Mikel Reina.
HIRUKOTIK

(Ez)usteak

2023ko apirilaren 05a
00:00
Entzun
Usteak erdi ustel. Gero eta gutxiago dakigu saskibaloiaren inguruan. Eta hori batzuetan albiste ona da. Gizonezkoen Espainiako Kopak bide hori zabaldu zuen, eta emakumezkoenak berretsi du. Ustezko hautagaiek, denok aurreikusten genituen horiek, huts egin dute.

Argiak iluntasuna estaliz. Zaila izaten da etxeko taldeak duen ustezko presio gehigarri hori, zale kopuru handiagoa alde izatea, motibazio edo pizgarri izatea. Hori lortu du Zaragozak, bere historiako lehen Kopako garaikurra altxatzeko. Txapeldunaren aurka galtzearen esaera erabili dezakete Araskiko zaleek. Gernikako marea granatea ere harro egon daiteke, beste behin onenen artean, eta lehiakor.

Zoragarria izan da sortutako giroa, eta batez ere ikuskizuna: argiak, musika, emankizunak... denetarik egon da. Finalean inoizko sarrerarik onena izan zen: 10.800 ikusle elkartu ziren. Emakumezkoen saskibaloia saldu beharra dago, talentu ikaragarriak daude, baina bestelakoak. Emakumezko jokalariek sinpletasunean eta keinu tekniko oinarrizkoetan aurkitzen dute edertasuna. Birrinketarik egin gabe, pausoekin egoki jokatuz edo keinuak erabiliz. Talentu horri zabalkundea eman behar zaio.

Horregatik, jokatu den tokia nabarmendu izan dugu: Zaragagoza: ez, ordea, data. Normalean baino askoz beranduago jokatu da txapelketa, eta horrek eragin zuzena izan du emaitzan. Hiru jardunaldi bakarrik falta dira liga erregularra amaitzeko. Hain zuzen ere, gaur hasiko da 28. jardunaldia. Zaragoza txapeldunak, adibidez, Tenerifen jokatuko du, sasoiko bidaiarik luzeena, eta oraindik ospakizunen ajearekin.

Kopa ikusgarria izan da, baina emozioagatik, ez jokoagatik. Talde asko, Euroligakoak batez ere, oso justu heldu dira Zaragozara. Valentziak eta Perfumerias Avenidak Europako kanporaketak jokatu zituzten justu aurretik. 61 puntu sartu dituzte taldeek batez beste, ligan 70 puntutik gertu egonik.

Hutsik egin ez dutenak. Askoz gehiago sartzen ditu Baskoniak partidako: gehien sartzen dituena da Euroligan. Horrek, baina, ez du kanporaketetan postu bat ziurtatzen. Bihar hasiko den jardunaldia erabakigarria izango da, bai, azkena baino gehiago. Baskoniak ezin du hutsik egin Buesa Arenan; ez du hutsik egingo, seguru. Baina, behingoz, Wade Baldwinen eta Maccabiren laguntza beharko dute. Behingoz israeldarrak animatuko dituzte Zalgirisen aurka.

Pronostikoak bete dituen bakarra Uconn izan da March Madnessean. Ezusteko nahikoa izan du txapelketak, akaso. Lauko finaleko partaideen artean txapelketa irabazitako bakarrak ziren, eta hori baliatu dute.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Irakurrienak
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.