mikel reina
HIRUKOTIK

Denbora kontua

2023ko urriaren 25a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Erabaki bat ziurtasunez hartzen ez denean, beti dago konfiantza falta bat. Erabatekoa izan behar du, ordea, erabaki handiak eta garrantzitsuak diren kasuetan. Denbora hartu beharra dago; bestela, handik denbora gutxira hartu behar izaten da beste bat.

Kasualitatea. Hori gertatu zaio Joan Peñarroyari Baskonian. Udan, zalantza askorekin luzatu zioten beste urte baterako kontratua. Denbora asko pasatu zen ofizial egin arte, Buesa Arenako bulegoetan izan ziren zalantzen seinale. Argi zegoen bakarra zen entrenatzaileak berme gutxi izango zuela denboraldi honetan, emaitza txarren bat edo beste etortzerakoan bere izena mahai gainean jarriko zutela.

Hori pasatu da. Orain arte ACBko emaitzak izan ditu lagun. Iragan denboraldiko joko distiratsutik urrun, baina emaitzak lortu ditu. Hori bai, egiari zor, egutegi nahiko erosoa izan dute lehen jardunaldietan. Gainera, etxetik kanpo izan dira horietako gehienak, eta denok dakigu sentsazioak ez direla berak telebistan ikusterakoan edo zuzenean. Buesa Arena saskibaloi plaza da, eta arduradunek taldearen irudiari eta transmititzen dituen sentsazioei garrantzi handia ematen diete. Dena ez direlako emaitzak. Iragan astea bereziki erabakigarria zen Gasteizen. Hiru partida, hirurak etxean, hirurak aurkari zuzenean aurka: hiru porrot. Gainera, minutu gehienetan ezintasun puntu batekin, nahi eta ezina.

Baina Peñarroyak izango ote du erru guztia? Ezta gutxiago ere. Taldea oraindik egiteke dago. Entrenatzaileak berak aitortu zuen Unicajaren aurka galdu osteko prentsaurrekoan: «Taldea berde dago, eraikitzen». Saskibaloia aurrera doa, jokalariek denetarik egiten dute, baina aldatu ez dena joko antolatzaile edo sortzaile horren beharra da. Zutabeak. Baskoniak ez du ordenarik, ez du oinarririk. NBAko frankiziak hasi dira jokalariak kaleratzen. Horren zain egon dira arabarrak. Badago zer hartu, baina, agian, baten batentzat beranduegi izan daiteke. Merkatu berri bat zabaldu da, eta askok egingo dute arrantzan. Arrainik handiena hartu baino gehiago, gozoena, mamitsuena, hartu behar du Baskoniak. Behar duena, zuloa agerikoa baita.

Kausalitatea. Aurretik, gaur bertan, ordu berean jokatuko dute Europan Lointek Gernikak eta Bilbo Basketek: 20:00etan. GernikarrekZaglebie Sosnowiec hartuko dute, eta bilbotarrek CSU Sibiu. Futbolarekin beti kexu gara saskibaloiarekin kointziditzen duenean, baina gaurkoa ere aztertu beharrekoa da. Bi partida 40 kilometro eskasera, eta ordu berean. Albiste ona bai, baina aldi berean biei onik egiten ez diena. Kaltetuenak, akaso, betikoak izango dira. Ordutegiak zaleak banatuko ditu, asko bi taldeetakoak baitira, ez bakarrik kantxan bertan, baita emanaldietan ere. Kausalitatea.

Gernikarrentzat partida oso garrantzitsua da. Israelgo Ramat Hasharon Eurokopatik kanpo geratu eta gero, bigarren eta azken partida izango dute Malosten.Hamabi multzoetako zortzi hirugarren sailkaturik onenek egingo dute aurrera hurrengo fasera. Alde horretatik, gutxienez hirugarren izan daitezke bizkaitarrak. Baina Gernikarenean ez ezik, gainontzeko multzoetan ere lehenengo hiru sailkatuen arteko emaitzak hartuko dituzte kontuan azken sailkapenerako. Gainera, ustezko aurkari zuzenaren aurka jokatuko dute gaur: Zaglebie Sosnowiec. Valentziaren aurkako garaipen gogoangarriak ekarritako konfiantza bolada hori baliatu nahiko dute Lucas Fernandezen jokalariek poloniarrei aurre egiteko. Garaipena ez ezik, puntuen aldea ere garrantzitsua izan daiteke.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.