mikel reina

Inoizko...

2025eko irailaren 30a
05:05
Entzun 00:00:00 00:00:00

Inoizko gogorrena. Inoiz berdinduena. Inoizko... Txapelketa bat hastear denean hori errepikatzen da denboraldiro. Euroligarekin gertatu izan da hori azken urteetan. Ez naiz ni horretan hasiko. Baina sasoi honi begira, argi dagoena zera da: inoizko luzeena izango dela. Lehen ligaxkan 20 talde arituko dira nor baino nor gehiago, aurreko denboraldietan baino bi gehiago. Denek denen aurka jokatu dute, eta joaneko eta itzulerako norgehiagokak izango dira. Zer esan nahi du horrek? Talde guztiek gutxienez 38 partida jokatuko dituztela, eta hamar jardunaldi bikoitz egongo direla. 

Bakarra txapeldun

Klubak gero eta jokalari gehiagoz osatutako multzoak egiten ari dira; ahal dutenek, behintzat. Aurrekontuetan ere nabaria da aldaketa. Alba Berlinek txapelketa utzi du, eta Valentzia Basket, Hapoel Tel Aviv eta Dubai sartu dira. Hirurek inbertsio handia egin dute, haien sarrera justifikatu nahian. Hori izango da arazoetako bat: talde ugari daude diru asko jarri dutenak. Baina azkenerako zortzik bakarrik jokatzen dituzte kanporaketak; lau aritzen dira nor baino nor gehiago lauko finalean, eta bakarra da txapeldun. Irabaztera behartuta dauden talde gehiegi daude. 

Baskoniak egoera horretan jarraitu beharko du lehiatzen. Arabarrek gaur ekingo diote Euroligari, Buesa Arenan, 20:30ean, Olympiakosen kontra. Greziako taldea aurrena izan zen aurreko denboraldiko ligaxkan, baina, gero, behera egin zuen Lauko Finalean. Baskoniak ere aurreko sasoietan baino jokalari gehiago ditu taldean. Uste dut ACB ligari begira hartu duen erabaki bat izan dela, Euroligari begira baino gehiago. Fitxatu dituzten AEBetako hiru jokalariak horren adierazle dira. Hori bai, lesioak tarteko, gutxieneko jokalari kopuruarekin helduko dio partidari. Markus Howardek eta Rodion Kurucsek ez dute partidarik jokatu denboraldiaurrean, eta Mamadi Diakite,Tadas Sedekerskis eta Timothe Luwawu-Cabarrot aulkian geratu ziren Euskal Kopan, Bilbo Basketen aurka. Baskoniak denboraldiaurrean irabazi duen norgehiagoka bakarra izan da bizkaitarren aurkakoa. Azkena, behintzat, irabazi du. 

Paolo Galbiatiren inguruan oraindik ezer gutxi esan daiteke, ezin daiteke ondoriorik atera. Ez du astirik izan nahi duen hori erakusteko. Gainera, ezin izan du lan egin erabakigarriak eta garrantzitsuak izango diren hainbat jokalarirekin. Estreinakoa izango du Euroligan, eta zera jakin beharra dauka: Euroligan berehala geratu zaitezkeela aukerarik gabe, eta txapelketak ez duela barkatzen. Berehala geratu zaitezke jokoz kanpo.  

Kanpoan geratu beharko zirenak Israelgo taldeak dira. Baina, oraingoz, toki ziurra dute Euroligan. Ligaxkaren azken jardunaldietan jokatuko dute Gasteizen: martxoaren 25ean Hapoelek, eta apirilaren 7an Maccabik.

Itsasargia

Jaume Ponsarnauk ere nahi baino denbora gutxiago izan du lan egiteko. Bilbo Basketek jokalari asko izan ditu Europako Txapelketan. Sasoiaurrea egiten aritu diren jokalarietako batzuk, gainera, min hartuta egon dira. Bassala Bagayokok izan du lesiorik larriena. Sorbaldan hartu zuen min, eta ikusteko dago bizkaitarrek beste jokalariren bat fitxatzen duten. Taldera iritsi diren jokalarien artean, bi azpimarratuko nituzke: Justin Jaworski eta Darrun Hilliard. Biak trebeak dira puntuak sartzen. Hain zuzen ere, Bilboko taldeak horixe falta izan zuen aurreko denboraldian, Lanerako ekarri dituzte, berriz, Margiris Normantas eta Stefan Lazarevic.

ACB ligaz ere esan dezakegu inoizko... izango dela? Berriro diot: ez naiz ni horretan hasiko. Baina bai, akaso, ligaren mailak gora egin duela. Euroligan ari diren taldeek arnasa hartzen dute askotan asteburuetan, eta, ondorioz, ezustekoren bat egoten da. Hemezortzi taldetik hamabik jokatu dute Europan, eta ahaleginak banatzea funtsezkoa izango da askorentzat. Sailkapeneko behealdeko taldeek ere gehiago inbertitu dute fitxaketetan, eta azkenaldian gutxi dira hasieratik sailkapenaren behealdean geratzen diren. taldeak. Hori dela eta, Bilbo Basketek eta antzeko taldeek ez dute ahaztu behar garrantzitsuena ACB liga dela: itsasargia. Europan aritzea aurreko denboraldi onaren sari bat besterik ez da. Gainera, bizkaitarrek ondo dakite FIBAren Eurokopak zer maila duen lehen fasean.

Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.