Mende erdi bat baino gehiago. 53 urte. Denbora hori guztia itxaron behar izan du New York Knicks talde historikoak berriro ere NBAko txapeldun izateko. Pentsa, munduko saskibaloi ligarik onenaren frankiziaren sortzaileetako bat da. Aurten, Kopa ere irabazi dute.
Aurrerapausoa
Mike Brown entrenatzaileak erronka handia zeukan esku artean: Tim Thibodeauren lana hobetzea. Aurreko denboraldian Knicks ekialdeko konferentziako finalera heldu zen, beraz, helburua bakarra zen: NBAko finalera heltzea. Ez zegoen beste aukerarik. Hala egin zuten, eta nola, gainera. Hamahiru partida irabazi zituzten segidan. Taldeak lortutako markarik onena da hori.
Horretarako, azken urteetan defentsan egindako lan onari eutsi diote, eta erasoan libreago jokatu dute. Jalen Brunsonen eskuetan egon da baloia une askotan, eta beti bezain erabakigarria izan da. Horregatik irabazi du finaleko jokalari onenaren saria. 2024an 114 milioi barkatu zizkioten frankiziari, klubak malgutasun ekonomikoa izan zezan eta lau urterako sinatu ahal izateko.Â
Ondo inguratu dute. Karl Anthony-Townsek aurrerapauso nabarmena eman du, eta erabakigarria izan da. Puntuak sartzeko gaitasuna izateaz gain, bere taldekideentzako jokoa sortzen hasi da. Hau da, orain arte Knicksek jokatzen zuenean begi guztiak jokalari batengan zeuden jarrita; orain, berriz, birengan. Townsek beti sartu ditu puntuak, baina orain jokalari osoagoa da.Â
Hain zuzen ere, taldeko gainontzeko jokalariak erosoago sentitzen dira baloirik ez dutenean: mozketetan, erasoko errebotea bilatzean... Horixe da beste gakoetako bat. Entrenatzaileak txandakatze gehiago egin ditu partidetan, batez ere liga erregularrean. Lanerako egon dira Anunoby, Hart, Bridges, Shamet, Alvarado, Clarkson eta Robinson. Ligaren etorkizuna txandakatzeetan sartzen diren jokalari horien garapenean datza.
Esperientzia
Era berean, lanerako dauden horiek ezarri dute langa arlo fisikoan. Izugarrizkoa izan da, gehiegizkoa batzuetan. Beste garai batzuetako finala zirudien, 2026koa baino gehiago. Epaileek bide eman diete jokalariei kontaktu askorekin jokatzeko. Aztertu beharreko zerbait da. Jakina da epaileek ez dutela jarrera bera izan fase erregularrean edo kanporaketetan. Are gehiago, urtean zehar ere gero eta gorabehera gehiago dituzte. Batzuetan gehien eta ondoen jotzen duenak irabazten du. Knicks freskoago iritsi da finalera, Spursen eta Thunderren arteko finalerdia ikustekoa izan baitzen. Kontaktu asko egon zen.
Esperientzia, edo haren falta, izan da finaleko beste gako nagusietako bat. San Antonio minutuen %90ean inguru joan da aurretik. Laugarren partidan Knicks 29 puntuz egon zen atzetik, baina partida iraultzea lortu zuen. Eromen hutsa izan zen New Yorken bizitakoa. San Antonio Spursen jokoan oinarri izan diren jokalari gehienentzat lehen kanporaketak ziren, eta beraz finala ere lehen aldiz jokatu dute. Minutu erabakigarrietan antzeman zaie esperientzia falta. Partida gehienetan ez dute jakin lehen laurdenetan lortutako abantaila kudeatzen.Â
Etorkizuna
Alde horretatik, De’Aaron Foxek jokatutako finalak zalantza asko sortu ditu. Hark eman behar zion taldeari lasaitasuna, eta ez du hori lortu. 50 milioi kobratuko ditu hurrengo denboraldian, eta Dylan Harperren garapena oztopatzen ari dela ematen du. Izan ere, San Antoniok etorkizun handiko jokalariak ditu. Horren adibide dira Castle, Johnson, Vassell, Bryant edota Champagne. Askok sinatu gabe daukate oraindik lehen kontratua. Horrez gain, taldeko izarrak, Victor Wembanyamak, beste dimentsio bat ematen du kantxaren bi aldeetan. Halako jokalariek modua ematen dute beste jokalari batzuk fitxatu ahal izateko. Denek jokatu nahi dute harekin. Denek jokatu nahi dute irabazteko ahalmena duten taldeetan, batez ere beteranoagoak direnek. Ingurua da gakoa, eta ez da bera New Yorken eta San Antonion.
Finaleko sarreren prezioa ere aipatu behar da, bukatzeko. Gehiegizkoa izan da: merkeenak 7.000 euroren truke saldu dituzte. Ikusle aldetik marka guztiak gainditu dituzte, hala ere.