Pello Bilbao.
Euskal Herriko Itzulia: IRITZIA

Hasterako, txakalaldia

2016ko apirilaren 8a
00:00
Entzun
Hau da eguna hau! Lehertuta gaude denok. Bete-betean ekin diogu etapari, eta antzera amaitu dugu, dena emanda. Lesakatik abiatu, eta autobidean barrena ibili gara lehen kilometroetan, eta ezinezkoa izan da tarte horretan ihesaldia sortzea. Ondorioz, ero-ero iritsi gara Jaizkibel magalera, eta hantxe lehertu da dena. Indarrak neurtzea eta lasaixeago igotzea hobe zela pentsatu dut neurekiko, eta bigarren taldean geratu naiz, bi taldekide ondoan nituela. Aurrekoak kontrolatuz ibili gara une oro, eta, jaitsiera amaitzerako, talde nagusian sartzeko zorian egon gara. Baina gurpila zulatu zait orduantxe.

Bost segundokoa zen galera 20-25era igaro da berehala, eta su batean ibili gara berriz ere. Izugarrizko lana egin dute taldekideek. Arkalen asko hurbildu gara aurrekoengana, eta Fabio Fellinek eta biok erritmo aldaketa egin dugu atzetik aurrera joateko. Oiartzunen lortu dut, azkenean, taldetxo bat harrapatzea. Baina Sky aurrean eta BMC atzean, bi taldeak bete-betean zihoazen erreleboka, eta ez gara lasaitu multzo guztiek bat egin eta talde horiek ihesaldian txirrindulari arriskutsurik ez zegoela ikusi duten arte.

Hain hasiera eroan, ezinezkoa izan da ezer jatea eta edatea, eta txakalaldia nabaritzen hasi naiz berehala. Poltsikotik neukan guztia hartu, eta azkar batean hasi naiz jaten. Eta, tira, hainbestean lortu dut gorputza bere onera ekartzea, eta lasterketako erritmoa hartzea. Aiako lehen igoeran aurrean ibili naiz, eta bigarrenean ere saiatu naiz ondo kokatuta iristen. Baina ezinezkoa izan da aurrekoen erritmoari eustea. Bistan-bistan neuzkan Aia gainean, baina 30-40 segundo izango ziren denera.

Dani Moreno eta biok saiatu gara jaitsieran arriskatzen eta aurrekoekin bat egiten, baina berandu zen aldea murrizteko. Ezin denean, ezin da, eta hala beharko du. Hori bai, bat ahazterako bestea izango dugu Arraten. Sailkapen nagusia aztertuta, Skyk gogortu egin beharko du lasterketa, eta Izuako lehen igoeran jada erritmo bizi-bizia jarriko dutela uste dut. Kelderman bakarrik uzten saiatuko dira, gainerakoan betikoa gertatuko delako Arraten, espero dena baino askoz gutxiago. Gogortu eta errematea eman: hori izango da Skyren taktika.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.