Nerea Zusberro Alberro.
HARMAILATIK AULKIRA

Finalerdietarako ustekabekoak

2023ko abuztuaren 18a
12:57
Entzun

Finalerdietara iritsi behar izan du Ingalaterrak bere onena emateko. Aurretik, kanporaketak gainditu zituen, baina bere jokoak ez zuen asetzen. Asteazkenean Australiaren aurkako garaipenean eman zuen bere maila lehen aldiz Munduko Kopa honetan.

Aurreikustekoa zen bezala, Australiak ingelesei arazoak sortu dizkieten beste talde batzuen antzeko jokamoldearen alde egin zuen: 4-4-2 bat, lerro bateratuekin eta kanpoko erraietan defentsarako gaitasun handia duten jokalariekin. Erakutsi duten bezala, Raso eta Foord benetako mehatxua dira kontraerasoan. Gainera, Mary Fowler gazteak Australiako izarrik handiena izan zuen bikote, Sam Kerr. Hasierako hamaikakoan agertu zen lehen aldiz Chelseako jokalaria. Haren taldea ez da finalera iritsi, baina txapelketako goletako bat utzi du, zalantzarik gabe.

Ingalaterra baloi irteeran motela, zakarra eta une batez laua den talde gisa agertu baldin bada ere, ezustean harrapatu zuen Australia joko zuzenarekin; ordu arte ez zuen erabili aukera hori. Greenwoodek eta Dalyk pase luzeak erabili zituzten Australiako defentsa-lerroaren bizkarrari zuzenean erasotzeko. Ingalaterrak ez zien aukerarik eman australiarrei hobekien dakitena egiteko: baloia lapurtu, eta trantsizioan atera.

Gainera, bigarren zatian, eta aldeko markagailuarekin, finalistek baloia eman zioten Australiari, jakinda posizionalean eraikitzeko arazoak dituen taldea dela. Baloia eskaini zioten, eta ez zuten jakin zer egin. Igandean Espainiaren aurka izango dutenaren antzeko eszenatoki bat sustatu nahi al zuten?

Espainiak, berriz, déjà vu antzeko bat izan zuen. Esther Gonzalez Espainiako hamaikakotik desagertu zen, eta taldeak sakontasun arazoak izan zituen berriro. Ez zen ezer gertatu lehen zatian. Alexia, Aitana, Jenni Hermoso eta Mariona baloia jaso zain zeuden bitartean, nahiz eta horretarako espaziorik ez egon. Bigarren zatian, ordea, bai gertatu zen azpimarratzeko zerbait. Salma Paralluelo agertu zen ezagutzen ez genuen rol batean. Eskuin alboan oinean jasotzeko hegal irekia eta ezker alboan ate aldera mugimendu diagonala egiteko hegal itxia da, baina aurrelari posizioan gutxitan ikusia genuen. Eta zur eta lur utzi zituen denak. Hura zelaian zela, partida amaitu zen. Eta Suediak susmoa berretsi zuen: geldikako jokaldiak gola sartuz gauzatzeko gai izan ez den lehen aldian, ezin izan du partida irabazi. Bertute gutxi dira txapelketan hain ibilbide luzea egiteko.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.