Nerea Zusberro Alberro.

Erresilientzia eta egokitzapena

2025eko maiatzaren 24a
05:05
Entzun 00:00:0000:00:00

Gaur jokatuko da Txapeldunen Ligako finala, Lisboan (18:00, LA1, TV3 eta Movistar). Askok, ziurrenik, ez zuten espero Arsenal finalean egotea. Aurrean Bartzelona izango du. Herrialde Katalanetako taldeak seigarrenez jokatuko du finala, hirugarrena jarraian; Arsenal, berriz, bigarrenez arituko da. Lehenengoa oso atzean geratu da, 2006-2007ko denboraldian izan baitzen. Orduan titulua lortu zuen. Harrezkero, Europako kluben arteko txapelketa nagusian parte hartu duen arren, ez da inoiz finalera iritsi.

Udan apustu handia egin zuen taldea indartzeko. Mariona Caldentey fitxatu zuen Bartzelonatik, adibidez. Horrenbestez, Marionak bere talde ohiaren aurka jokatuko du gaur. Txapelketan zehar gorabehera asko izan ostean jokatuko du finala. Final-laurdenetan Real Madrilen aurka jokatu zuen, eta kanporaketa irauli behar izan zuen. Antzera egin zuen finalerdietan, Lyonen kontra. Ingalaterrako taldea ez da faboritoa. Baina egokitzen eta erresilientzia izaten jakin du. Horren adibiderik onena da. Gaurkoan ere bi ezaugarri horiek beharko ditu, munduko talderik onenari aurre egiteko.

Jatorrira itzulita

Kanporaketak iraultzeko behar horrek eraiki du gaur egungo Arsenal. Real Madrilen aurka, Alfredo Di Stefano Kirol hirian, Stina Blacksteniusek gidatuta, zuzen jokatu zuen. Lyonen zelaian, berriz, erabat nagusi izan zen baloiarekin. Baloi jabetzaren %55 izan zuen, eta paseen %84 ondo eman zituen. Renee Slegers teknikariak tokiz aldatu zuen Mariona. Atzerago jokatu zuen, zelai erdiko hegalean kokatu beharrean euskarrian aritu baitzen Kim Littlekin. Biek gaitasun handia dute jokaldiak sortzeko, eta erabakigarria izan zen.

Hala ere, Bartzelonaren aurka beste zerbait egin beharko dute. Izan ere, ezusterik ezean, baloi jabetza Pere Romeuk zuzentzen duen taldeak izango du. Chelsearen antzera, Arsenalek 1-4-2-3-1 marrazkia erabili ohi du. Bartzelonaren baloi-irteeran parte hartzen duten jokalariekin parekatzeko asmoz, bloke altuan koka daiteke, Chelseak egin zuen moduan. Baina hala egiten badu, Aitana eta Alexia jokaldiaren oinarrira jaitsiko dira. Hala, Little eta Mariona erakarriko dituzte, eta horri esker Eva Pajorek eta Salma Paralluelok Arsenalen defentsa lerroari zuzen eraso egiteko aukera izango dute.

Salma zaintzea

Arsenalen eskuin hegalean Chloe Kelly eta Beath Mead arituko dira. Haien laguntzak funtsezkoak izango dira Salma Parallueloren aurrean. Arsenalek bere egiturari eutsi beharko dio Bartzelonaren trikimailu taktikoen aurrean. Kataluniarren ezker hegaletik Esmee Brugts edo Fridolina Rolfo arituko dira, eta rol taktiko desberdinak izango dituzte: barrutik kokatuz, baloi irteeran parte hartuz edo errei osoa emanda. Arsenalek ez du ahaztu behar arriskua bizkarrean duela, Salmarekin.

Kontraerasoa kanpoko lerroetatik

Arsenalek osagai guztiak ditu kontraeraso onak egiteko. Mariona jaurtitzaile ona da, eta Alessia Russo aurrelariak atzelariak erakartzeko gaitasuna du; baina, batez ere, abiadura handiz ateratzen diren bi jokalari ditu hegaletan. Caitlin Foord, ezkerreko hegaleko jokalaria, Arsenalek duen jokalaririk arriskutsuenetakoa da zelaiaren azken herenean. Ona Battlek oso adi egon beharko du harekin, Bartzelonak baloia daukanean altuera handia hartzen baitu normalean. 

Arsenal
Arsenaleko jokalariak, gol bat ospatzen. ISABEL INFANTES / EFE

Arsenalek posizionalean eraso egiten duenean, berriz ere hegalekoak izango dira jokalari garrantzitsuenak. Bartzelonak adi egon beharko du Frida Maanumek eta Marionak erdiko atzelarien eta hegalen artean egiten dituzten haustura mugimenduekin. Foordek eta Kelly gustuko dituzte buruz burukoak, aipatutako espazioan ager daitezke. Atzetik iristen den jokalari batek egiten duen haustura mugimendu hori da, hain zuzen ere, Arsenalen ezaugarri nagusia. Marionaren kasuan, DNAn darama. Dena den, Arsenalek ere adi egon beharko du. Izan ere, Alexia Putellas eta Aitana Bonmati indartsu agertu ohi dira atzetik. 

Bartzelonaren areako defentsako lana

Arsenalek erasoan duen baliabide nagusietako bat alboko erdiraketak dira. Txapeldunen Ligan sei gol egin ditu halako erdiraketak baliatuta. Horrela sartu zituen, hain zuzen ere, Real Madrilen aurkako kanporaketa iraultzeko behar zituen hiru golak.

Gainera, lau gol egin dituzte kornerren edo alboko falta jaurtiketen bidez. Blackstenius eta Alessia Russo trebeak dira arean. Aurrelari ingelesak zortzi gol egin ditu txapelketan, eta bigarren golegile nagusia da Claudia Pinaren atzetik. Bartzelonak gertutik zaindu beharko ditu Arsenalen kontraerasoak, jokoaren norabidearen beste aldetik iristen diren jokalariek arrisku asko sortzen baitute. Foordek zazpi gol daramatza, eta horietako asko hala lortu ditu.

Bartzelona faboritoa bada ere, ez dezagun Arsenal gutxietsi. Asko kostatu zaio finalera iristea, eta ez du hain erraz amore emango.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Oraingo urratsak, geroko lorratzak. Euskaraldian eta egunerokoan, informa zaitez euskaraz. Babestu BERRIA orain, eta jaso galtzerdiak opari.