Danel Agirre.
SASKI DA!

Doako gramatika ikastaroak

2019ko azaroaren 05a
00:00
Entzun
Guztiok, inork ez. Kirol kluben zaleen azkenaldiko eraldaketa garai pozoituon isla da: animoekin gero eta zekenagoak dira jarraitzaileak, eta kritikari emanda aste osoa igaro dezakete sare sozialetan. Talde kutunaren emariari punta ateratzea ez da bekatu, esan gabe doa. Zaletasun frustragarri eta errepikakor bilaka liteke, ordea, bizkor. «Ez dugu piperrik jokatzen» edo «jokalariak ideiarik gabe daude» modukoen formulazio baliokideak segituan agortzen dira, eta benetako sakontasun bila doanak ez die zuku handirik atera ahal eztabaidei. Jakintzaren arlo gehienetan gertatu ohi da: guztiok dakigu saskibaloiaz, arau eta eszenaratze nahiko sinpleak dituen jarduera den heinean. Baina inork ez daki askorik saskibaloiaz, ñabardura zenbaezinak eta eboluzio etengabea direla medio: Zeljko Obradovic bat ere desorienta dezake joko honek, asteotan egiaztatu ahal izan denez.

Inoiz baino errazago. Herriko taldean jokatu izanak ez du inor analista jantzi bilakatzen, txikitatik milaka partida irentsi izanak ere ez, ezta Supermanagerrean astero 200 puntu pilatzeak sikiera ere. Hizkuntzen moduan, saskibaloiaren C2ra iristeko gramatika propio bat menderatu beharra dago. Euroligaz eta NBAz gozatzeko ez dago double drag, zipper edo flare blokeo motak zein helbururekin erabili ohi diren jakin beharrik, noski. Baina «Perasovicen erasoko sistemak pobreegiak dira» papagai baten moduan errepikatzea apur bat sinplista da. Trebatu nahi duen zaleak, hau da albisterik onena, baliabide andana du egun, eskuragarri. Jokoari buruz modu atseginean ikasteko garai aproposenean bizi gara.

Familiari mezua. Tradizioz, irrati eta telebista jeneralistetako esatari eta analistek ez diote kantxa handirik eman izan dibulgazioari. Horretarako prestakuntzarik ez duten kazetari hutsak direlako, ziur asko. Edonork ikus ditzakeen azaleko kontuetan arreta ipini, eta estatistikekin eta hain ohikoa den epika hanpatuarekin biribildu izan dituzte emanaldiak. Emisio eskubideen salerosketak eragindako atomizazioak, ordea, panorama aberatsagoa ekarri du. Euskal taldeek jokatu ohi dituzten lehiaketetan, esaterako, udatik Dazn plataforman ari den Piti Hurtadoren argibideak zinez dira konpainia noblea. Eliteko entrenatzailea izateaz gain, bere jakintza partekatzea pasiotzat du Hurtadok. Zuzenean ari ez denean, bere blogean edo sare sozialetan. Igandeko Baskoniaren eta Real Madrilen artekoa amaitu eta gutxira, azken jabetza erabakigarria modu ulerterrazean xehatu zien sare sozialetako bere jarraitzaileei (Velimir Perasovicek kosk egin zezan Pablo Lasok ipinitako amua barne). Saski Da!-k ez daki etxekoek zutabe hau irakurtzen dioten, baina argitaratu berri duen Pitipedia liburua baino Gabonetako opari hobeagorik nekez egingo dio inork, bidenabar.

Jarrai ezazu. Gaur bertan. Gezurra badirudi ere, Twitter da egun, saskibaloiaz ikasteko tokirik egokiena, pantaila-irudiak grabatu, grafikoak prestatu eta ordainik gabe partekatzen dituzten heroiei esker. Kapa jantzita txiokatzen dutenetako bat Ander Isuskiza Baskeroseno da. X eta O-en (horiekin marraztu ohi dira diagramak) uzta egunero bildu ohi du Europan eta NBAn. Bere ekarpenik baliotsuena da, baina taktikaz gain, teknika eta estatistika aurreratua ere lantzen ditu

—gazteleraz guztiak—. Baskerosenoren bilduman Perasovicen erasoko sistema oso landuak ageri dira, bidenabar. Banakako saiakera egin dezaten bere jokalari onenen eskuetan baloia sarri ipintzeak ez du frogatzen, inola ere, kroaziarrak erasoko eskemak marraztu eta entseatzen orduak ematen ez dituenik (hori bai, bere Baskoniaren partida batzuk dentistari egin beharreko bisita bezain kitzikagarriak dira).

Ez dira guztiak. Twitterreko saskibaloiko taktikei buruzko erabiltzailerik oparoenak ingelesez ari dira: PascalMeurs, Halfcourthoops, BballImmersion, TheHiveScouting... Askoz gehiago daude. Ea hain eskuzabalak izateaz aspertzen ez diren.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.