Arrauna. ANTXERRITIK

Familiarenak

Jon Ander De la Hoz.
2023ko abuztuaren 15a
00:00
Entzun
Arraunean sustraitutako topiko baten arabera, taldekideak bigarren kuadrilla baten modukoak dira, nork bere jirakoekin baino denbora gehiago igarotzen baitu tostakideekin. Hedaduraz, familia behar luke klubak, hura osatzen duten guztien adin aldea kontuan.

Hala, familietako tirabirak islatzen dira kirol jardunaren egunerokoan. Are, haren karietara egituratu diren giza harremanetan. «Hau ere neuk egin behar al diat?», galdetuko du, menturaz, gurasokerian jausi nahi ez duen agintariak, Alexandro Handia bera baino domina gehiagoren peskizan.

Aldiz, lantua jotzeko joera izan ohi du bere nahia, hots, hamalaukoan sartzea, lortzen ez duen estropalariak; gozokia kendu dioten haurrak nola, baitezpadako pieza den uste okerrean iltzatuta. Hori, tostarteko lagunen arteko haserre sarri oinarri gabeak kontuan hartu gabe, beste kapitulu baterako ematen dutenez gero.

Egunerokoaren ajeak dira neurri gabeko hartu-emanak eragindako tirabirak. Familia baten isla, hein batean. Eta klubek familien zera hori badutenez, denborarekin, bi pezetako eztabaida gisa geratzen dira. Zer esanik ez kirol jardunaren soiltasuna agerian uzten duen berria heltzen bada.

Horixe pentsatu nuen joan zen ostiral gauean, Moañan, afaritan elkar larrutu ostean eskaileretan gora abiatu ginenean. Galiziara bidaiatu ez zuen taldekideak mezu bat bidali zuen txatera, gure familia txikira kide berri bat batu dela esanez. Hoteleko poz eztanda hark indartu zuen kluba familiaren gisakoa den ustea. Jakina, familia hori Alaiagoa da orain.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.