Felixen ezbeharretik hilabete pare batera, telefonoak jo zuen Alberto Iñurrategiren etxean. Rustam Ali zen, Hushe ibarreko laguna, espedizio askotan bi anaiekin ibilitakoa. Hitz gutxikoa da Rustam Ali, eta harritu egin zen Alberto.
—Hara, Rustam, hau duk ezustekoa!
—Alberto zara... zer moduz?
—Zer esango diat ba... Zer duk, Rustam? Premiazko zerbait behar dik hik telefonoz deitzeko...
—Bai, hala da. Zera... nola esan... Machuluko mendi eskolari Felixen izena jartzea pentsatu dugu, eta... zure onespena nahi genuen. Your OK?
Huraxe izan zen Felix Iñurrategi Baltistan Fundazioaren ernamuina. Huraxe izotz ondoko eguzkiaren lehen printzetako bat. Izan ere, fundazioaren aurrekaria izan zen mendi eskola hura. Hushe ibarreko bertako biztanleek beraiek 1997an jarri zuten martxan Green Machulu Mountain School eskola, hango altuerako zama eramaileak trebatzeko, mendian segurtasun handiagoz aritu zitezen. 1999an, Nanga Parbaten kolonbiar bat erreskatatu zuten Felix eta Alberto Iñurrategik, Jon Lazkanok eta Jose Carlos Tamayok, eta erreskate harengatik gizatasunaren saria eman zien Gipuzkoako Foru Aldundiak. «Gerard eta Rustam Ali ere gurekin aritu ziren Nanga Parbateko erreskatean, beren bizia arriskatuta, eta ez genuen zalantza izpirik izan: Machuluko eskola materialez eta baliabidez apur bat duintzeko erabili genuen diru hura», jakinarazi izan du Albertok.
«Ikastaroetan, haiek sortutako mendi eskola sendotzea izan zen asmoa, oinarrizko ezaguerak ematea mendian seguruago ibil zitezen, baina hazia Husheko biztanleek berek erein zuten»
ALVARO ORTIZ 'TASIO'Eskalatzailea
Eskola hura izan zen, gerora, fundazioaren ernamuina. Hushe ibarreko bertako biztanleen ekimenez, mendi eskolari Felixen izena eman zioten, eta hastapen haietan zama eramaileen lana duintzea eta seguruagoa egitea izan zen helburua. Lehen urte haietan, Adolfo Madinabeitia eta Alvaro Ortiz Tasio (Bilbo, 1970) hainbat negutan joan ziren Hushera, hango jendea mendian trebatzera. Tasio bi negutan jarraian joan zen Baltistanera, ikastaroak ematera. «Ordurako adiskidetasun handia nuen Machuluko jendearekin, baina negu haietan, ikastaroak ematera joan nintzenean, are gehiago hurbildu nintzen haien eguneroko bizimodura. Neguan, bizimodua gogorra da han. Ikastaroetan, berriz, asmoa izan zen haiek sortutako mendi eskola sendotzea, oinarrizko ezaguerak ematea mendian seguruago ibil zitezen, baina hazia Husheko biztanleek beraiek erein zuten. Material asko ere eraman genuen: kranpoiak, pioletak, sokak, botak...».
Gaur egun, Nepaleko agentziak eta Nepaleko xerpak dira jaun eta jabe Karakorumeko mendietan ere, K2, Broad Peak eta Gasherbrum I eta II zortzimilakoetan batez ere. Mendiak ustiategi bihurtuta, kanpotarrak ari dira urre gorria ateratzen, eta ez etxekoak. Tasio bera, Jon Lazkano eta beste hainbat penatzen ditu horrek. «Baltistanekoa beste kultura bat da, ez dira xerpak bezala mendirako bizi, ibarreko jendea da, eta zenbaitetan, zaila da altuerako langileak eta mendirako turismorako azpiegitura sendoak bertan topatzea. Zera kulturala ere bada», adierazi du Tasiok.

