Jon Ander De la Hoz.
ANTXERRITIK

Esku zartak

2023ko irailaren 12a
00:00
Entzun
Lehorrekoaren talaiatik ezberdin ikusten dira gauzak. Urakanaren begiarekin alderatu daiteke. Pasioaren zurrunbiloan egon zara aurretik eta ondoren, baina momentu jakin batean badakizu ez zaituela aurretik eramango. Nolabaiteko patxada eratzen da norberaren jiran, eta albokoen zarata zurrumurru bilakatzen da.

Estropada guztietan gertatzen da; jakina, Kontxako Banderan gehiago. Baina detaileetan sakontzen ere uzten du, eta jabetzen da bat, esaterako,garaileak duen irribarrea betikotu egingo dela 2023ko Kontxako Bandera aipatu orduko. Agerian geratu zen hori igandean, Eli Pescadorrek kaiko leiho txikitik bandera astindu zuenean. Orioren zale kartsu bezain builosoek ke potoa piztu zutenean. Cabokoen poz benetakoa bertatik bertara ikusterakoan. Eta zer esanik ez, Getariako herritarren ilusioa aurpegian antzematean.

«Berriz etorriko zera», abestu zuten ondarroarrek etenik gabe. Iñigo Larrinaga joango da berriz ere Donostiara, ez egin zalantzarik. Antiguako Ama-ren txopan igaro du mende laurdena. Gizonezkoen tostako arraunak dituen maila guztietan elkarren aurka arituta, lerrook idatzi dituenak «garaiak aldatzen ari dituk» pentsatu zuen arrapalan, begiak umel. Ke potoarengantik-edo.

Urakanaren begian ez zekiena jakin zuen biharamunaren zurrunbilo ez horren patxadatsuan. Pescadorrek ez ezik, Nadeth Agirre Orioko patroiak ere agur txopari. Emakumezkoen traineruen ibilbide hezur-haragitu duen pertsonak. Ondo merezitako txaloak hirurentzat, esku zartaka. Kokalekua aldatuko dute. Egindakoa ez.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.