Nahita egon da lerro hauen idazlea asteetan Baskoniaren inguruan hitz egin barik. Aurreiritziak baztertuz. Proiektuari denbora emanez. Ebidentziak alde batera utziz. Behin Baskoniaren inguruan idatzi eta dinamika behetik gora aldatzeko. Ez sinistekoa iruditzen zait. Hala ere, honen inguruan ere ez ditut ondorioak atera nahi. Ez dut neure burua inondik inora ere guru moduan ikusten. Ez dut nahi.
Dirudien baino zailagoa
Aurreko denboraldian hilabete asko eta asko pasatu behar izan ziren gasteiztarrek hiru garaipen jarraian eskuratzeko: zortzi hilabete, zehazki. Maiatzaren 18tik 30era bitartean, ACB ligako fase erregularreko azken jardunaldian biribildu zuen sasoi guztian ezinezkoa zirudiena. Hori bai, hiru garaipenak Buesa Arenan lortu dituzte oraingoan. Kontuan izateko datua dela esango nuke, batez ere ikusita zer-nolako lana egin behar den etxetik kanpora irabazteko hala Euroligan nola ACB ligan. Modu batera edo bestera, joera onari jarraipena emateko aukera izango du gaur Baskoniak Bolognako Virtusen aurka, 20:30ean, etxean.
Badirudi Paolo Galbiatik buruan ekarritako bide orria aldatu behar izan duela. Joko bizia maite du entrenatzaile italiarrak, goitik beherakoa. Baina modu berean aldatu behar izan du plangintza. Zerbait ikusi du. Eta dirudien baino zailagoa da. Esan ohi da entrenatzaileak dituen jokalarietara egokitu behar duela, batzuetan kontrakoa egiten bada ere. Lehen partidetan arabarrek bi hutsune nagusi zituzten: defentsa eta errebotea. Lehen zazpi partidetan, ia 100 puntu sartu zizkieten batez beste; azken seietan, berriz, 83. Horrez gain, azken lau norgehiagoketan errebote gehiago hartu dituzte aurkariak baino.
Azkenean, batzuetan guk geuk saskibaloia berez den baino zailago bilakatzen dugu. Oinarriak dira funtsezkoak. Kontraerasoak lortzeko bi modu nagusi daude: errebotearen bidez edo lapurtutako baloien bidez. Egia da orain badaudela taldeak korrika egiten dutenak aurkariak saskiratu eta gero ere, baina kontuak atera besterik ez dago konturatzeko ez dela errentagarria. Hori bai, aitortu beharra daukat ikusi nahi dudala Galbiatik zelan sartzen dituen dinamikan berriro Trent Forrest eta Markus Howard, osatzen direnean.
Izarrak
Izarrek askotan baldintzatzen baitute taldeen jokoa. Ez da lehen aldia izango jokalari onenak barik taldeek emaitza onak lortzen dituztena. Behin baino gehiagotan esan izan dugu jokalari hobeak izateak ez duela ziurtatzen talde hobeak izatea. Epe laburrera ez, behintzat. Aurtengo Euroligan ikus daiteke hori. Zalgiris da liderra, Izar Gorria eta Hapoel Tel Avivekin berdinduta: sei partida irabazi dituzte, eta bi galdu. Sasoia hasi baino lehen, inor gutxik esango luke zortzi partidaren ostean goian izango zirenik. Serbiako taldeak, adibidez, entrenatzailea aldatu du tartean.
Azken batean, talde asko oraindik eraikitze fasean daude. Baten batek oraindik begiz jota dauka fitxaketen merkatua, Baskoniak adibidez, Luka Samanicek alde egin ostean. Real Madrilek ere Bruno Fernando gainetik kendu du NBAn hamabi denboraldi jokatu dituen Alex Len ekartzeko. Munduko saskibaloi ligatik kanpo geratu berri diren jokalariak dira. Azkenaldian Euroligako taldeen arteko fitxaketak ikusten ari gara:Â ustez aurkariak direnak indartzen ari dira.
Indartu direnak NCAAko taldeak dira. Aste honetan hasi berri dute denboraldia. Jakin-mina piztu dit berriro txapelketak. Batez ere bertako entrenatzaileek adinaren inguru rolak asko zaintzen dituztelako. Hau da, unibertsitate batzuetan zaila da etorri berri bat bostekoan sartzen ikustea. Mario Saint-Supery, Espainiako selekzioko partaide izana Europako Txapelketan, aulkitik atera da bere lehen partidan. Bilbotarren interesekoa, berriz, zera izan da: Thijs de Ridder hasieratik atera zen, eta ez hori bakarrik, taldeko onena izan zen lehen partidan, 21 puntu eta hamar errebote lortuta. Ruben Dominguezek, ordea, aulkitik hasi ditu orain arteko bi partidak.
Dena esan beharra dago, eta futbolean agian ez bezala, saskibaloian entrenatzaileek esan ohi dute garrantzitsuena ez dela partidak norekin hasten dituzun, baizik eta norekin amaitzen dituzun.