Gauzak egiteko moduak eta moduak daude. Ondo. Txarto. Hobeto. Txarrago. Gogotsu Gogo barik. Badaude gauzak ondo egin behar direla esaten dutenak, bestela ez egiteko. Beste batzuek, ordea, gauzak egiteko gogoari ematen diete garrantzi handiagoa, ondo egiteari baino. Azkenean, kontua da gauzak egin, egin behar direla. Hori dela gutxienekoa. Berdin diola zelan egiten diren. Horrela ateratzen dira batzuetan gauzak aurrera. Ez dago besterik.
Egokitu
ACBk, adibidez, atzo egin behar zuen Espainiako Kopako zozketa. Ez zegoen beste datarik. Ezin daiteke egutegia moldatu, egokitu, hobeto esanda. Zozketako zerrendaburu bat oraindik argitzeke zegoenean osatu zuten zozketa. Murtzia edo Baskonia. Hemen bai ez dagoela beste aukerarik.
Gasteiztarrek otsailaren 8an jokatuko dute Kanaria Handiaren kantxan eguraldiagatik bertan behera geratutako neurketa. Azkenean bai izango da Koparako erabakigarria. Aldi berean, data berri horrek bi talde horien asteburu horretako jardunaldiko partidak mugiaraziko ditu. Bilbo Basketek jokatu beharko luke Kanaria Handian, eta Zaragozak Buesa Arenan. Horren ordez, 28. jardunaldiko partida aurreratuko dute, eta bilbotarrak Zaragozan ariko dira. Gauzak behar bezala ez egiteak beti ditu kalte ordainak.
Beste modu batera esanda, Baskoniak Kopako final-laurdenetan noren aurka jokatu nahi duen aukera dezake otsailaren 8an: Tenerife edo Bartzelona. Kasu honetan, eta ia beti esango nuke, denek nahiago dute ez bakarrik zerrendaburu izatea, baita partida irabaztea ere. Hemen bai ez dago aukera askorik, nahiz eta batzuek hain gustuko duten bestelako teoria konspiranoikoak erabili. Hain zuzen ere, askok zioten elkarren aurkako kanporaketa izango zela konponbidea. Baina ez atzo, ez inoiz, ez da gertatu Baskoniak eta Murtziak elkarren aurka jokatzea Kopako final-laurdenetan.
Kasu honetan, ez dago zalantza askorik. Gasteiztarrek irabazten badute, Teneriferen aurka jokatuko dute, eta, aldiz, galtzen badute, Bartzelonaren kontra ariko dira. Txus Bidorretaren taldeak azken urteetan gustuko du Kopa. Iaz, adibidez, Tenerifek kanporatu zituen kataluniarrak final-laurdenetan. Modu batera edo bestera ostiralean jokatuko dute, otsailaren 20an, 18:00etan edo 21:00etan. Hurrengokoak dira gainontzeko kanporaketak: Real Madril-Unicaja eta Valentzia-Joventut. Irabazleek elkarren aurka jokatuko dute finalerdietan.
Aurrerago gauzak hobeto aztertzeko denbora gehiago izango badugu ere, eta ohiko zozketa osteko erreakzioetan erori barik, Kopa erakargarria izango da beti bezala. Alde horretatik, Valentziako Roig Arena estreinatu berriak ere bestelako ikusgarritasun bat eman diezaioke.
Hala moduz
Otsailaren 19tik 22ra jokatuko dute gizonezkoen Kopa Valentzian. Emakumezkoena ikusteko, oraindik bi hilabete itxaron beharko ditugu. Tarragonak hartuko du aurten, martxoaren 26tik 29ra. Haiek ere ez dute itxaron nahi izan eta dagoeneko egin dute zozketa. Hurrengokoak dira kanporaketak: Zaragoza-IDK, Valentzia-Ensino, Jairis-Leganes eta Girona-Perfumerias Avenida. Gipuzkoarrek ez zuten zorte handirik izan, lehen itzuliko talde onenaren aurka jokatu beharko baitute final-laurdenetan, martxoaren 26an, ostegunean, 18:00etan. Aurkaririk zailenaren kontra bakarrik ez, egun eta ordutegirik txarrenean ariko dira. Izan ere, jarraitzaile donostiarrek zailago izango dute Tarragonarainoko bide luzea osatzea ostegunean lehen orduan.
Kontua da oraindik bi hilabete falta direla, eta ordura arte gauza asko aldatu daitezkeela: lesioak, jokalarien joan-etorriak, joerak… Pentsa, liga erregularreko bost jardunaldi baino ez dira faltako Kopa jokatzen dutenerako. Ordurako batzuek Kopan ez, bestelakoetan izan dezakete burua. Hemen ere, emakumezkoekin batez ere, hala moduz, txarto ez esatearren, egiten dituzte gauzak.