Hilabete honetan beteko dira 31 urte. 1994ko ekainaren 18ko arratsean, paramilitar britainiazale talde bat Irlandako Loughinisland herri txikiko pub batean sartu zen, eta han elkartuta zeuden herritarrei tiro egin zien. Sei hil zituzten, eta bertze bortz zauritu. Eraso sektario bat izan zen, eta futbola izan zuen amu.
Irlanda iparraldean dago Loughinisland, Erresuma Batuaren menpe segitzen duten sei konderrietan. Ostatua jendez lepo zegoen arrats hartan, gizonezkoen Irlandako futbol selekzioa Munduko Kopako lehenbiziko partida jokatzekoa baitzen, Italiaren kontra, AEBetan. Selekzio hark ofizialki ez zuen uharte osoa ordezkatzen, errepublika independenteak hartzen zituen 26 konderrietako taldea bertzerik ez zen. Britainiarren menpean zeuden irlandarrek selekzio horrekin jokatzeko, Tony Cascarino edo John Aldridge ingelesek betetzen zuten baldintza bera bete behar zuten: gurasoak edo aitatxi-amatxiak errepublikak hartzen zuen mugen barrenean jaiotakoak izatea. Ez zuten nahikoa uhartean jaio izana.
Hala ere, paramilitarrek ez zuten ausaz aukeratu ostatu hura: bazekiten irlandar nazio identitatea zuen jende anitz elkartuko zela berde, zuri eta laranja koloreko bandera —uharte guzia ordezkatzeko sortu zena— erabiltzen zuen taldea animatzeko. Selekzioaren administrazioaren mugak goiti-beheiti, pubeko jende hark ideia baten eta nortasun baten adierazletzat ikusten zuten talde hura, eta horregatik eraso zieten britainiazaleek.
1998ko Ostiral Santuko Akordioak kirolean ere aldaketa eragin zuen Irlandan. Britainiarren menpeko irlandarrei errepublikako herritartasuna eskatzeko eskubidea onartu zitzaien; hortaz, ordutik, sei konderrietako futbolariek eta gainerako kirolariek Irlandako Errepublikako selekzioarekin joka dezakete. Egitura ez da aldatu, futbol selekzioa 26 konderri hartzen dituen federazioak antolatzen du, baina errealitatean, irlandarrek selekzio bateratu bat dute. Erraten ahal da sei konderrietako kirolzale irlandazaleek ideia eta nortasun bati erakutsi zioten atxikimenduak fruituak eman zituela.
Irlandako Errepublikako futbol selekzioaren bidetik hasi du bidea pilotako euskal selekzioak. Euskadiko Pilota Federazioa du antolatzaile, eta Euskal Herriko zazpi probintzietatik hiru baino ez ditu hartzen. Baina federazioko arduradunen adierazpenei erreparatuz gero, euskal herritar guzien ordezkari izateko bokazioaz sortu da. Joxemari Mitxelena presidenteak bertsotan ere erran zuen Nazioen Ligako inaugurazio ekitaldian, joan den astelehenean: «...nahiz oraindik ez den heldu Zuberoara, Lapurdira, Baxe Nafarroa eta Nafarroaren erdira, gaur Gernikako kaleetan hunkidura nabari da».
Lehenbiziko txapelketa ofiziala baino ez du bururatu; hortaz, erraten ahal da selekzioa oraindik ez dela oinez hasi ere. Erditzea, gainera, ez du erosoa izan: gatazka tarteko zela sortu da, Espainiako Federazioaren jarreraren ondorioz. Baina Euskadiko Pilota Federazioa ez du gatazkak izutu urte hauetan guzietan, eta, egiari zor, gutxitan ikusten da hori Euskal Herriko erakunde ofizialetan auzi nazionala izaten denean sesioaren eragilea. Horregatik lortu du, hain zuzen, kamiseta berdea kantxaratzea.
Beraz, oraindik ez dago argi zenbat handituko den, ezta nola handituko den ere. Agian, Espainiako Federazioak lortuko du noizbait gibelean duen estatuaren botere hertsatzailea baliatzea euskal selekzioa zapuzteko. Edo, agian, Euskadiko Pilota Federazioak noizbait atea ireki baino lehen itxiko die pilotari lapurtarrei, nafarrei eta zuberotarrei. Eta, orduan, agian, birplanteatu egin beharko dira izenak, izanak, terminologiak eta abarrak. Edo, akaso, Nafarroako Federazioa eta Iparraldeko Batzordea izanen dira euskal batasunera mugituko direnak, eta, orduan, Euskal Herriko selekzioa sortuko da, izanarekin ez ezik baita izenarekin ere —horietan ere badaude ateak jotzeko, ezta?—. Deus ez dago markatuta idiaren mazelan.
Oraingoz, euskal selekzio bat dago, bakarra, sortua eta existitzeko borrokan. Pizgarri izaten ahal da lapurtarrentzat, nafarrentzat eta zuberotarrentzat ere. Guziena da martxan den ideia eta nortasuna. Espiritu irlandar pizar bat izateko garai aproposa da.