Reala aipatu eta aita datorkit gogora ezinbestean. Egiari zor, aita, bere garaian, ez zen realzale sutsu-sutsua, denborarekin sutsuagoa bihurtu dela esango nuke, baina badauzkat 5-6 urterekin Realeko arroparekin nagoen argazki batzuk. Lehen taldearen poster edo argazkiak ere jartzen nituen nire logelan, eta une batean argazki horiez beteta izan nuen logela guztia. Donostiako Ikasbide ikastolan nenbilela, berriz, Gipuzkoako Foru Aldundiak sarrerak oparitzen zizkigun, eta horrela hasi nintzen pixkanaka Atotxara joaten, 11 bat urterekin. Atotxako giro hori, kornerraren inguruan, Peña Mujika oso gertu genuela... Gogoan daukat Realak gola sartzen zuen bakoitzean nola igotzen ginen kolore berdeko hesi horietara. Marrazaina bera 30 zentimetrora geneukan, eta intentsitate handiarekin bizitzen genuen futbola. Giro horretan indartu zen Realarekiko nire pasio sutsu hori.   Â
Garai hartan Zorroagan zegoen gure ikastola, eta gelatik bertatik ikusi genuen Anoeta nola eraiki zuten pixkanaka, eta Anoetan jada bazkide bihurtu ginen Atotxara joaten ginen lagunetako batzuk. Lan kontuak tarteko, urte asko daramatzat Madrilen bizitzen, baina 32 urte dira dagoeneko Realeko bazkide gisa, eta ahal dudan guztietan joaten naiz bai Donostiara eta bai Anoetara. Donostiara joan, partida ikusi eta zuzenean Madrilera itzuli, hori ere egin izan dut noizbait.
Europan barrena ere ibilitakoa naiz taldearekin: Milanen, esaterako; Manchesterren, nahiz eta Iñigo Martinezek partida hasiera-hasieran sartu zuen gola bere atean; Benficaren aurkako gaua ere ederra izan zen... Oporretan banago, saiatzen naiz Realarekin edonora bidaiatzen.Â
Eta Kopaz ari garenez, ezinbestean aipatu beharra daukat azken titulua. Ikaragarrizko zortea izan nuen 2021ean, Realak 6-7 orduko streaming programa bat egin zuelako orduan, eta niri deitu zidatelako Sevillara zaleen ordezkari gisa-edo joateko. Burbuila batean mugitu ginen denok, hotelean ere Realekoekin geunden, ospakizunetan ere parte hartu genuen... Izugarria izan zen. Gogoan daukat jokalari batzuek niri eskatzen zidatela argazkia, baina nik eurekin atera nahi nuela, noski! Joaterik izan ez zenuten zaleak gogoan, Oiartzabalek gola sartu zuen ateko sare zati handi bat ere hartu genuen, eta kazetari guztiei banatu genien gero, oroitzapen moduan. Twitterren ere zozkatu nituen beste hainbat zati. 2.000 lagunek baino gehiagok eman zuten izena! Nola ez, etxean dauzkat sare zati txiki bat eta egun hartako akreditazioa.
Baina merezi genuen zaleak bertan direla beste final bat bizi ahal izatea. Irabazteko gai garela sinetsita nago, Reala oso momentu onean dagoelako, Matarazzok bestelako itxura bat eman diolako taldeari, energia daukalako... nahiz eta atzean sendotasun pixka bat falta zaion, geldikako jokaldietan, batez ere. Baina beste Real bat da hau, eta edonori irabazteko gai da. Futbol festan parte hartuko dugu, eta espero dezagun arazorik ez egotea, nahiz eta beldur pixka batekin joango garen. Karga sinbolikoagatik batez ere, finala irabaztea merezi dugu. Aitor Zabaletagatik irabazi beharra daukagu, eta irabaziko dugu. Gora Reala! Egurra!