Danel Agirre.
SASKI DA!

Ikuskizuna, (ia) destilatua

2015eko apirilaren 7a
00:00
Entzun
Galdutako xalotasuna. Automata dirudun eta obeditzailez betetako egitura merkantilista perfektuak dira eliteko kirol lehiaketa ezagunenak. Eta hain ezagun ez diren diziplinen helburua beti da diru sarrera oparoagoak erdiestea, ahal den atleta eta laguntzaile guztiei gero eta soldata altuagoak bermatzea. Telebista aurrean eserita eta estadiora hurbilduta negozioa finantzatzen dutenek ia ahaztuak dituzte txapelketa mordoa amateurrak zireneko garaiak. Olinpiar Jokoek profesional dirudunenei ateak ireki dizkiete azken urteotan, eta kirola zerbitzu sektore globaleko zutabe garrantzitsu da. Erromantizismoaren bila dabilenak zail dauka egungo testuinguruan. Jarraipen murritzeko proba exotiko samarrak, edo herriko gaztetxoen asteburuko demak.

Alternatiba bila. Sistemaren barruan, anomalia atsegingarriak dira Estatu Batuetako unibertsitateetako txapelketak. Eliterako ia prest dauden atletak dira bertan aritzen direnak, baina zeroz jositako soldatak ekuaziotik at geratzen dira. Amateurrak ez direnak entrenatzaileak dira, eta horiek bai, horiek lansari gizen askoak dituzte —NBAko teknikariei inbidia eragiteko modukoak ere bai, batzuetan—. NCAA ezin erakargarriago bihurtzen dutenak harmailak lehertzear betetzen dituzten ikusleak dira. AEBetako kirol profesionaletako estadioak ezin dira han sortzen den giro zalapartatsu eta ezin sanoagoarekin lehiatu. Izatez, askoz zailagoa da Durhamen Duke ikusteko sarrera bat arrantzatzea, Madison Square Gardenen Knicksentzat baino. Kilometro batzuk iparralderago, Syracuse unibertsitateko Carrier Domen 35.446 lagun pilatu izan dira. Futbol amerikarraren kasuan, zifrak are harrigarriagoak izan ohi dira.

Urteko hilabete onena. NCAAko saskibaloia zirraragarria ere bada oso, txapelketaren eraketa burugabe bezain zoragarriagatik. Martxo hasieratik lehen mailako ehunka unibertsitateetatik 64 onenak lehia bakarreko kanporaketetan neurtzen dira, kantxa neutralean eta erritmo frenetikoan. Ikasleen udaberriko oporrak ere tarteko izaten direnez, herrialdeko pabiloi handienak bi kolorerekin margotuta azaldu ohi dira. Modu erosoan ikus daitezkeenen artean, saskibaloi zale neutralak ez du March Madness (martxo eroa) hori baino ikuskizun kutsatu gabeagorik aurkituko.

40 behar ziren, ez 38. Tarte handiarekin, Kentucky zen aurtengo multzo ahaltsuena. John Calipariren bostekoa izar gazte batzuek osatzen zuten, oraindik profesional izan gabe NBAn ibilbide oparoa izango duten bermea duten eta 38 lehia jarraian poltsaratu zituzten izar gazteek (Karl Anthony-Towns, Willie Cauley-Stein, Devin Booker). Izan ere, hori da NCAAren amateurtasunaren amarrua. Atleta askok erakusleiho gisa bakarrik erabiltzen dutela, ikasketekiko aparteko interesik gabe. Wisconsinek kaleratu zuen ordea Kentucky zapatuko finalerdian. Gaur goizaldean Duken aurka finala jokatzekoa zen; hark ere baditu beste pare bat pieza oso interesgarri (Jahlil Okafor, Justise Winslow).

Non sartu da Javi? A. C. Green Lakerseko hegal pibota 1.192 lehiatan aritu zen jarraian 1986 eta 2001 artean, lesio edo zigorrengatik inoiz hutsik egin gabe. NBAko errekorren artean gainditzeko zailena da ziur asko. Morroi oso bitxia zen Green: kirolik egiten ez zuenean zotin arraro batek gogaitzen zuen, eta lotarako eragozpenak izan ohi zituen. Bere gorputz gihartsua lasterka edo gimnasioan zegoenean bakarrik lasaitzen zen. Mikrofonoa aurrean ipini, eta lau hitzetik hiruk erlijioarekin zerikusia izaten zuten. Haren ustez, hamabost urtez norgehiagokarik ez galdu izanaren sekretua 38 urterekin oraindik birjina zela erretiratu izana zen. Javi Salgadok A. C. Green baino tipo arrunxeagoa dirudi, baina zortzi urte zeramatzan hark ere partida bat galdu gabe. Peritonitis batek enbarazu egin zionetik 287 partidatan jokatu du. Zutabe honetan jardun izan naiz baliabide fisikorik puntakoenak izan gabe harena bezalako ibilbide bat gauzatzeak duen merituaz. Hain mengela ere ez da haren makineria, batere hondatu gabe elitean hain luzaro iraun badu.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.