Bilbo Basketek historia egin dezake. Lehen taldea izan daiteke bi urtez jarraian FIBAren Eurokopa irabazten. Bihar jokatuko du finaleko joaneko neurketa, Tesalonikan (18:15); itzulerakoa, berriz, astebete barru, Bilbon. Lehen aldia da finala errepikatzen dena. Aurreko denboraldian ere Bilbo Basket eta Tesalonikako PAOK aritu baitziren parez pare finalean. Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak datuak alde ditu; testuingurua, ordea, ez hainbeste.
Datuak, mahai gainean
Bilbo Basket da egungo txapelduna. Aipatu bezala, aurreko denboraldian PAOKen aurka aritu zen, baita ere, finalean. Hori aski ez, eta orduan itzulerako partida Grezian jokatu zuten, Tesalonikan. Oraingoan, berriz, Bilbon jokatuko dute. Pabiloia bete egingo da, minutu gutxian agortu egin baitziren sarrera guztiak. Denboraldi honetan dagoeneko bi neurketa jokatu dituzte elkarren aurka, eta bietan garaile izan dira bilbotarrak. 22 punturen aldeaz irabazi zuten Bilbon (95-73), eta puntu bakarragatik Tesalonikan (87-88).
Beste aldagai garrantzitsu bat ere badago: atsedenarena. Bilbo Basketek ez du partidarik izango asteburuan. ACB ligan Zaragozaren aurka jokatu behar zuen. Baina, egutegi kontuak tarteko, partida hori otsailean jokatu zuten. PAOKek, berriz, ligako partida izango du larunbatean, etxean. Hortaz, Jaume Ponsarnauk aste osoa izango du itzulerako partida prestatzeko. Gainera, jokalariak ondo osatu ahalko dira bihar egingo duten ahaleginetik.
Denboraldi honetan Bilbo Basketek norgehiagoka bakarra galdu du FIBAren Eurokopan. Peristeriren aurka izan zen. Txapelketako lehen partida zen, eta bilbotarrak hemezortzi punturen aldeaz egon ziren irabazten, baina azkenerako 81-84 galdu zuten. Hortik aurrerako guztiak irabazi egin ditu, eta marka asko hautsi ditu. Aurreko denboraldian baino bide samurragoa izan dute finalera iristeko. Datuei begiratuta faborito dira, ez dago inolako zalantzarik. Gaur egun, datuek, zenbakiek, gero eta garrantzi handiagoa dute, baina saskibaloia eta bizitza ezin dira horretara mugatu. Dena ez da big data, badaude bestelako aldagai batzuk. Are gehiago, Grezian, Tesalonikan.
Zalantzarik ez dut: Bilbo Basket PAOK baino talde hobea da. Baina finaletan, bi partidara izan arren, erabakigarriagoak izan ohi dira jokalariek bakarka egin ditzaketen erakustaldiak. Hor greziarrak indartsuagoak dira. Murtziaren aurkako finalerdietako azken minutuak ikusi besterik ez dago, nahiz eta Sito Alonsok zuzentzen duen taldeak jokalari trebeak dituen bakarkako jokaldietan.
Zerikusi txikia
Ponsarnauk molde horretako jokalari bakarra dauka: Darrun Hilliard. Baina min hartuta dago, eta ez dago argi jokatzeko moduan izango den. Eskoltak aitortu zuen bere helburua apiril-maiatz ingurura denboraldiko sasoirik onenean iristea zela, baina entrenamendu batean min hartu zuen. Hilliard beteranoa da, eta badaki denboraldiko partidarik garrantzitsuenak orain jokatzen direla. Gainera, eskarmentua du horrelako partidak jokatzen. Hamaika bizitakoa da.
PAOK taldeak jokalari trebeak ditu buruz buruko jokaldietan: Breeyn Tyree, Timmy Allen, Cleveland Melvin eta Ben Moore; baita Tomas Dimsa ere. Entrenatzaile aldaketarekin irabazi egin dute, orain badakitelako zertara jokatzen duten. Ez dute gehiegirik behar, egia esan. Fisikoki ahalmen handia dute, eta horretaz baliatzen dira kantxako bi aldeetan. AEBetako jokalariekin horrelako jokatzeko modua landu behar da: jokaldi sinpleak egin, non bat baten aurkako egoerek garrantzi handia duten. Zerikusi txikia daukate urte hasieran Bilbo Basketen aurka jokatu zuen taldeak eta gaur egungoak. Erreferentzia horrek ez du askorako balioko.
Horregatik guztiagatik, Bilbo Basketek komeni zaion aldera eraman behar du kanporaketa, eta Tesalonikako infernutik bizirik atera. Sito Alonso horretaz kexatu zen finalaurrekoetan. Alde horretatik, aurreko denboraldian bertan jokatu zuten jokalari ugari ditu oraindik taldean Ponsarnauk. Hori lagungarria izango da. Argi izan behar dute biharkoa galtzeak ez duela esan nahi finala galduta dagoenik. Zaila izango da bihar kanporaketa erabakita geratzea. Beti esan ohi da hamar punturen aldea psikologikoa dela, bai alde eta bai kontra. Helburua ondorengoa izango da: finala Tesalonikako infernuan baino, Miribillako infernuan erabakitzea.