mikel reina
Hirukotik

Hutsuneak eta hautagaiak

2025eko irailaren 9a
05:10
Entzun 00:00:00 00:00:00

Saskibaloian opor gutxi izaten dira normalean. Hirukotik-ek udako albiste emari eskasia baliatzen badu ere oporrak hartzeko, beti dago zerbait. Batzuetan, zurrumurruak izaten dira; beste batzuetan, harrobiko selekzioen arteko txapelketak, eta, konturatu orduko, denboraldia martxan da. Aurten, adibidez, kontinente bakoitzeko selekzioen arteko txapelketen txanda izan da. Ameriketakoa Brasilek irabazi zuen; Asia eta Ozeaniakoa, Australiak, eta Afrikakoa, Angolak.

Ez daudenak

Europakoa izango da jokatzen azkena: gaur hasiko dituzte final-laurdenak. Gaur partida hauek jokatuko dituzte: Turkia-Polonia (16:00) eta Lituania-Grezia (20:00); biharko norgehiagokak, berriz, hauek izango dira: Finlandia-Georgia (16:00) eta Alemania-Eslovenia (20:00). Serbia, Frantzia, Espainia eta beste selekzio batzuk ez daude bertan.

Hain zuzen ere, daudenengatik baino gehiago, ez daudenengatik gogoratuko dute zaleek Europako Txapelketa. Izan ere, eragina izan du. Txapelketa hasi baino lehen, asko izan ziren udakoa alde batera utzi, eta bertan ez egotea erabaki zutenak: Victor Wembanyama, Evan Fournier, Isaiah Hartenstein, Mo Wagner eta Donte DiVincenzo, adibidez. Beste batzuek, berriz, min hartu zuten bertan egoteko prestatzen ari zirela: Dzanan Musak, Rodions Kurucsek, Tomas Satoranskyk etaVincent Poirierrek. Hori gutxi ez, eta min hartutako jokalariek ere baldintzatu izan dute haien selekzioen etorkizuna: Bogdan Bogdanovicek eta Rokas Jokubaitisek.

Izarren distira 

Hala ere, badira distira egiten ari diren jokalariak. Luka Doncic, Giannis Antetokounmpo, Lauri Markkanen eta Alpere Sengun nahieran aritu dira orain arte. Fisikoagatik nabarmendu dira batzuk; beste batzuk, berriz, ahalmen teknikoagatik edo taktikoagatik. Baina inork ez du lortu haiek geratzea. Doncicek, adibidez, hiruko bikoitza lortu zuen Belgikaren aurka, lehen jardunaldian. Txapelketaren historian bosgarren aldia da jokalari batek hori lortzen duela. Antekokumpo eta Sengun hori lortzeko gertu egon dira behin baino gehiagotan. Erabateko nagusitasuna erakutsi dute, eta jokalari horien sasoiaren arabera egingo dute aurrera kanporaketetan euren selekzioek.

Doncic dago bakartien. Final-zortzirenetan, Italiaren aurka, 22 puntu sartu zituen lehen laurdenean. Hala ere, esloveniarrek sufritu egin zuten amaieran. Turkiak 2009an jokatu zituen azken aldiz kanporaketak. Ergin Atamanek herrialdeko jokalaririk onenak elkartzea lortu du aspaldiko partez, eta Sengunek gidatuta Cedi Osmani, Furkam Korkmazi eta, batez ere, Shane Larkini askoz errazagoa izan zaie jokatzea. Antetokounmpo, zelan ez, borroka asko egiten duten jokalariz inguratuta dago: tartean, bere bi anaiak.  Ez du beste askorik behar, gainontzekoa haren gorputzak egiten du.

(ID_15294896) LATVIA BASKETBALL
Luka Doncic txapelketako partida batean. LATVIA BASKETBALL TOMS KALNINS /EFE 

Hori bai, Alemania da oraindik ere garaikurra irabazteko hautagai nagusia. Duela bi urte Munduko Txapelketa irabazi zuen, eta jokalari garrantzitsuak falta dituen arren, belaunaldi bikainak elkartu ditu. Franz Wagner eta Dennis Schroder dira alemaniarren jokalari nabarmenenak. Orain Alex Mumbru da hautatzailea, Bilbo Basketeko entrenatzaile ohia. Erasora jokatzen dute alemaniarrek, eta arin. Horrek ondorengora eraman ditu: partidak batez beste 30 punturen aldeagatik irabaztera. 

Hautaketak

Frantzia eta Serbia kanpoan geratu direnez, beste selekzioek aukera gehiago dituzte dominak irabazteko. Nikola Jokicekin bazirudien serbiarren estropezu historikoak alde batera geratu zirela. Are gehiago, Parisko Olinpiar Jokoetan lortutako brontzezko dominaren ostean. Baina ez da hala izan. Bogdanovicen lesioak min egin die, baina askoz gehiago lortzeko taldea zuten. 

Frantziak jokalari gehiago falta zituen, eta talde gazteagoa zuen. Kasu horretan, hautatzaile aldaketak ez die onik egin. Azkenean, Vincent Collet ez zen hain txarra.

Gauza bera pentsatuko du Sergio Scariolok. Azken argazkiarekin geratzeko joera dugu, aurreko guztia kontuan hartu barik. Espainiako hautatzaileak zortzi domina lortu ditu 15 urtetan. Bidearen parte izan dira Dario Brizuela eta Xabi Lopez-Arostegi. Orain, Baskoniatik atera ostean, Pablo Laso gasteiztarra dago Espainiako hautatzaile izateko hautagaien artean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.