Txapeldunen Ligako finalerdiek argi utzi dute gaur egungo futbola erritmo bizian jokatzen dela. Intentsitate handiko ahalegin horiek, batez ere, aurkariaren baloiaren jabetzaren gaineko presio uneetan izaten dira. Presio hori egin daiteke bai atezainak baloia motzean ateratzen duenean, bai bigarren zirkulazioetan, hau da, baloia duen taldeak atzerako pase bat ematen duenean.
Finalerdiak jokatu dituzten taldeek baloirik gabeko momentuetan izan duten arrakastak eragina izan du finalerako sailkapena lortzeko. Azkenerako, Interrek eta PSGk jokatuko dute final hori, maiatzaren 31n, Municheko Allianz Arena estadioan.
Interren bi aurpegiak
Simone Inzaghik prestatu zuen plana oso ezberdina izan zen kanporaketako bi partidetan. Joanekoan, Interren hasierako plana Bartzelonari bloke ertainean itxarotea izan zen, 1-5-3-2an kokatuta. Barruko erdilariek, Mkhitaryanek eta Barellak, atzealdeko hegalekoei laguntzen zieten, Raphinak eta Lamine Yamalek buruz buruko jokaldirik egin ez zezaten. Aurrelarietako batek, normalean Thuramek, betetzen zuen erdilariek hiruko lerroan uzten zuten lekua. Bartzelonak, ordea, Pedri eta De Jong jokaldiaren oinarrian zituela, nagusitasuna zuen Lautaroren aurrean —Thuramekin batera hark jokatzen du aurrean—. Baloia alde batetik bestera mugitu ostean, Lamine Yamalengan iristen zen baloia, eta haren talentua nahikoa izan zen, bi aurkari gainean izan arren, abantaila edukitzeko. Izan ere, baloia zeramala, Inter atzeraka bultzatzen zuen, area defendatzera behartuz.
Itzulerakoan, ordea, Interrek blokearen altuera aldatu zuen, baita jokalarien rola ere. Bartzelonak baloia berreskuratu zuenean eta berriz jokatzen hasten zenean, edo baloiarekin atzerapauso bat eman zuenean, Inter pare pare kokatzen zen. Horren helburua ez zen Raphinak eta Lamine Yamalek aurrera egitea saihestea, baizik eta baloia haiei ez iristea.

Interren barruko erdilariek atzeko hegalekoei laguntzeari utzi zioten, eta Bartzelonaren bi euskarriekin parekatu ziren. Lautaro eta Thuram, berriz, Bartzelonaren erdiko atzelariei bizkarra hartzen saiatu ziren etengabe. Hala, bai Cubarsi, bai Iñigo Martinez behartuta zeuden Interreko bi aurrelariak jokoz kanpo uztera. Batzuetan asmatu zuten, baina gurutze bidea izan zen etengabe hori egin behar izatea.
Presio esfortzuak bikoiztu
Bartzelona, berriz, ez zen hain eraginkor aritu italiarren baloi-irteeran presioa egiteko orduan. Hortik sortu zen Interrek baloiarekin izan zuen abantailarik nabarmenena, bereziki itzulerako partidako lehenengo zatian. Lamin Yamalek lehen presio jauzia egiten zuen Bastonirengana, baina gero ezin zion jarraipenik eman. Hortaz, Interreko erdiko atzelarietako batek Di Marcorekin hormarena egiten zuenean, barrutik aurrera egiteko aukera zuen. Bartzelonaren lehenengo presioa gainditzen zuen horrela.
Hori aztertzerakoan, Realak aurreko sasoian Interren aurka Anoetan jokatu zuen partida ekarri behar dugu gogora. Neurketa hartan erabakigarria izan zen Oiartzabalek presio ahalegina bikoizteko izan zuen gaitasuna. Horri esker, Braisek baloia kendu zion Bastoniri, eta Realak 1-0eko sartu zuen. Lamine Yamal talenturik handiena duen jokalari gaztea da, baina landu egin behar du baloirik gabeko esfortzuak errepikatzeko gaitasuna.
Dembele buelta emateko
PSGk Arsenali Emirates estadioan sartu zion gola, Anfielden Liverpooli egindakoaren berdina izan zen. Bietan Dembele izan zen protagonista. Frantziako jokalaria aurkarien bloke altua gainditzeko gako izatea lortu du Luis Enriquek. Taktikoki pieza erabakigarria izaten ari da horretarako. Arsenalek —Mikel Artetak zuzentzen du taldea— aurkariaren baloiaren irteeran presioa egin zuen, 1-4-1-3-2 marrazkitik abiatuta. Baina nahikoa izan zen PSGren hiruko lerroak baloia alde batetik bestera mugitzea, Saka Nuno Mendesengana ez iristeko. Arsenalen lerroen artean metro asko zeuden, eta Nuno Mendesek Dembele aurkitu zuen. Hark baloia hartu eta buelta ematen zuen, eta hori erabakigarria izan zen.
Printzeen Parkean, Arsenal izan zen hori egin zuena. Mikel Merinoren bidez izan zen. Lewis-Skelly, Real Madrilen aurka bezala, Thomas Parteyren ondoan kokatu zen bere taldeak baloia zuenean, euskarri bikoitza osatuta. Timberrek, berriz, altuera hartu zuen, Kvaratskhelia atzera bultzatzeko. Arsenalek PSG bloke ertainera eramatea lortu zuen, bere erasoko hegalekoek, Sakak eta Martinellik, baloia erraz jaso zezaten. Baina Artetaren taldeari golak sartzea kostatu zitzaion berriz ere. Declan Rice izan zen area zapaldu zuen bakarra.
Gainera, PSGren unerik zailenetan, Donnarumma atezaina agertu zen. Bezperan, Bartzelonaren aurka, hala egin zuen Interreko atezainak: Yan Sommerek. Atzean sartuta zegoela, PSGri aukera bakarra geratu zitzaion: korrika egitea. Eta hori, PSGrentzat, ez da gauza xumea. Inter bezala, bi aurpegi oso ezberdin erakutsi zituen joaneko eta itzulerako partidan. Baina biek lortu dute finalerako sailkatzea.
