HARMAILATIK AULKIRA

Eraso azkarrak arrakasta

Nerea Zusberro Alberro.
2023ko abuztuaren 10a
00:00
Entzun
AEBen kanporatzeak agerian utzi du emakumezkoen futbolaren bilakaera taktikoa Munduko Kopa honetan. Ez du balio banaka onenak izateak, sinergia kolektiborik ez badago. Ingalaterraren kasuan, penaltietan sailkatu zen. Zer izan dute komunean? Defentsa bloke trinko batean sendo dagoen talde bati eraso egiteko ezintasuna.

Hoberen moldatzen ari diren selekzioak eraso azkarrak sortzeko gai direnak dira. Eraso azkarra amaiera-gunera iristeko lauzpabost pase baino behar ez dituen posizio-eraso gisa ulertu behar da. Adibide onenak Herbehereak eta Japonia dira.

Bi selekzioek badituzte alderdi komun batzuk. Hiru erdiko atzelarien sistema erabiltzen dute, eta haien hegaleko atzelariak oso erasokorrak dira. Brugts herbeheretarra eta Shimizu japoniarra dira aipagarrienak. Horrek bermatzen die baloi irteera jokalari kopuru aldetik nagusi direla egitea, baita alboetatik talde sakonak izatea ere. Horretarako funtsezkoak dira Van de Donkek eta Miyazawak barrutik kanpora egiten dituzten mugimenduak. Gainera, baloia motzean ateratzeko edo joko zuzena bilatzeko gai dira biak.

Alderik handiena, ordea, euskarri bikoitzaren portaeran dago. Herbehereen kasuan, Groenen eta Roord asko hurbiltzen dira erdiko atzelariengana, aurkarien markak erakartzeko. Hala, erdilarien bizkarrean espazioa sortzen dute. Hasegawa eta Nagano japoniarrak, ordea, erdiko atzelariengandik urrun kokatzen dira, aurkariaren jokalariak barrutik finkatzeko. Horrela atzeko hegalekoen pasea errazten dute.

Bi selekzioen erdiko atzelariek lasai mugitzen dute baloia, eta zuloa aurkitzen dutenean eraso azkarrari ekiten diote. Espainia eta Suedia zain dituzte jada.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.