Beti ekiten diegu estropadei irabazteko gogoz, hori da gure oinarria. Baina badira beste egun batzuk, zeinetan gogo hutsak baino zerbait gehiagok bultzatzen gaituen. Estatxa amorru biziz askatu, hortzak estutu, eta arraun egiteko motibo bihurtzen diren kanpo eraginak. Horiek izaten dira emaitza txarra eskuratutako estropadak, kanpotik jasotako zalantza eta epaiketak, beharbada, une batez bada ere, norberaren buruak sinetsarazten dituenak.
Pasatako txar horien errebantxa moduko bat izaten dira jarraian datozen estropadak, baita eguna iritsi bitarteko entrenamenduak ere. Barne oihu batek bultzatutako indar bikoitza pizten da; zure buruari, zure taldekideei eta kanpoko esanei erantzuteko gogoa. Estropada txar baten ondoren, edo gutxietsita sentitu zaren horretan pizten da amorru hori, isiltasunean hazi eta arraunean askatzen dena, kolpe bakoitzean kanpokoak isilarazteko asmoz.
Zerbait frogatu beharrik ez duzula jakinda ere, barrutik datorren haserre eta amorruak aurrera bultzatzen zaitu. Zure lana sinistarazteko aukera bihurtzen dira estropadak, arraunean ongi, gustura eta indarrez eginez.
Azken batean, bidea bihurtzen da erantzuna, eta, isiltasuna, oihu ozena. Kolpe bakoitzak frogatzen du bertan gaudela eta ez dugula etsiko. Lanak ongi egin, eta isiltasun horren ardura beste batzuei pasatzen diegu. Arraunean ez baitute soilik hanka, bizkar eta besoek arraun egiten, buruak ere bai. Fisikoa lantzea neketsua da, baina burua lantzea are zailagoa. Horretan dago erronka handiena eta, beharbada, txapeldun izateko gakoa ere bai.