Jon Manzisidor (Bilbo, 1950) hasieratik izan da fundazioko bazkide, 2001ean eratu zenetik, eta erretiroa hartutakoan hasi zen patronatuan lanean. «Niretzat, bi anaiek eta beste hainbatek —Jon Lazkanok, Juanjo San Sebastianek, Tasiok, Jose Carlos Tamayok...— zuten begirada hori da Fundazioaren oinarria: kirol ikuspegiaz harago, igarotzen ziren lekuetako jendearekiko betidanik agertu izan zuten kezka, espedizioetako anonimo horiekiko begirunea. Fundazioa ez da izan Felixen pertsonaren gurtza; askoz haragoko proiektua izan da», nabarmendu du.
«Niretzat hori izan da ikasketarik garrantzitsuena: jasotzen duenak eduki behar duela erabakien, proiektuen eta estrategien lema, eta ez ematen duenak»
JON MANZISIDORBaltistan Fundazioko kidea
Hezkuntzan ere «kosta egin zen hesi kultural hori gainditzea, ikusaraztea neskek ere eskolara joan behar zutela, horretarako eskubidea zutela», azaldu du Jose Manuel Ruizek (La Serna de Iguña, Kantabria, Espainia, 1949). Baltistan Fundazioan, hezkuntzaren arloaz arduratu da Ruiz hasieratik. Sei-zortzi laguneko lantalde bat osatuta hara joatea eta diagnostiko bat egitea izan zen aurreneko lana, 2006an. «Ibarrean zeuden gobernuko eskolak erabat utziak zeuden. Noski, ikasle guztiak mutikoak ziren, ez zegoen neskarik. Neskak etxean eta soroan amari laguntzeko zeuden. Mentalitatea itxiagoa zen hasi ginenean», oroitu du Ruizek. 2006an, eskolatze tasa %48koa zen 3 eta 15 urte bitarteko haurren artean, eta nesken kasuan ez zen %30era iristen.
Urte osoko heziketa neskentzat
Egoera zein zen jakinda, ibarreko herri nagusian lanari ekin zioten, Machuluko Munawar eskolan. «Hortik abiatuta, gainerako herrietan ere eskola bana sortzea izan zen gure konpromisoa, irakasle prestatuak kontratatzea, eta, noski, horretarako dirua behar zen. Horrela sortu genuen bonuen sistema, 50 euroko bonuen truke nesken urte osoko heziketa ordaintzeko, eta enpresen eta erakundeen dirua ere bildu genuen. Baliabide horiek jarri genituen haien eskura, baina baldintza batzuk ere jarri genituen: bizpahiru urteko epean, neskak gutxienez mutilen erdia izatea eskolan».
«Gaur egun nesken eskolatze tasa ia %100ekoa da, eta, iazko abenduan, ikasturtea amaitu zenean, hango eskoletako hiru zuzendari emakumeak ziren. Hori, duela urte batzuk, pentsaezina zen»
JOSE MANUEL RUIZBaltistan Fundazioko kidea
Urteen joanean, Fundazioaren diruari esker, hamar eskola jarri zituzten martxan ibarreko herrietan, nesken eskolatze tasak hobetuz joan ziren urtez urte, Bigarren Hezkuntzako ikasketak egiteko eta handik unibertsitatera joateko Skardun bekak ere bideratu zituzten... «Egitura bat sortu zen, eta inurri lanak fruituak eman zituen, egia esan: pixkanaka mentalitate aldaketa bat sumatzen hasi ginen neskak eskolatzeari buruz. 2018an, adibidez, 1.500 ikasleetatik erdia baino gehiago neskak ziren, eta ratio horiek mantendu egin dira. Gaur egun nesken eskolatze tasa ia erabatekoa da, eta, iazko abenduan, ikasturtea amaitu zenean, hango eskoletako hiru zuzendari emakumeak ziren. Hori, duela urte batzuk, pentsaezina zen», nabarmendu du Ruizek.
