Zer da etxea? Bakoitzarentzat esanahi desberdina izan dezake. Badutenek, behintzat, gero eta zailagoa baita etxe propioa izatea. Eraikina bera izan daiteke etxe bat, gela bat, baita pertsona bat ere. Hedatuago dago etxetik urrun zaudenean sentitzen duzun hutsune hori, itzultzeko behar eta nahi hori. Batzuetan, egunerokoan ere etxetik kanpo egoten garelako gehiago, etxean baino; lo egiteko daukagun tokiari deitu ahal diogu etxea.
Etxeko lanak eginda
Gaur jokatuko du Lointek Gernika Bizkaiak Elitzur Ramlaren aurkako kanporaketa zuzeneko bigarren partida, Bulgarian, Sofia hiriburuko Izzi pabiloian, 18:30ean. Berez, Malosten jokatu beharko luke partida hori, etxeko talde gisa ariko baita gaur.
Bizkaitarrek zortzi jokalari bakarrik dituzte jokatzeko moduan. Cameron Williams eta Taylor Jones, bi pibot estatubatuarrak, denboraldiaurrean lesionatu ziren: orpazurdan min hartua du lehenak, eta sorbaldan bigarrenak. Naia Zubiagari irailaren amaieran egin zioten ebakuntza sorbaldan. Angela Salvadoresek ligako lehen partidan hartu zuen min, eta ordutik, itzultzear badago ere, ez du jokatu. Perfumerias Avenidaren aurkako igandeko partidan Masa Jankovicek hartu zuen min: asteartean ez zuen jokatu, eta gaur ere zail izango du taldekideei laguntzea. Epe luzera etorriko dira kalte ordainak, epe laburrera baino gehiago.
Asteartean jokatu zuten lehen partida gernikarrek, eta 65-81 irabazi. Lehen laurdenaren amaieran 26-16 galtzen ari ziren, baina, 13-30eko bigarren partzialarekin, markagailua irauli zuten. Dagoeneko hurrengo faserako sailkatuta dago Lointek Gernika Bizkaia. Gaurkoa irabazi edo hamasei puntu baino gutxiagogatik galtzen badu, bigarren sailkatuko da. Hamasei puntu baino gehiagogatik galduz gero, hirugarren postuan geldituko litzateke, baina aurrera egingo luke, puntu alde bikaina baitu (+66), eta hirugarren postuan amaitzen duten lau onenek kanporaketak jokatzen dituzte. Hori bai, hobe bigarren geratzea, aurkari samurragoa izateko. Are gehiago, kontuan hartuta Euroligako taldeak sartuko direla hurrengo fasean.
Distantzia baino gehiago
Gaurkoa bezala, 18:30ean hasi zen Ramlaren eta Gernikaren arteko lehen partida, eta ordu erdi geroago jokatu zuten Hapoel Tel Avivek eta Real Madrilek Euroligako norgehiagoka, Botevgrad pabiloian. Izzi eta Botevgrad kantxen artean ordubeteko bidaia dago autoan.
Normaltasunean, distantziari dagokionez, baten batek esango luke ez dagoela etxetik oso urrun. Ordubete autoan ez da hainbesterako. Baina partida jokatzekoak direnetako batek ere etxean jokatzen ez duenean, luze egiten da. Kasu honetan, nori egiten dio mesede neutraltasunak? Lointek Gernika Bizkaiak azkenean ez du onartu Malosten jokatzea israeldarren aurkako bi partidak. Joventutek, Manresak, Tenerifek eta Valentziak bai, beren pabiloietan jokatu zuten, baina ez etxean, ateak itxita jokatu baitziren neurketa denak ala denak. Zure zaleen aurrean jokatzea da etxean jokatzea, kantxaren faktore famatua, kantxa guztiek neurri berberak baitituzte.
Aldaketa
Baina baliteke egoera laster aldatzea, gizonezkoen Euroligan eta Eurokopan behintzat: abenduaren 1ean, zehazki. Egun horretatik aurrera, 2023az geroztik egoitza neutraletan aritu ostean, Israelgo taldeak euren herrialdean ariko dira berriro. Hasiera batean, jakinarazi zuten Euroligan aho batez onartutako erabakia izan zela. Baina Anadolu Efesek eta Fenerbahcek komunikatu bateratua argitaratu zuten esanez ez zela bozketarik izan. Turkiako bi talde horiek erabakiaren aurka agertu ziren. Anadolu Efesek, adibidez, Hapoelen eta Maccabiren aurkako etxeko bi partidak Turkiatik kanpo jokatu behar izan zituen, eta orain Israelera bidaiatu beharko du, oraingoan ere etxetik kanpo bezala jokatzeko.
Israelgo taldeek aspalditik egon behar zuten txapelketetatik kanpo. Orain, haien itzulerak txapelketa aldatuko du. Esate baterako, Valentzia da ACB ligako talde bakarra israeldarren aurkako bi partidak Israelen jokatu beharko dituena. Hau da, Baskoniak, Real Madrilek eta Bartzelonak jokatuta dauzkate berez Israelen jokatu beharrekoak. Manresak ere Jerusalemen dauka Eurokopako partida bat, abenduaren 30ean.