Nerea Zusberro Alberro.
HARMAILATIK AULKIRA

Bizitza paraleloak txapelketan

2023ko abuztuaren 20a
00:00
Entzun
Espainiak eta Ingalaterrak bizitza paraleloak bizi izan dituzte Munduko Kopa honetan. Bi selekzioek zalantzekin ekin zioten txapelketari, eta hasierako plana aldatu behar izan dute bidean. Hazteko izan duten gaitasunari esker iritsi dira finalera. Gaur jokatuko dute elkarren aurka, Sydneyn (Australia), 12:00etan (La 1 eta France 2).

Japoniak emandako astinduak esnarazi zuen Espainia —4-0 galdu zuen—. Jorge Vilda hautatzaileak Espainiako joko eredu ezaguna muturreraino eramaten ari zen. Profil teknikoko erdilarien aldeko apustuak ez zuen espero zen errendimendua eman. Aitana, Alexia edo Mariona deseroso zeuden barruan espaziorik ez zegoen testuinguru batean. Aurrelaririk gabe, Espainiak ez zuen aurkariaren blokea luzatzeko gai zen jokalaririk. Zabaltasuna eta, batez ere, sakontasuna falta zitzaion. Japoniak ezin hobeto aprobetxatu zuen Espainiak barrutik jokatzeko zuen aukera bakarra, baloi galeren ondorioz kontraerasoak sortuz.

Walshen lesioak bihotzekoa eragin zion Ingalaterrari. Sarina Wiegman hautatzaileak bere euskarria galdu ostean, ohiko4-3-3tik 3-5-3ra aldatu zuen sistema. Walsh gabe, bi jokalarik hartu zuten baten lekua: Zelemek lagundu zion Stanwayri jokaldiaren oinarrian. Horrek frogatzen du Bartzelonako jokalariaren garrantzia. Hura itzulita, zelai erdiaren antolaketa aldatu egin zen, baina ez egitura osoa. Ingalaterrak erdiko hiru atzelariak eta hegaleko atzelari erasokorrak mantendu zituen. Marrazki berriak baloia ateratzeko aukera gehiago ematen dizkio Ingalaterrari, baita aurkariaren area gehiagotan zapaltzeko aukera ere.

Ingelesen joko zuzena. Nahiz eta erdiko hiru atzelari egoteak baloia ateratzean nagusitasuna ematen dion, Ingalaterrak uko egin dio soilik motzean ateratzeari. Australiaren aurka, Walshekiko menpekotasuna desagertu egin dela egiaztatu zen. Txapelketan zehar hainbat selekziok lan berezia egin dute horren gainean. Orain, irteera aukera horri beste bat gehitu behar zaio. Espainiak Greenwood erdiko atzelariaren eta Daly hegaleko atzelari erasokorraren arteko pase-lerroa eten beharko du. Biak, pase luze gurutzatuen bidez, aurkariaren defentsa-lerroaren bizkarraren bila aritzen dira. Russo eta Bronze, azken hori eskuin hegaletik bigarren zutoinera iritsiz, oso ondo heltzen dira aurkariaren areara. Baina, kontuz. Espainiako eskuineko eraso hegalak atzelarira eta hegalak atzelari erasokorrera salto egiten baldin badute, adi ibili beharko dira Ingalaterrako aurrelariek alboetara egiten dituzten jauziekin.

Nagusitasuna alboetan. Hasiera batean, 3-5-2 sistemak hegaleko jokalariak desabantailan uzten ditu, baina Sarinak kanpoko erreietatik aurrera egiteko formula eraginkorra aurkitu du. Erdiko atzelari irekiak eta aurretik hegaleko atzelari erasokorrak kokatuz gain, erdilariek eta, batez ere, Hempek, aurkariaren hegalaren bizkarrean erortzeko lan zehatza dute. Beraz, Ingalaterrak nagusitasun egoerak lor ditzake alboetan. Espainiak kontuz ibili beharko du, ez bakarrik defentsa posizionalean, baita trantsizioetan ere, bere hegalen igoeren ondorioz bereziki ahula baita atzera egiteko orduan.

Zabal eta sakon. Espainiarentzat funtsezkoa izango da bere erasoko hegalek gai izatea zabaltasuna eta sakontasuna emateko aldi berean. Alba Redondok eta Salmak, baita Marionak ere, garapen-fasean kanpoan finkatzeko eta amaiera-fasean area zapaltzeko lan bikoitza egin beharko dute. Jakina, eta are gehiago aurrean hiru erdiko atzelari izanda. Esther nabarmentzea inoiz baino beharrezkoagoa da. Bizkarrez jaso, deskargatu, eta defentsak harekin eramateko duen gaitasunari esker, Espainiaren jokoari bide ematen dio.

Plana aldatzeko gaitasuna. Hasierako planak funtzionatzen ez badu, Vildak aukera gehiago dauzka aulkian. Sarinak hamazazpi jokalari baino ez ditu erabili, eta azken partidetan Kellyrengan soilik erakutsi du benetako konfiantza aulkitik aterata. Espainian, ordea, Salma funtsezkoa izaten ari da rol eta lan horretan. Denak huts egiten badu, Ingalaterrak geldikako jokaldiei heldu ahal izango die, Bright eta Daly bezalako jokalari indartsuak baititu.

Espainia eta Ingalaterra izan dira txapelketan zehar aurkeztu zaizkien zailtasunak ondoen konpondu dituzten bi selekzioak. Azkeneko oztopoa gainditzeko gai denak jasoko du gaur txapeldunaren kopa.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.