Husheko gero eta neska gehiagok egiten dute aurrera Bigarren Hezkuntzan, eta unibertsitate ikasketak ere egiten dituzte. «Batzuk mediku izatera iritsi dira, dezente irakasleak dira... Hezkuntzaren bidez enplegu bat eta soldata bat lortu dute emakume askok, eta, horrekin, independentzia puntu bat», esan du Manzisidorrek. Emakumeek biltzeko gune bat ere badute Hushen, Vocational Training Center esaten diotena, eta hainbat ekintza eta ikastaro egiten dituzte han.
Fundazioaren hastapeneko urteetan, lan eskerga egin zuen Jose Ramon Madinabeitia ingeniariak ere, erabat musu truk. Machuluko herriaren ezpondan berrehun metro beherago doan errekatik ura punpatzeko eta goiko ubideetara eramateko sistema jarri zuen martxan. Aurrerapen ikaragarria izan zen hura ibarrean, nekazaritzako soroak ureztatzeko.

Nekazaritza izan da Fundazioaren beste lan esparru nagusietako bat. Ainhoa Azpeitia (Tolosa, Gipuzkoa, 1977), ingeniari agronomoa ikasketaz, 2005-2006an hasi zen Fundazioan lanean, Argiñe Murumendiarazekin, Arrate Iturberekin eta beste zenbaitekin. Hiru urtez jarraian izan zen Azpeitia Hushe ibarrean —2007an, 2008an eta 2009an—, eta, hastapen haietan, «ez zuten konfiantza nahikorik haien buruarengan, horixe zen arazo nagusia, ahalduntzea», Azpeitiaren iritziz. «Bazekiten zein ziren beharrak, baina bultzada bat behar zuten, soka bat, heltzeko. Adibidez, abrikota lehortzen zuten, baina higiene aldetik oso baldintza kaskarretan, eta orduan ezin zuten komertzializatu eta saldu. Lehortzeko prozesu hori egurrezko erretilu xumeen bidez hobetzen erakutsi genien, eta urrats txiki horrek hobekuntza handia ekarri zuen». Abrikota dute hushetarrek bizibideetako bat: lehortu eta saldu egiten dute kanpoan, baita marmeladak eta abrikot olioa ere, eta hortik diru sarrera txiki bat lortu dute, «beraientzat oso garrantzitsua», Azpeitiaren hitzetan.
Berotegi esperimentala
Nekazaritzan proiektu garrantzitsua izan zen berotegi esperimentalena ere. Salim herrian jarri zuten bat, eta Machulun bestea. «Formakuntza eman zitzaien hango bi nekazariri, Iqbal eta Fida-ri, eta, gerora, ezagutza hori ibarrean saretu eta zabaldu zuten haiek. Guretzat, izugarria izan zen ikustea uda batean bi berotegi handi horiek muntatu eta hurrengo udan, etxeetan, nork bere baliabideekin, makilatxoekin eta plastikoekin, berotegi eta hazitegi kozkorrak muntatu zituztela». Berotegi horietan abrikotak lantzen, zuhaitzak inausten eta txertatzen erakutsi zieten, eta zer beste landare landatu zitzaketen ere bai. «Horrela, bidea ireki zen gaur egun indarrean dagoen kooperatiba hori martxan jartzeko», jakinarazi du Azpeitiak.
