Etapa Gasteizen amaitu bada ere, burua Bilbon daukagu oraindik. Tamalgarria izan zen lehen etaparen amaieran gertatu zena. Azken 500 metroetan sartuta horrelako pibote bat seinalerik gabe eta pare bat kono sartuta edukitzea ere... Ikusi besterik ez dago zer-nolako erorketa izan zen eta txirrindulari asko nola geratu ziren. Argi daukagu ibilbide guztia ezin dela seinalez bete; ez gara ari hori eskatzen. Baina amaierako zati horretan hesiak behar ziren, edo, bestela, langile bat banderarekin arriskuaren berri emanez. Ederki ordaindu genuen beste batzuen akatsa.
Guri dagokigunez, hankaz gora joan zen Herrada, eta kolpe ederra dauka. Goizean bidali digute mezu elektronikoa, etapa hasi aurretik bost minutuko protesta ekintza egingo genuela esanez. Baina, egia esatea nahi baduzue, ni ez nago erabat ados protesta horrekin. Bai, egin dugu bost minutuko protesta, eta abiatu gara gero. Baina atzo erori eta hezurrak hautsi zituztenak ez dira itzuli tropelera ekintza horrekin. Aurretik bilatu behar dira irtenbideak horrelako kasuetarako.
Zaila da, badakigu, baina horretarako daude sindikatuak, ertzainak, antolatzaileak... Gehiago zaindu behar da segurtasuna. Itzuliko antolakuntza ondo ari da lanean, erakutsi du urteotan gauzak ondo egiten badakiela, baina oker handia egin dute kasu honetan. Ez dakit zein diren errudunak, antolatzaileak, ertzainak, udaltzainak, denak edo inor ez, baina txirrindulariok jasan ditugu ondorioak. Lasterketan edozein momentutan gerta daitezke erorketak, baina amaitzeko 400-500 metro falta zirela, hesiak behar ziren errepidearen bi aldeetan.
Eta, tira, erorketaren kontuak ahaztu eta lasterketan sartuta, iritsi da benetako lehen etapa serioa. Zumarragara bidean argi geratuko da zein diren Itzulia irabazteko faboritoak. Zaleak bezala, gu ere gogotsu gaude onenen arteko lehia hori ikusteko. Gogotik lan egin behar izan dugu lehen bi etapetan, baina indartsu gaude, eta ez daukagu beldurrik lasterketaren ardura hartzeko. Ezagutzen dugu ibilbidea, eta badakigu kokapena zein garrantzitsua izango den. Oso errepide estuak izango ditugu amaieran, eta tentsio handia izango da tropelean. Baina Nairo ondo dago, eta gu ere egurrerako prest gaude. Hasiera-hasieratik gogor ari gara lanean, eta ea ba pixkanaka fruituak jasotzen hasten garen.

Txirrindularitza. Euskal Herriko Itzulia: 2. etaparen kronika. ERRELEBOKA
Bost minutu
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu