Estatubatuarrak dira Brandon McNulty eta Quinn Simmons, Amerikako Estatu Batuetakoak, esan nahi baita. Bi-biak ibili dira ihes eginda Galdakao (Bizkaia) inguruetan. Tropel nagusiari ihes eginda, agidanez. Nahi izanda ere, nekez egingo baitiote itzuri munduaren egoera negargarriari. Neurri handi batean, beraien ugazaba egomaniako atorranteak eta haren kide sionazi amorranteak eragindakoa. Hartzen ote dute tarterik mundualdiaren nondik norakoez hitz egiteko txirrindulariak tropelean doazen bitartean? Inor ausartzen al da halakoak errepide gainean jartzera? Agian ihesean joan den Guillaume Martin txirrindulari-filosofoa?
Jakina da Simmons trumpzale amorratua dela, edo izana dela, bederen. MacNultyren ideologiaz ezer ez zaigu iritsi… Ez naiz ari The Wire telesaileko Jimmy McNulty pertsonaiaz, zeinaren jardunbide zein pentsamoldeak emango lukeen egungo jende-modu baten pistarik… Eginahal betean ez, baina patxada samarrean doazela, atzoko ihesaldia osatu aurretik kasurako, egingo ote zuen inork tropelean bezperako su-eten gezurrezkoaren aipamenik? Edo, wattak, Pogacarren balentriak, Seixasen gaztetasuna, etaparen azken kilometroetako profilak… soilik izango zituzten ahotan?
Ihesean izandako gehienak ez ziren iritsi. Baina bai etaparen garailea: Alex Aranburu. Eta atzetik, Ion Izagirre, eta atzeraxeago, Pello Bilbao. Irudika ditzaket hirurak Itzuliaren amaieran, Bergarako taberna-zoko batean, honetaz eta hartaz solasean, ihes betean, poz batean.