Gabonak ate joka ditugu, Gabonak egun bereziak dira. Etxera itzultzeko garaia da batzuentzat. Beste batzuek, ordea, kanpora joan beharra izaten dute. Eguneroko erregulartasunean aurkitzen ez duten horren bila doaz.
Ia urtebete
Baskoniak bihar beteko du urtebete Euroligan etxetik kanpo irabazi gabe. 2024ko abenduaren 17an irabazi zuten gasteiztarrek azken partida Buesa Arenatik urrun: 85-95 irabazi zion orduan Pablo Lasok zuzendutako taldeak Maccabi Tel Avivi, Belgraden. Aurten, Euroligan, orain arteko zazpi neurketak galdu ditu. ACB ligan ere ez dabil askoz hobeto: Granada baino ez du gainditu, jaitsiera postuetan dagoen talde bat. Bihar 20:00etan Monako jasoko dute, baina ostiralean beste aukera bat izango dute Bartzelonaren aurka, Palau Blaugranan. Gabonak opariak egiteko garaia da, eta zerbait eman beharra dago ia kantxa guztietara joaten diren Baskoniaren zale horiei.
Baina ez pentsa Bilbo Basket askoz hobeto dagoenik. Europan baino gehiago, ACB ligan dute arazoa bizkaitarrek. 2024ko abenduaren 28tik ez dute irabazi Miribillatik kanpo: dagoeneko bigarren mailan dagoen Coruñaren kantxan. Beti esan ohi da bilbotarrak desberdinak direla, bakarrak munduan. Ez naiz ni izango horrelako topiko supremazistarik botako duena, baina, bai, oraingo honetan ACB ligan bakarrak dira. Hamar jardunaldi jokatu ostean, talde bakarra dago etxeko partida guztiak irabazi dituena eta kanpoko guztiak galdu, eta Bilbo Basket da hori: 5-0 Miribillan eta 0-5 kanpoan. Hori bai, berdin dio garaipenak zelan heltzen diren, heltzen diren bitartean behintzat. Kontuak kontu, 2019an ACB ligara itzuli zirenetik behin bakarrik lortu dute orain arteko balantzea hobetzea lehen hamar neurketak jokatuta.
Hain zuzen ere, Baskoniak Kanaria Handian eguraldiagatik jokatu ezin izan zuelako, Bilbo Basket Espainiako Koparako sailkatzen duten lehen zortzi postuen artean egongo da aste honetan. Gasteiztarrak izan dira kaltetuenak, baina ez bakarrik Baskonia, baita Roberto Iñiguez herrikideak zuzentzen duen emakumezkoen ligako Girona ere. Kontuan da, batez ere nesketan, berez, urtarrilaren 7rako jokatu behar dituztela bertan behera geratutako partidak; bestea Valentzia eta Zaragozaren artekoa izan da. Kontuan izanda gaur egun Gabonetan ere ez dagoela etenik, Eguberri egunaren bezperan edo biharamunean jokatu beharko dute.
Gora Kopak
NBAn ere bereziak dira Gabonak. Partida bereziki erakargarriak jartzen dituzte egun berezi horietarako. Hemezortzigarren urtez jarraian hamar taldek jokatuko dute abenduaren 24an eta 25ean: New York-Cleveland, Warriors-Mavericks, Oklahoma-San Antonio, Los Angeles Lakers-Houston eta Denver-Minnessota. Baina NBAn orain Gabonen aurretik ere badago zer ikusi. Hirugarren urtez jarraian ari dira jokatzen NBAko Kopa. Aurtengo finala New York Knicksek eta San Antonio Spursek jokatuko dute, gaur goizaldean, Las Vegasen. Finalaurrekoetan, Orlando Magic eta Oklahoma City Thunder kanporatu dituzte, hurrenez hurren. Hiru aldiz jokatu dute Kopa, eta, finalean gertatzen dena gertatzen dela, hirugarren txapelduna izango da: aurrekoak Lakers eta Bucks izan dira. Victor Wembanyama hilabetez jokatu barik egon ostean, egungo NBAko txapelduna kanporatzeko gai izan da. Oklahomak erakutsi du liga erregularrean geldiezina dela, baina iaz ere kanporaketa erabakigarrietan zailtasun gehiago izan zituen. Golden State Warriorsek sinatutako 24-1 balantzea berdindu dute liga hasieran. Lortuko dute 73-9koa gainditzea? Bitartean: gora Kopak!