mikel reina
Hirukotik

'Finala'

2026ko martxoaren 11
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Irabaztearen eta galtzearen arteko haria oso fina da. Zerua edo infernua. Are gehiago saskibaloia, berdindu ezin daitekeen kirol batean. Ez dago erdibiderik. Horrelakoetan, amildegitik ahalik eta urrunen bizitzea da helburua. Azkenaldian, ordea, emakumezkoen euskal saskibaloi taldeak gehiago jokatzen ari dira zoriarekin.

Udako Munduko Koparako sailkatzeko azken kanporaketak gaur hasiko dira. Lau egoitza daude, Puerto Rico, Frantzia, Turkia eta Txina, eta sei selekzio ariko dira bakoitzean. Egoitza bakoitzeko hiru talderik onenak bakarrik sailkatuko dira. Kanporaketa horiek direla eta, etena dago orain Espainiako Ohorezko Mailako ligan.

Arriskuan

Sei jardunaldiren faltan, lau talde berdinduta daude, zortzina garaipen dituztela: Gernika, Araski, La Seu eta Joventut. Kanaria Handiak maila galduko du, bigarren urtez jarraian. Beste talde batek ere galduko du maila, eta litekeena da lau talde horietako bat izatea. Elkarren kontrako partiden emaitzek berebiziko garrantzia dute horrelakoetan. Baina berdinketa izateko aukerak are gehiago nahasten du aukera. Gernika Araskiren gainetik dago, baita Joventuten gainetik ere. Araski, berriz, Joventuten gainetik dago, eta La Seu, Araskiren gainetik. Eta oraindik elkarren kontrako partidak falta dira jokatzeko.

Bizkaitarrek hamabi puntuz galdu zuten Malosten La Seuren aurka. Azkenaurreko jardunaldian jokatuko dute elkarren aurka. Arabarrek dagoeneko jokatuak dituzte aurkari zuzenen kontrako partida guztiak. Joventutek eta La Seuk elkarren aurka neurtuko dituzte indarrak etenaldiaren osteko lehen partidan. Lehen itzulian, Joventutek bederatzi puntuz irabazi zuen etxean.

Horrelakoetan, kontua ez da bakarrik garaipenak pilatzea: aurkariek ez irabazteak ere balio dezake. Gernikak eta Araskik duela bi aste Malosten jokatutako derbia mugarria izan zen. Partida hura bai, izan zitekeen final horietako bat. Galtzen zuenak arriskua zuen amildegitik behera joateko. Gernikarrek 93-61 irabazi zuten. Hori gutxi balitz bezala, eta hurrengo jardunaldian, Leganesen aurka, Made Urietaren taldeak behea jo zuen Mendizorrotzan, 40-87 galduta. Horrenbestez, etenaren aurreko Joventuten aurkakoa finala baino zerbait gehiago zen: Munduko Kopako partida bat zirudien. Gasteiztarrek irabazi egin zuten, eta, bide batez, beheko aldetik atera ziren.

Daten garrantzia

Egutegiari erreparatuta, Araskik dauka lanik zailena. Lehenik, haren aurkari zuzenek hiru partida partida jokatuko dituzte etxean. Arabarrek, ordea, bi jokatuko dituzte Mendizorrotzan, eta lau handik urrun. Hori aski ez, eta lehen bost neurketak sailkapeneko aurreneko bederatzi postuetan dauden taldeen aurka jokatuko dituzte: Zaragoza, liderra, eta Ferrol jasoko dituzte. Gernikak, berriz, Perfumerias Avenida izango du aurkaririk zailena, azken jardunaldian, Malosten. La Seuk entrenatzailea aldatu berri du, eta egutegi nahiko samurra dauka; Joventutena baino samurragoa, bai, behintzat. Badalonakoek ere aldatu zuten entrenatzailea urte hasieran.

Baina aurkariek ez ezik, datek ere garrantzi handia dute, jaitsiera postuak ez baitira azken jardunaldian erabakitzen normalean, aurretik baizik. Azken jardunaldirako berandu izan daiteke. Aukerarik gabe hel daitezke. Horren jakitun, bizkaitarrek Isabelle Bourne fitxatu dute. Martxoaren 22ko Esteponaren aurkakoa eta apirilaren 11ko Kanaria Handiaren kontrakoa dauzkate begiz jota. Baliteke bi partida horiek irabaztea nahikoa izatea mailari eusteko. Hori bai: ziurrenik, inoizko posturik okerrenean bukatuko dute liga.

Kanaria Handia harrobiko jokalariekin ari da, jokalari profesional ia guztiek alde egin baitute taldetik. Gironak fitxatu du taldeko eta oro har ligako orain arteko jokalaririk onena: Axelle Merceron frantziarra. Hain zuzen, hutsune hori baliatu zuen IDK-k irabazteko joan den barikuan, Kanaria Handian. Bide batez, gipuzkoarrek lau punturen aldea zabaldu dute jaitsiera postuekiko. Aztertzeko modukoa da gipuzkoarren denboraldia: zazpi partida irabazi zituzten lehen bederatzi jardunaldietan, eta beste hiru baino ez hurrengo hamahiru norgehiagoketan. Hala ere, Espainiako Koparako sailkatu ziren.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Zure babes ekonomikoari esker egiten dugu kazetaritza konprometitua. BABESTU BERRIA