicaja eta Bartzelona 105-37 Manresa. Egiari zor, gainerako emaitzak estuagoak izan dira. Bizkaitarrek, adibidez, 83-80 galdu zuten Kanaria Handiaren aurka. Hala ere, lehen jardunaldia nahikoa izan da txapelketaren zirrikituak ikusteko. Ligak Espainiako Estatuko jokalariak indartu nahi ditu, eremu lehiakor bat eskaini hobetzen segitzeko, baina arazoa da gaur egungo saskibaloia inoiz baino globalizatuagoa dela. Horretaz konturatzeko, klubetako lantaldeak ikusi besterik ez dago, batez ere talde indartsuenenak. Ez dugu ahaztu behar guztien helburua dela lehen taldeak jokalariz hornitzea, horretarako dago harrobia. Baina, azkenean, askotan Real Madriletik eta Bartzelonatik joaten dira gainerako taldeetara, Spagnolo eta Villar, kasurako.

Kontraesanak

Horregatik, talde askok Europako eta Afrikako beste herrialde batzuetara jotzen dute talentu bila. Aldi berean, federazioak berak tranpak egiten ditu bakar jokoan. Kupo famatuek ez dituzte kontuan hartzen Espainiako Estatuan jaiotakoak, harrobian hiru urtez jokatutako jokalariak baizik. Horregatik, aldi berean, geroz eta jokalari gazteagoak etortzen dira. Baskonia da horren adibide: azkenaldian Georgiatik ekarri ditu jokalari asko.

Great Osobor nafarra da kontraesan horien adibide argi bat. Tuteran jaio zen, eta 12 urte zituela Ingalaterrara joan zen bizitzera. AEBetan osatu du bere kirol ibilbidea. NBAko frankizia baten elastikoa jantzi duen lehen euskal herritarra izan da, NBAko Udako Ligan izan bada ere. Espainiako B selekzioarekin ere jokatu du udan. Baina profesionaletara jauzia ematean, ezin izan du ACB ligan tokia aurkitu, ez delako kupoetan sartzen. Horregatik, Alemaniako lehen mailara igo berri den Science City Jena taldeak fitxatu du. Bikain ari da, esan beharra dago.

Kalte ordainak

Horiek horrela, U22 ligak ez du bermatzen tokiko jokalariak indartzea. Gutxi batzuek ematen dute lehen talderako jauzia: onenek. Era berean, onenek AEBetako eskaintzak izango dituzte, milioi asko tartean: ukaezinak. Zentzu handiagoa izango du, akaso, kadete mailako jokalari onenentzako, baina egoera bera izango da. Onenek alde egiten jarraituko dute. Gainera, horrek ez du esan nahi betirako galtzen dituzunik, geroz eta kontratu gehiagotan sinatzen baita gerora lehentasuna izateko eskubidea. Hori izan daiteke bidea.

Orain arte jokalari horiek bigarren eta hirugarren kategorietan lehiatu dira, klubak utzita. Hor bai, ikasten dute. Baskoniak, esate baterako, Errioxako Clavijo taldearekin dauka hitzarmena. Azkenean, jokalari beteranoen kontra neurtzen dituzte indarrak, eta bestelako saskibaloi bat ezagutzen dute. Ofizioa ikasten dute, kolpeka, beste askok bezala. Sufritzen ikasten dute Kanaria Handira joan barik. Orain, kategoria horiek beherakada nabarmena izango dute kalitatean. Benetako kupoak nahi dituzte, eta ez lantaldeak osatzeko bakarrik erabiliko direnak.

Bide batez, Bilbo Basketek gaur jokatuko du FIBAren Europako Kopako lehen partida, Greziako Peristeri taldearen aurka (20:00). Azken sasoiko oroitzapen gozoak dituzte bilbotarrek, balentria egin eta garaikurra irabazi baitzuten. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.