Ane Santesteban.
Emakumeen Bira. SEKRETURIK GABE

Detaileak zaintzeko eguna

2019ko maiatzaren 23a
00:00
Entzun
Hasi da Emakumeen Bira, etxeko lasterketa. Bero handiarekin ekin dio, eta horregatik, halako egunetan garrantzitsuena ondo edatea eta jatea da, deshidratazio arazorik ez edukitzeko. 25 gradu izatera iritsi gara. Gainera, itxuraz, etapa Birako arinena zen. Beraz, beste helburua inolako bestelako gorabeherarik ez edukitzea zen. Eta zorionez, lortu dugu.

Nik ondo ikusi dut neure burua. Durango-Durango klasikoan bezala, ez dut izan bizkarreko minik, eta etxekoen eta zaleen hauspoarekin indartsu sentitu naiz. Hori dela eta, eguneko bi esprint berezietan sartzea erabaki dut. Lehenengoan, garbi ikusi dut, eta bigarrenean autotik esan didate bost kilometro falta zirela esprinterako, eta indarrez ikusten nuenez neure burua, taldekide bati esan diot sartzeko asmoa nuela, eta laguntzeko. Hala, segundo banako gainsaria lortu dut. Halakoak beti dira garrantzitsuak sailkapen nagusiari begira.

Espero bezala, esprintean erabaki da etapa, eta D'Hoorek erraz irabazi du. Baina batez ere, Mitchelton taldeak egindako lana nabarmenduko nuke. Amanda [Spratt] eta Annemiek[Van Vleuten] oso indartsu ikusi ditut, faborito nagusiak direla berretsiz. Baten batek pentsa lezake ordaindu egin dezaketela egin duten ahalegina, baina uste dut ezetz. Talde sendoa dute.

Gainontzean, lehen egunetik eskertu behar dut zaleek emandako babesa, eta batez ere, etxekoak alboan izatea. Badut eskarmentua Bira korritzen, eta lasterketa hasi aurretik lasai samar egon naiz. Baina behin haiek ikusita, tximeleta batzuk sortzen zaizkizu, aukera gutxi izaten baitut haien aurrean korritzeko. Gaur ere Adunan izango dira. Zalerik leialenak dira.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.