Arrauna. IRITZIA

Eredu eta gidari

Leire Garate, 'Andra'
2023ko irailaren 27a
00:00
Entzun
Emakumezkoen arraunean erreferentea zein den galdetzen badidate, zure izena erantzungo dut beti: Nadeth! Duela hamahiru urte hasi zineten emakumeen trainerua uretaratzeko proiektuarekin lanean. Handik bi urtera ezagutu zintudan, eta ordutik arrauneko kidea izateaz gain, lehorreko laguna ere bihurtu zara.

Asko miresten dut urte hauetan guztietan arraunarekiko erakutsi duzun konpromisoa, herriarengatik eman duzun guztia. Zurekin traineru berean egon garen guztiok jaso dugu zuk transmititutako sentimendua, energia positiboa eta diziplina. Lehen urteak ez ziren errazak izan, gutxi batzuek sinesten zuten proiektuan, baina zuk ez diozu inoiz amets egiteari utzi, eta lan horren emaitzak izan dira lortu ditugun hiru Euskotren ligak eta Kontxako hiru banderak.

Esker hitzak besterik ez ditut. Hasieratik besoak zabalik hartu ninduzuen. Etxean bezala sentiarazi nauzue, eta oriotar bat gehiago bihurtu naiz. Kolore horia barruan daramat. Izan ere, gidari handia zara traineru barruan zein kanpoan. Ez zara inoiz patroi hutsa izan, irribarre handi batekin eta bihotz horiarekin egin duzu beti lan, eta horrela lortu duzu traineru guztia noranzko berean gidatu eta bakoitzari bere onena ateratzea.

Herria harro egongo da zu bezalako norbait izan delako emakumeen traineruaren gidari. Zu zeu ere harro egon zaitezke egin duzun ibilbidearekin.

Orain arraun luzea alde batera uzteko unea heldu zaizu eta bide berriari ekingo diozu, lekukoa emanaz atzetik datozenei.

Betiko ohiturei jarraitzeko, kafe tertulia eta opor txikietan elkartuko gara hainbeste maite dugun traineru horiaren uberaren itzalean.

Bizitzaren traineruan ez zara inoiz bakarrik joango.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.