Negua luzea egiten zaigu arraunlarioi, eta ekainaren zain egoten gara. Egun ilunak alde batera utzi eta ilusio handiz hartzen dugu udara. Talde giroa sendotu, hara eta honako bidaiak gozatu, eta erronka moduan hartzen ditugu estropadak. Baina luze itxaron dugun hori di-da batean pasatzen da gero; desiratzen dugun momentua iritsi orduko, jada gehiena igaro da.
Ekainetik aurrera asteburuero izan dugu arraun zitaren bat eta, konturatzerako, emakumezkook liga amaierara iritsi gara. Gertu eta urrun ikusten dugu ligari hasiera eman zion estropada hura. Orain, asteburu bakarra falta da, eta bertan jakingo dugu zer taldek altxatuko duen koroa. Arraunlari batzuentzat lehen aldia izango da; beste batzuek beste behin errepikatuko dute sari preziatua jasotzeko une hori, halakorik errepikatuko ez zela uste zuten arren.
Emaitza onak lortzen direnean, poza eta ilusioa dira nagusi, eta horiek ematen dute hurrengo estropadei aurre egiteko indarra. Baina, aldi berean, pena ere sentitu ohi da, liga agurtzen delako. Ez baita aurtengoa bezalako ligarik berriro errepikatuko, ez taldekide, ez aurkari, ezta bizi izan ditugun egoera berberekin ere. Azken finean, horiek ematen diote urte bakoitzari xarma berezia.
Nekatuta heltzen gara liga amaierara, baina, halere, denboraldia beti burutzen da azkarregi. Dena den, badu alde onik: arraun munduko hitzordu handiena badator. Berriz ere denok zerotik hasiko gara, aukera berriekin eta berdinekin. Buru-belarri ekingo diogu amets handi hori lortzeko bideari; gozatu egingo diogu, eta denboraldiari amaiera onena emateko asmoz egingo dugu arraunean, amaiera horrek aldi berean poza eta tristura ekarriko dituela jakinda ere.