Pello Bilbao.
Euskal Herriko Itzulia: IRITZIA

Barre txiki hori...

2016ko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Hauxe da, bada, World Tourra. Lasterketa lasai doala ematen duenean, eta helmugara iritsiko ez dela jakinda ere ihesaldia sortzen denean, bat-batean erritmo aldaketa izaten da tropelean, eta den-dena emanda joaten gara guztiok azken 40-50 kilometroetan. Argi zegoen Aritxulegi eta Agiña inguruan zegoela etaparen gakoa, eta zuzendari guzti-guztiek agindutakoa betetzen saiatu gara denok. Horrek sortu du tentsioa tropel buruan. Aritxulegik garbiketa handia eragin du tropelean, eta banaka-banaka joan gara hortik helmugara bitartean.

Agiñan behera erritmoa are gehiago bizitu du Kiryienkak, eta nahikoa lan izan dugu tropelean geneukan postua mantentzeko. Noraino arriskatu zalantza egoten da horrelakoetan, baina beldur pixka batekin aurrekoarekiko metroren bat galtzea nahikoa izaten da ezinean geratu eta atzekoei kaltea eragiteko. Horregatik, ardura pixka bat izaten da tropelean.

Piedadeko gainera bidean gorriak ikusi ditut tropel nagusiaren erritmoari eusteko, eta azken postuan ez bada, azken-aurrekoan igaroko nintzen mendiko pankartaren azpitik. Artean taldetxo bat ihes eginda zihoan aurretik, eta erritmoa are gehiago bizitu du Skyk. Den-dena emanda nindoala, azken metroetan baietz esan didate buruak eta motibazioak, baina ezin zuten hankek. Saiatu naiz muturra sartzen, eta, tira, zortzigarren postuan amaitu dut etapa. Ez dabeste munduko ezer, baina aurreko saltsan ibiliz gero, iritsiko da garaipena ospatuko dugun eguna.

Eta garaipena hizketagai hartuta, goizean Omar Frailerekin izandako hizketaldia azalduko dizuet. Izenik esan gabe, bigarren etapan txirrindulari batzuek amaiera lasai-lasai egin zutela aipatu diot Omarri, eta bere taldean bat bazegoela erantzun dit berehala. Taldekide horrek Lesakako amaierarako intentzio handia zeukala argitu dit. Buruari bueltaka aritu naiz, zein demontre ote zen asmatzeko, eta hamar minutu geroago Omarrengana joan naiz berriz ere galdezka. «Cummings Itzulian dabil?», galdetu diot, eta barre egin du. Horixe da esandakoa egitea!
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.