HIRUKOTIK

Burua hotz, bihotza bero

mikel reina
2023ko azaroaren 7a
00:00
Entzun
Saskibaloia matematika kontua da: aurkaria baino puntu gehiago bat sartzea. Baina badaude bestelako kontuak; ligan, batez ere. Talde guztiek egiten dituzte denboraldia hasi baino lehen kontuak: nori irabaz diezaioketen, nork eman diezaiokeen lanik gehien, non eman dezaketen ezustekoa... Taldea eta jokalariak ikusita egiten dira kontuak. Horiek zehazten dituzte talde bakoitzaren helburuak. Etxeko partidetan garaipena eskuratzea hartzen dute kontuan askok, betiere talde oso faboritoen aurka ez bada. Etxetik kanpo beti da askoz zailagoa irabaztea, gaur egun berdintasun handia baitago liga guztietan. Batzuetan beste batzuetan baino aukera gehiago dago, baina bakar batean ere ez da erraza irabaztea.

Bihotza bero. Baten batek zalantzarik zuen? Nik, behintzat, ez. Argi nuen Baskoniak bestelako irudi bat emango zuela Dusko Ivanovicen lehen partidan. Hori gutxi ez, eta irabazi egin zuen, ondo irabazi ere. Zerbait badu Montenegroko entrenatzaileak izaera du, eta hori kutsatzeko gaitasuna: badaki jokalariengana era batera edo bestera heltzen. Ez zuen egiteko erraza, min hartutako jokalari garrantzitsu askorekin, eta harekin batera iritsi den fitxatu bakarrarekin: Chris Chiozzarekin. Ez da espero zen jokalaria, baina merkatuak agintzen du. Talde asko daude NBAko taldeek azken egunetan kanporatzen dituzten jokalarien zain, eta ez bakarrik Europan.

Beste zerbait beharko du Ivanovicek eraldaketa mantendu ahal izateko; ezin daiteke izan egun bakarreko aldaketa. Baina hura bakarrik da gai sasoi amaierarako kontratua sinatu eta taldearen norabidea aldatzeko. Horretarako, ordea, zerbait gehiago behar du, batez ere, orain hainbeste jokalari min hartuta egonda. Bihotza berreskuratu du, baina burua ez. Kanaria Handiaren aurka garesti ordaindu zuten Partizanen kontra egindako gehiegizko ahalegina. Nahi eta ezin aritu ziren. Burua eta bihotza bero izan zuten, baina helburua burua hotz eta bihotza bero izatea da.

Egutegia ez dute alde izango. Olympiakosen eta Bartzelonaren aurka jokatuko dute Euroligan, eta Obradoiroren eta Valentziaren kontra ACB ligan. Ivanovici ezin zaio eskatu miraririk; esku artean dagoena du, Joan PeƱarroyak zuen bera, eta Chiozza. Baina estatubatuarrak ezin izan du askorik erakutsi; egokitzen ari da. Besteren bat ere helduko delakoan nago. Zerbait gehiago behar du Ivanovicek.

Burua hotz. Bilbo Basket, beste asko bezala, ari da kontuak egiten. Lehen hiru jardunaldietan garaipena eskuratu ostean, gora begira zegoen behera baino gehiago. Kopa zuen helburu edo amets. Baina, horretarako, hobeto aritu behar du. Azkenean, espero ez diren garaipen horiek ezartzen dute aldea. Gainera, Koparako sailkatzeko ez dituzte bakarrik kontuan hartuko irabazitako eta galdutako neurketak; erabakigarria da puntu aldea. Horregatik, Bilbo Basketek beste zerbait behar du. Zaragozan irabazteak mesede egingo zion, baina eskuetatik egin zion esku artean zuten garaipenak. Baina bilbotarrak ez dira itsutu behar. Europa kopako lehen postua ia ziurtatua izateak lagun diezaieke ligan indar handiagoa jartzeko.

Emakumezkoetan, buruari bueltak emateko astia da, baita kontuak egiteko ere. Araskik, adibidez, garrantzitsuena egin du: lehen garaipena lortu du. Ez da gutxi. Urrea balio du selekzioen geldialdia baino lehen. Bestela, luzea egingo zitzaion. Bestelako gorputzaldi batekin ekingo dio ligari.

IDK eta Gernika, berriz, Koparako kontuak egiten ari dira. Biek irabazi dituzte lau partida, eta bi galdu. Bizkaitarrentzat mingarria izan zen Bartzelonaren aurka galtzea. Etxean irabazi beharreko partida zen. Gipuzkoarrek, berriz, selekzioen etenaren ostean izango dituzte bi partida zuzen, biak etxean: Estudiantesen eta Jairisen kontra. Gertu daude, baina emaitza onak behar dituzte. Burua hotz izan behar dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.