Ofiziala da. Amaitu da uda. Agur denok buruan dugun oporraldiari; baina ni, behintzat, errutinari muzin egiten ez dion horietakoa naiz. Batzuetan eskertu egiten dut. Eskertzen ez dudanean, beti dago saskibaloia ihesbide gisa. Saskibaloia ere ofizialki hasiko da, dena itzultzen baita.
Tokikotasuna
Hurbilenekotik hastea da onena: Euskal Kopatik. Egiari zor, batzuek hasiak dira. Emakumezkoetan, Iraurgik irabazi du Bigarren Mailako Euskal Kopa. Galdakoan jokatu zen finala. Lehen Mailakoa, berriz, etzi hasiko da. Bilbo Basketek eta Baskoniak Barakaldoko Lasesarre kiroldegian (Bizkaia) neurtuko dituzte indarrak, 19:30ean. Halako neurketetan zer gerta daitekeen aurreikustea zaila da. Taldeak denboraldiaurrean daude oraindik, eta, aldi berean, garaikurra dute jokoan.
Akaso, gasteiztarrek dute erakusteko gehiago. Orain arteko lagunarteko guztiak galdu dituzte —Gipuzkoa Basketen aurkako partidaren emaitza ez zuten eman—. Paolo Galbiatiren aroa ez da bide onenetik hasi. Europako Txapelketan aritutako jokalariek hasi berri dute prestakuntza. Horrek ez du lagundu. Markus Howardek eta Tadas Sedekerkisek, adibidez, oraindik ez dute minuturik jokatu. Joko antolatzailea, behintzat, iritsi da: Markquis Nowell. Denbora zeramaten horren zain, baina zalantza bat dago: barneko jokoan ez ote den zerbait gehiago falta. Galbiatiren asmoa bizi eta arin jokatzea bada, errebote barik ez dago korrika egiterik. Lehenengo ibiltzen ikasi behar da, korrika egin aurretik. Hain zuzen ere, lehen pausoak ematen ari da gorenean Stefan Joksimovic, harrobiko jokalaria. Oso ondo ari da, gainera.
Bilbo Basket Europako Txapelketan zituen jokalariak itzuli ahala joan da osatzen eta gorpuzten. Horiek ere harrobiko jokalariak erabili dituzte denboraldiaurrean. Bizkaitarrek taldea osatu dute sortu berri den 22 urtez azpiko txapelketan aritzeko; Baskoniak, berriz, ez. Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak bost lagunarteko partida jokatu ditu denboraldiaurrean. Horietatik bost irabazi dituzte, eta bi galdu. Ponsarnauk aurreko denboraldiko taldearen bizkarrezurrari eustea lortu du. Horien artean bi jokalari azpimarratu behar dira: Melwin Pantzar eta Tryggvi Hlinason. Baina iritsi berri den jokalari bat izan da denboraldiaurrean gehien nabarmendu den jokalaria: Justin Jaworski. Saskiratzaile petoa da estatubatuarra. Aurreko denboraldia hori falta izan zitzaien bilbotarrei.
Kasualitatea ote?
Etzi, ordu berean, Durangoko Landako kiroldegian hasiko da emakumezkoen Euskal Kopa. Ohi bezala, ordu eta egun berean jokatzeak berdinei egiten die kalte: emakumezkoei. Aurreko aldietan gertatu bezala, txapelketa hiru egunetan jokatuko da. Etzi, 19:30ean, Araskik eta IDK-k neurtuko dituzte indarrak; ostiralean Gernikak eta IDK-k (19:30); eta igandean, Araskik eta Gernikak (12:00). Emakumezkoek urriaren 4an hasiko dute liga; beraz prestatzaileek gauzak probatzeko azken aukera izango dute. Iaz Gernika gailendu zen, baina kasu honetan ere zaila izaten da aurreikuspenak egitea. Fitxaketa asko egin dituzte hiru taldeek, eta denbora behar dute egokitzeko. Gernikarrek, gainera, Eurokoparako sailkatzeko atariko kanporaketako itzuliko partida jokatuko dute bihar, 20:30ean. Ondo bideratua dute sailkapena, joanekoan 57-90 irabazi baitzuten Grezian, PAS Gianninaren kontra.
Kataluniako Koparen finalak asteburuan jokatu zituzten, eta bada zer alderatu. Egoitza bakarrean jokatu zuten, Tarragonan, eta finala bata bestearen atzetik. Dena den, hor ere eztabaida izan da. Izan ere, gizonezkoek jokaldiak berrikusteko sistema erabili ahal izan dute; emakumezkoek, berriz, ez.
Ligaren atariko, bestalde, Espainiako Superkopa jokatuko da asteburuan. Emakumezkoena, Huescan, eta gizonezkoena, Malagan. Oraingo honetan ez da euskal talderik izango. Emakumezkoen finalerdiak hauek izango dira: Perfumerias Avenida-Valentzia Basket eta Zaragoza-Jairis; gizonezkoetan, berriz, hauek: Unicaja-Valentzia eta Real Madril-Tenerife. Ibon Nabarrok zuzentzen du Unicaja, eta hauspotuta iritsiko dira. Bigarren urtez jarraian Kontinenteen arteko Kopa irabazi dute. Nabarrok zazpi garaikur irabazi ditu lau urtean. Iritsi zenean klubak lau titulu zituen garaipen zerrendan.