ANALISIA. NBA LIGAREN HASIERA

Chapu, Hendaiatik Santa Grazira

Andoni Urbistondo.
2004ko azaroaren 2a
00:00
Entzun
NBAk xarma galdu du. Adinak gora egitearen eragina izango da, akaso, edo urtez urteko ikuskizunak berrikuntza gutxi duela. Michael Jordan, Larry Bird, Magic Johnson eta enparauen garaian, bai, ikuskizuna eta gaupasa luzeak, kirol egunkariak, Internet eta solasaldi luzeak NBAren inguruan. Egun, ez hainbeste. Zergatia? Jordan, Bird eta Magic aspaldi irabazitako dirutza xahutzen ederki asko bizi direlako, urteen joan-etorrian taldeek aldaketa asko dituztelako, eta norberaren talde kuttunenak ezin direlako goi-goian egon beti. Lakers goian egon zen, baina behean ere bai. Boston Celtics eta Chicago Bulls ere bai, eta Utah Jazz ere bai, lerroon egilearen zoritxarrerako.

Beroa izan da uda, aldaketa asko eta garrantzitsuak egon dira, NBA sei dibisiotan banatu dute, eta faboritoen analisia asko aldatu da urte batetik bestera. Zer irakurri, ikasi, aztertu bada. Beti punta-puntan egon diren taldeak gain behera doaz, Detroit salbu. Lakers ez da eraztuna lortzeko borrokan sartuko, Boston ere ez, Chicago ere ez, eta hori ona da. San Antonio eta Detroit dira bi hautagai nagusiak, ikusleon ikuskizun grinaren zoritxarrerako. 80-85 puntuko jokoa egiten dute bi talde horiek, defentsa lehenesten dute erasoaren aurretik eta ikuskizun eskasa eman.Bi talde horiek goian egoteko eskubidea dute, baina beste talde batzuek agertzeko itxaropena ere bizirik mantenduko dugu: Minnesotak, adibidez, gainditzeko duen koska gainditzen badu. Edo Denverreko jokalarien gaztetasunak dakarren fantasia, edo O'Nealek Miamin hartuko dituen betekadak, berdin-berdin txikituko baitu aurrean jartzen zaiona, Los Angelesen izan,Miamin izan.Eta eskatzen jarrita, Chicago Bulls taldeko zale egingo gara. Han jokatuko baitu Argentinako euskaldunak, Chapu Nocionik, Euskal Herriko zaleen begiei gozatu handiak eman dizkien hegaleko ikusgarriak. Kantxan erakutsiko duenagatik, eta kantxatik kanpo esango dituenagatik.Eta eskatzen jarrita, mirari bat eskatuko dugu. Espainiako Telebista kateek, eta Euskal Telebistak, NBArekin akordioa lortzea eta partidetako irudiak eskaintzea, laburpen laburrak badira ere. Interneteko goizaldeko informazioarekin erotu egingo garelako, bestela. Telebistako teletestuko emaitzen sinpletasunak ez gaituelako asebeteko eta prentsako informazioa partida jokatu eta 36 ordura jasoko dugulako.Ipar Euskal Herrian zorteko dira. Bizkaiko, Arabako, Gipuzkoako eta Nafarroako zaleok Hendaiara egin beharko ditugu txangoak, edo Baigorrira, edo Santa Grazira. Han NBA ikusteko aukera izango dute, Nocioni ere bai. Ordainduta bada ere.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.