mikel reina
HIRUKOTIK

Faseak

2025eko abenduaren 10a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

1.297 partida. Jarraian. 2007ko urtarrilaren 6tik aurtengo abenduaren 1 arte. LeBron Jamesek gutxienez hamar puntu sartu ditu azken hemeretzi urteetan NBAko liga erregularrean jokatu dituen partida guztietan. Saskibaloian bakarrik ez, kirolean lortu den markarik handienetakoa bat da. Historiako saskibaloi jokalaririk onenetarikoa da. Onena? Zaila iruditu izan zait beti aro desberdinetan jokatu duten jokalariak alderatzea. Ez naiz horretan saiatuko. Michael Jordanek 866 partidatan eten zuen bere marka.

Zeresana

«Jokaldirik egokiena bilatzen dut beti». Hori esan zuen Jamesek partida amaitu eta marka eten zuenean. Ez da gutxiagorako. Toronto Raptorsen aurka jokatzen ari ziren, eta partida berdinduta zegoen: 120-120. Azken baloia LeBron Jamesen eskuetara heldu zen. Hiru segundo eskas falta ziren. Uztairako bidea argi zuen. Beste edozeinek, zalantza barik, jaurti egingo zuen. Ez zuen ezer galtzeko, eta huts egitekotan luzapena ziurtatua zuten. Baina Rui Hachimurari eman zion pasea iskinera, eta hark hirukoa sartu zuen. Hori da gaur egungo saskibaloia: zona barruko jaurtiketa bati uko egitea, hiruko bat jaurtitzeko.

Jokaldiak zeresana eman du. Baina gauza asko erakusten ditu. Batetik, Jamesek ez zuen izan azken baloia jokatzeko ardura. Luka Doncicek ez zuen partida hura jokatu. Austin Reavesek 44 puntu zeramatzan sartuta. Ulergarria izango zen azken jokaldia hark jokatu izana. Baina NBAn, eta beste hainbat ligatan, horrelako egoeratan hierarkizazio handia dago. Ezin du edozeinek jaurti. Aldi berean, erabaki horrek Los Angeles Lakersen gaur egungo hierarkizazioa erakusten du. James min hartuta egon da denboraldi hasieran, eta zazpi partida jokatu ditu bakarrik orain arte. JJ Redick entrenatzaileak rolak banatu behar izan ditu. Luka Doncic da izar nagusia, eta Austin Reaves bigarren erreferentzia nagusia.

Badirudi LeBron Jamesek ulertu duela: bere momentua kanporaketetan helduko da. Ordu arte itxaron egin behar du, eta batez ere zaindu. Esatea egitea baino errazagoa da, batez ere oso jokalari lehiakorra delako. Gaur egun hirugarren ezpata da, eta oraingoz ez du arazorik jarri. Azken batean, bizitzako faseak dira.

Buru-belarri

Txapelketek ere faseak dituzte. NBAn bertan NBA Cup lehiaketa jokatzen ari dira orain. Mendebaldean hauek dira final-laurdenetako kanporaketak: Oklahoma-Phoenix eta Los Angeles-San Antonio. Ekialdean, berriz, Orlando-Miami eta New York-Toronto. Finalaurrekoak eta finala Las Vegasen jokatuko dituzte, hilaren 13an eta 16an.

Europan ere beste fase batean sartu dira zenbait txapelketa. Bilbo Basketek gaur jokatuko du FIBAren Eurokopako bigarren faseko lehen partida, Sporting Lisboaren aurka, 18:30ean (ETB4), Miribillan. Multzoan dago Greziako PAOK ere, aurreko sasoian finalean izan zuen aurkaria; baita Eslovakiako Prievidza ere. Otsailaren 11n amaituko da ligaxka. Lointek Gernikak etzi jokatuko du, Eurokopako final-hamaseirenetako joaneko partida, Malosten (20:00, ETB4). Hungariako Pecsen aurka jokatuko du, lehen ligaxkan aurkari izan duen taldearen aurka, hain zuzen. 

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.