Europako txapelketek dena baldintzatzen dute. Ederrak dira jokatzeko, batez ere ikusgarritasun aldetik; baina, aldi berean, kalte ordainak ere askotan handiak izaten dira. Diru kontuak egitea ezinbestekoa da, baina ikusten ari gara lantaldeetan ere moldaketak egiten ari direla. Jokalari kopurua da adibiderik argigarriena. Orain A eta B jokalariak daude. Beste hainbat moldaketa ere badaude.Â
Moldaketak
Aurreko sasoian FIBAren Europa Kopa irabazi ostean, Bilbo Basketek ondorengo helburua zuen: Txapeldunen Liga jokatzea. NBAk Europan sartu nahi du FIBAren bitartez. Horrek ikaragarri handitu du txapelketan aritzeko interesa. Askok eskatu dute gonbidapena, badakigulako horrelakoetan emaitzak alde batera uzten direla apur bat. Bilbotarrek hirugarren urtea dute txapelketa jokatzen, eta badakite zein den maila. Horregatik, eta kontuan izanda helburu nagusia beste urte batez ACB ligan jokatzea dela, etxeko partidak astearteetan jokatzea erabaki dute. Horri esker, denbora gehiago dute ligako neurketak prestatzeko. Horrez gain, Bizkaian Athletic erlijio baten parekoa da, eta asteazkenetan jokatzen ditu Txapeldunen Ligako neurketak. Horren aurka ez dago ezer egiterik; beraz, hobe egun berean ez jokatzea.
Gainera, batez ere multzokako fasean, partidak nahiko erosoak eta xamurrak izaten dira. Iragan astean, adibidez, 54 punturen aldeaz irabazi zioten Brnori. Biharkoa ere bide beretik joan daiteke (16:00, ETB4), Brnok 18 punturen aldeaz irabazi zion Kutaisiri, bilbotarren biharko aurkariari. Neurketa kanpoan jokatuko du Bilbo Basketek. Jaume Ponsarnauk lagunartekoak balira bezala erabiltzen ditu horrelakoak. Denbora jokalarien artean banatzeaz gain, denboraldiaurreko partidak izan daitezke, are gehiago ikusita jokalari ugari min hartuta egon zirela garai hartan, eta beste asko Europako txapelketagatik berandu iritsi zirela. Bassala Bagayokorentzat, adibidez, erritmoa hartzeko aukera ona izan daiteke. Aleix Fontek ere gehiago jokatuko du.
Izan ere, garrantzitsua da denbora banatzea. Hala, gaur egun ohikoa izaten da fitxaketak txapelketa jakin bati begira egitea. Baskonia da horren adibiderik argiena. AEBetako hiru jokalari ditu, jakinda ACBn gehienez bik joka dezaketela. Hau da, Euroligaren aldeko apustua egin dute beste behin Zurbanotik. Emaitzak, ordea, ez datoz bat egindako inbertsioarekin. Jokatu dituzten sei partidak galdu dituzte, eta inoizko hasierarik kaskarrena egin dute. Txapelketan neurketarik irabazi ez duen bakarra dan. Pablo Galbiatik zuzentzen duen taldeak ez du zortea alde izan, batez ere min hartutako jokalariekin. Aste honetan Euroligako bi partida jokatuko dituzte, biak Buesa Arenan. Gaur Dubairen kontra neurtuko dituzten indarrak, 20:30ean; ostiralean, berriz, Anadolu Efes izango dute kontrario. Asteburuan, berriz, Teneriferen aurka jokatuko dute ligan. Aste honetan jokatuko dituzten partidek Galbiatiren etorkizuna erabaki dezakete.Â
Apustuak
Ez dago denbora denentzat; banatu beharra dago. Horretarako, Baskoniak, kupoak indartzearen alde egin zuen udan. Hala erabaki zuen Xevi Pujolek, kirol zuzendari berriak. Hain zuzen ere, horretarako fitxatu zuten Rafa Villa. Gaztea da, eta ez du esperientziarik Euroligan. ACB ligan aritzeko fitxaketa izan zen, argi eta garbi. Hau da, orain badaude talde berean bi talde eratzen dituztenak. Ez da guztiz Baskoniaren kasua, gaur egun jokalari gutxi utzi behar baititu kanpoan. Bartzelonak, Real Madrilek eta Valentziak, ordea, partida guztietan egin behar dute hori. Sarritan jokalari bat baino gehiago uzten dituzte kanpoan. Baskonia ez da joera hori egitearen alde egin duen bakarra. Bartzelonan Juanin Marcos zen horretara bideratutako jokalaria, nahiz eta Juan Nuñezek min hartu ostean gauzak aldatu egin diren. Valentziaren kasuan Isaac Nogues litzateke jokalari hori.Â
Joera hori are gehiago ikusiko da hurrengo egunetan. Behin NBA hasita, badira taldeetan toki barik geratu diren jokalariak, eta Europara heltzen hasiak dira pixkanaka. Spencer Dinwiddie, Jared Butler eta Braxton Key dira heldu berri direnetako batzuk. Gehiago etorriko dira.