Urtero bezala, iritsi da Eusko Label eta Euskotren ligetako traineruak udako denboraldian lehen aldiz Galizian elkartzeko asteburua, Euskal Herriko traineruek egutegian gorriz markatuta edukitzen dituzten asteburu horietako bat. Zazpiehun kilometro baino gehiagoko bidaia egin, bi estropada jokatu, eta beste hainbesteko bidaia etxera itzultzeko, uretako lanak egin ostean. Santurtziko furgonetan ginela gai hori atera zen, baina ziur euskal talde guztietan ere hitz egin dela horretaz noizbait. Galiziako talde guztiek tamaina horretako bidaiak egiten dituzte asteburuero, eta badirudi ez garela ohartzen zer-nolako esfortzua egiten duten euskal uretan lehiatzeko, guk bidaia bera egin behar dugun arte. Arraunean, non kirolak ez digun bizitzeko adina ematen, udako asteburu ia denak etxetik kanpo pasatu behar izateak duen meritua aipagarria da. Bi asteburu Galizian, eta gainontzekoak Kantabrian edo euskal kostan. Ez da bidaia bakarrik —gutxi izango balitz bezala—, baita etxetik kanpo lo egitea eta familiatik urrun egotea ere. Arrauna tradizioa da Galizian, bigarren mailako traineruen liga propioa dute, eta historikoki presente egon diren taldeak, distantziak dakarren esfortzuari aurre eginez.
Askotan emaitzek bakarrik hartzen dute protagonismoa, baina estropada bakoitzaren atzean badago ikusten ez den ahalegin handi bat. Kilometroak, orduak eta sakrifizio pertsonalak ere lehiaren parte dira, nahiz eta sailkapenetan ez agertu. Horregatik, merezitako aitortza da hau Galiziatik asteburuero euskal uretara etortzen diren arraunlari guztientzat. Bejondeiela.
Branka olaturantz
Ehunka kilometrora
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu