Munduko Kopa

Brasil final-zortzirenetan da, Martinellik azken unean sartutako gol bati esker

2-1 hartu du mendean Japonia. 0-1 jarri dira aurretik asiarrak lehen zatian, baina Carlo Ancelottik zuzentzen duen selekzioa hobea izan da bigarrenean, eta merezita egin du aurrera txapelketan.

Gabriel Martinelli azken unean sartu duen gola ospatzen, gaur, Houstonen. SAM WASSON / EFE
Gabriel Martinelli azken unean sartu duen gola ospatzen, gaur, Houstonen. SAM WASSON / EFE
ainara arratibel gascon
2026ko ekainaren 29a
21:28
Entzun 00:00:00 00:00:00

Brasilek elastikoan seigarren izarra jartzeko borrokan jarraituko du. Ameriketako selekzio horrek 2-1 irabazi dio Japoniari, eta Munduko Kopako final-zortzirenetarako sailkatu da. Sufrituta egin du, Martinellik partida amaitzear sartu baitu gol erabakigarria, 96. minutuan. Baina aldi berean Carlo Ancellotik zuzentzen duen selekzioak merezita irabazi du, bigarren zatian nagusi izan baita, eta markagailua iraultzea lortu baitu. Japoniak arantza atera ezinik segitzen du, sekula ez baitu lortu Munduko Kopa batean kanporaketa bat gainditzea. Brasilek bihar jakingo du nor izango duen aurkari final-zortzirenetan: Norvegia edo Boli Kosta. 

Hasieran brasildarrek izan dute jokoaren ekimena, eta baloiaren jabe izan dira. Alderik alde mugitu dute, Japoniaren atzealdean zuloren bat topatu nahian, Asiako selekzio horri, berriz, kostatu egin zaio aurkariaren zelaira igarotzea. Baina defentsan lan ona egin du. Lehen aukera argia amerikarrek izan dute, 14. minutuan. Cunhak bizkarrez jaso du baloia area ertzean, bizkor eman du buelta, eta jaurti egin du; baina Japoniako atezainak, Suzukik, ondo aldendu du. Segidan gutxigatik bidali du kanpora errematea Guimaraesek. 

Defentsan aritu denean Japoniak bost jokalariren bi lerro kokatu ditu ia-ia. Brasilek bazekien pazientzia izan behar zuela, eta batez ere hegaletik saiatu behar zuela min egiten, Ryanekin eta Viniciusekin. Erditik ezin zuen sartu. Gainera, minutuak aurrera egin ahala argitasuna galtzen joan da baloia ateratzean. Izan ere, Hajime Moriyasu buru duen selekzioak apur bat gorago egin du presioa. 

Ura edateko atsedenaren ostean japoniarrek lehen aukera izan dute, baina Uedak kanpora bidali du buruz baloia. Lehen abisua izan da hori. Hurrengoan Sanok ez du huts egin. Danilo ez da fin aritu baloia ateratzekoan, Sanok berreskuratu egin du, eta indartsu eta bizi egin du aurrera. Bitan pentsatu gabe area ertzetik egin du errematea, eta sareetara bidali du baloia (29. min). Plana bikain atera zaie japoniarrei. 

Azken ordu laurdenean gauzak ez dira asko aldatu, nahiz eta Japoniak apur bat gehiago izan duen baloia; hori bai, aukera argirik sortu gabe. Brasilek, bestalde, akats bat baino gehiago izan du atzetik baloia ateratzean. 

Biziago eta zuzenago

Bigarren zatiari begira Brasilek zerbait aldatu beharra zuen. Hala, zuzenago eta biziago jokatu asmoz Carlo Ancelotti hautatzaileak Paqueta kendu du, eta Endrick zelairatu. Paqueta, gainera, min hartuta joan da aldageletara. Lehen zatian gertatu bezala, Brasilek aginduz ekin dio bigarrenari. Hala, bi abagune argi izan ditu neurketa berdintzeko. Aurrena Suzukik bikain atera du Guimaraesek buruz egin duen erremate bat. Segidan Casemirok egin du errematea, eta Tomiyasuk atera du baloia golaren arrastoan, 52. minutuan.

Minutu horietan Brasilek erdiraketak eginez egin du min. Hala iritsi da gola, 56. minutuan. Casemirok oraingoan asmatu egin du, eta bigarren zutoinetik buruz sareetara bidali du baloia. Bikaina izan da Magalhaesen erdiraketa. Partidako minuturik bizienak izan dira horiek. Kontraerasoan jokatzen eroso egon da Brasil, eta aurretik jartzear egon da. Hegaletik buruz buruko jokaldi bikaina egin du Viniciusek, baina haren errematea Suzukik ukitu du, eta zutoinean jo du baloiak. 

Japonia ez da kikildu, eta pare bat kontraerasoren bidez iritsi da Alissonen atera. Martinellik ez du aparte izan gola 77. minutuan, baina punpa laster egin duen errematea kanpora joan zaio. Ahaleginean jarraitu dute Ancelottik zuzentzen dituen jokalariek, baina ez zuten lortzen bigarren gola sartzea. Bazirudien gutxienez luzapena jokatu beharko zutela. Baina ez da hala izan. 96. minutuan Tanakak ez du asmatu baloi ateratzen, Guimaraesi ailegatu zaio, eta jaurti egingo zuela ematen zuen. Baina Martinelliri eman dio pasea, eta hark urratu du bigarrenez Japoniaren atea. Ez da garaipen ikusgarria izan, joko ikusgarririk ez du egin Brasilek, baina final-zortzirenetan da dagoeneko. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA