Aimar Olaizola.
ANALISIA

Biak erosoago hirutik aurrera

2016ko azaroaren 27a
00:00
Entzun
Finala ikusteko irrikan nago. Partida ikusgarria izan beharko luke, baina gauza bat nabarmendu nahi dut: horrelako partidak ez dira beti onak irteten. Biek ziztu bizian jokatuko dute, eta airez sartuko dira, baina halakoetan huts asko ere izaten dira, horrela jokatzea ez baita batere erraza. Bi finalistak oso trebeak dira airez jokatzen, eta halakoetan sakeak duen garrantzia nabarmentzen dugu pilotariok. Kasu honetan, baina, nire ustez, sakea bainoago errestoa izan daiteke finaleko gakoa, biak errematatzaile oso onak direlako.

Final bitxia da, bi pilotariek ezaugarri oso antzekoak dituztelako. Ez da ohikoa bi pilotari hain berdin sailkatzea finalerako. Ohikoa da bi estiloren arteko talka direnak. Biek erosoago jokatzen dute motzean, airez, eta min handia egiten dute kontraerasoan. Biak hirutik aurrera jokatzen saiatuko dira, eta piloteoa hor jokatuko dela uste dut.

Final bitxia da, baina ez ezustekoa, ez behintzat finalistei dagokienez. Bengoetxeak sasoi bikainean ekin zion txapelketari, eta hasieratik ikusi zen ondo zegoela. Entrenamenduetan ere oso maila ona eman zuen. Freskotasun handiarekin eta konfiantzaz aritu da, kantxan ondo mugituz. Niretzat ezustea ez da Bengoetxea finalera sailkatu izana, baizik eta lau t'erdiko final gehiago jokatu ez izana. Pilotari gutxik dituzte hark adina dohain lau t'erdian jokatzeko.

Altunaren aldetik ere ez zait ezustekoa iruditu: udan emaniko maila ikusi baino ez dago. Egia da txapelketako lehen partidan justu antzean ibili zela, baina hazi egin da. Oso bizi jokatzen du, eta finalerdietan ni oso deseroso egotera behartu ninduen. Kolpea oso ondo ezkutatzen du, egia da, baina hori gabe zaila da puntan nabarmentzea. Horregatik, gantxoa markatzeko duen abilezia nabarmenduko nuke: pilota nahi duen tokian jartzen du.

Bukatzeko, eta niri dagokidanez, sorbaldako arazo fisikoek hobera egin dute. Aste honetan, aukera izan dut pilota bigunarekin piloteoan aritzeko, eta, nire ustez, asteburuan jokatzeko moduan egongo naiz, binakako txapelketaren lehen jardunaldirako.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.