Xabier Usabiaga.
Txirrindularitza. Euskaltel-Euskadiren agurra. Analisia

Damutu behar zaigu ederki

2013ko abuztuaren 21a
00:00
Entzun
Arantzazuko Amaren bedeinkazioak ez du krisia gainditzeko balio, ia fede hutsarekin sortutako egitasmoa krisiak lurperatu baitu. Han, Urbiko haitzpean jaio zen 1993ko abenduan azken 20 urteetan euskal ziklismoaren ordezkaritza munduan zabaldu duen taldea. Bidean, hasieran, batik bat, hamaika oztopo eta arazo gainditu behar izan zituzten, txirrindulariek errepidean, eta bulegoetan arduradunek. Miguel Madariagak lorik gabeko hamaika gau pasatu behar izan zituen proiektuari jarraipena emateko, eta berak bakarrik jakingo du zein martingala eta trikimailu erabili zituen bideragarritasuna lortzeko, baina sortzen zen arazoari tamaina bereko irtenbidea emanez lortu egin zuen, eta izugarrizko meritua du Madariagak urteetan egin duen lanak. Euskal ziklismoari egindako ekarpena handia izan da, eta hori onartu egin behar zaio.

Euskaltelek, batez ere, profesional izateko aukera erraztu die euskal gazteei, afizionatu mailatik profesionaletara dagoen inbutuari lepoa zabaldu zion. Berau sortu aurretik, 1980ko hamarkadako lehen urtetan, miraria zen hogeita hamar euskal profesional topatzea, baina Euskadi Fundazioa sortzearekin batera, 45era igo zen kopurua, eta 70 ere baziren 2000ko hamarkada hasieran, gaur egungo sasiprofesional egiturarik gabe, gainera. Horrez gain, euskal ziklismoaren ordezkari ofiziala bihurtu zen mundu zabalean, eta euskal aberriaren aipuak sarriago egiten zituzten nazioartean lorpen ez ugari baina bai garrantzitsuei esker.Jakina, izan baziren euskal txirrindulariak beste taldeetan ere, eta irabazten zuten han eta hemen, baina euskaltasuna Euskaltelgoei egozten zieten batez ere atzerriko komunikabideek, jakin bai baizekiten kirol esparrutik haratago zihoan esanahiak zituela taldeak, herri baten sentimentu eta aldarrikapenak biltzen zituela hein batean.

Taldeak beste ekarpen bat ere egin dio ziklismoari; talde sentimentua ernatu zuen, aitzindaria izan da horretan. Ziklismo zaleak ez dira inoiz talde batekoak edo besteakoak izan, normalean izen jakin bati atxikitzen zaizkio zaleak, txapeldunak normalean. Loroñok eta Bahamontesek jendetza eramaten zuten Frantziako menditzarretara, Merckxek edozein zutitu arazten zuen, Hinaultek edonor txunditu eta Indurainek harritu, baina marea laranja ez zuten holandarrek ere sortu, Euskaltel zaleek baizik. Izugarria, ez sinestekoa izan da taldeak eragin duen talde sentimentua, bakarra eta aitzindaria.

Arestian aipatutako guztia krisiak eraman du aurrean ,batere gupidarik gabe. Taldeak bi diru iturri izan ditu urteetan, enpresarena eta diru publikoa, eta batek huts egitea nahikoa izan da dena pikutara joateko. Beste sostengurik ezean, horixe da txirrindularitzaren patua.

Jaurlaritzaren iturria itxi egin da, baina ez dago ezer leporatzeko. Franko egin du urteetan egitasmoa hauspotzen, nire ustez kirol profesionalak finantzaketa propioa behar baitu eta diru publikoa salbuespen eta baldintza jakin batzuetan soilik. Baldintza horiek betetzen zituen Euskaltelek, eta jaso izan du berea; nire ustez, egokitzen zitzaiona eta gehiago ere bai, baina egun gizartea dagoen bezala egonik iturria itxi beste irtenbiderik ez da etorri. Jende asko gutxiren premian dagoenean ezinezkoa da gutxi batzuek asko izatea.

«Euskaltelek jar zezakeen diru gehiago», esango du batek baino gehiagok, eta nik ez dakit jar zezakeen edo ez, baina jakin badakit esparru mugatua duela bere merkatua zabaltzeko eta arazo politikoak tarteko Nafarroan bertan ere ezin duela bere sarea hedatu. Horrenbestez, enpresaren diru etorriak ere ez dira denetarako heltzen, eta dirudienez taldean desegingo diren lanpostuen halako sei galtzeko arriskua dago enpresan bertan. Zirrikiturik gabeko atakan dago, beraz.

Honek guztiak ekarriko dituen ondorioak aurreikusteko ez da oso bizkorra izan behar; euskal gazteek egun gorri izango dute profesionalatera pasatzeko. Euskaltel sortu aurretik, Espainia zen euskal ziklisten irteera nagusia, baina orduan (1991an) 11 talde ziren Espainian; 2014an, bi baino ez dira izango (Movistar eta Burgos) eta bakarra Euskal Herrian (Caja Rural-RGA). 1990eko hamarkadan Portugalera ere euskal txirrindulari asko joan zen, baina hango ugaritasunak ere asentatu dira, eta World Tourreko talde handiek nonahi dute aukeratzeko, azken 20 urteetan Australia, Britania Handia eta Estatu Batuetako harrobiak ere asko hazi baitira. Beraz, profesionaletara, batez ere World Tourrera pasatuko den euskal ziklistak maila eta palmares handiak beharko ditu, bestela jai izango du, eta profesionaletarako balio lezakeen norbait bidean gelditu daiteke. Joseba Beloki, adibide bakar bat jartze aldera, ez zen inoiz profesionala izango Euskaltelik izan ez balitz, eta, pentsa, Frantziako Tourrean hirutan eta Espainiako Vueltan behin izan zen podiumean, besteak beste. Damutu behar zaigu ederki horrelako aukera paregaberik ez izatea.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.