«Komunitatean lan egitearen balioa ere oso txertatuta geratu da. Lehen helduleku bat behar zuten, baina nik uste aukera bat utzi dugula han, lehen ez zeukatena»
AINHOA AZPEITIABaltistan Fundazioko kidea
Olatz Irazustabarrena (Alegia, Gipuzkoa 1980) erizaina da, hainbat urtetan Ramon Garate EMFko medikuaren lankide izandakoa, eta hark animatuta hasi zen Baltistan Fundazioan lanean, osasunaren arloan, Txaro Otxandorenarekin, Ana Argoterekin, Zuriñe Forondarekin eta beste hainbatekin. «Ni 2010ean izan nintzen han, eta jabetu nintzen, lehen-lehenik, esku hartze masiborik gabe, hezkuntza lana zela garrantzitsuena, gauza oso oinarrizkoetatik hasita: eskolan eskuak garbitzea, higienearen garrantzia azpimarratzea, botika edo pilula bat ahora eramatea baino ia garrantzitsuagoa dela esku zikinak ahora ez eramatea... Zailena hori da: oinarri horiek erakustea».
Emakumeen egoera zaurgarria izan da, hasieratik, Fundazioko kideen kezketako bat. Irazustabarrena: «Haurdun zeudenek, adibidez, apenas zuten osasun arreta jasotzeko aukerarik. Horregatik, emagin bati formakuntza eman genion, Hushe ibarrean bertan arreta hori eduki zezaten, hori baitzen emakumeek gehien eskatzen zutena. Ekografo pare bat ere eraman genituen, eta ekografoak erabiltzeko prestakuntza eman genien». Horri esker asko murriztu da umeen eta amen heriotza tasa, bai erditzeetakoa, bai erditzeen ostekoa, Irazustabarrenak eta Manzisidorrek azpimarratu dutenez. «Zenbait urtetan 0 izan zen, eta aurrez tasak nahiko altuak ziren».

Ura errekatik herrira punpatzeko sistemaren bidez, urak behetik gora ere egin dezakeela erakutsi zien Madinabeitiak hushetarrei, eta, gisa berean, boluntariotzaren begiradak ere goitik beherakoa baino behetik gorakoa izan behar duela agertu zuen. Baltistan Fundazioko kideek nahiko hasieratik ikusi zuten hori: haien lanak ez zuela baliabideak punpatze hutsera mugatu behar. «Uste dugu funtsak guk bideratzen ditugunez, erabakiak guk hartu behar ditugula, baina ez, haiei dagokie hori. Niretzat hori izan da ikasketarik garrantzitsuena: jasotzen duenak eduki behar duela erabakien, proiektuen eta estrategien lema, eta ez ematen duenak», Manzisidorren esanetan.
«Emagin bati formakuntza eman genion, eta ekografo pare bat ere eraman genituen. Horrek asko murriztu du erditzeetako eta erditzeen osteko heriotza tasa»
OLATZ IRAZUSTABARRENABaltistan Fundazioko kidea
Fundazioak, hogeitaka urtetako lanaren ondoren, amaitutzat eman du bere bidea, eta Hushe bertako komunitatearen esku utzi du lema. Tasiok horri ematen dio garrantzia, ereindako haziari. «Lehen ez zuten ohiturarik komunitatean lan egiteko, lehen ez zegoen kooperatibarik, emakumeak bilduko zituen gunerik, eta orain bai. Bada zerbait». Jose Manuel Ruizek ere, bidea neketsua izan arren eta bertan gozo egin gabe, barne pozez ikusten du egindako bidea, «egindako lana ez dela behera erori, eusten diotela, nesken eskolatzeari dagozkion ratioak ez direla jaitsi, jabetu direla hezkuntzaren garrantziaz...».
Ainhoa Azpeitiak ere «izugarrizko saltoa» ikusi du hogeitaka urteotan. «Jada ez dute gure beharrik, harremanak sendotu dituzte beraien artean eta hango unibertsitateekin... Ahaldunduago ikusten ditut. Komunitatean lan egitearen balioa ere oso txertatuta dute, eta niretzat oso garrantzitsua da hori. Lehen helduleku bat behar zuten, baina nik uste aukera bat utzi dugula han, lehen gauza askotarako ez zeukaten aukera bat. Hazia hor geratu da, eta haien esku dago ernatzea».