Saskibaloian, eta oro har bizitzan, irabaziz galdu dezakezu, edo galduz irabazi. Gainera, zentzu askotan gerta daiteke hori. Gaurkoan horren inguruan ariko gara. Emaitza soiletik harago, epe ertain edo luzera, ikuspuntuak asko balio du. Izan ere, ondorioak oso bestelakoak izan daitezke.
Hurbilekoena
Hurbileko kasu batetik hasiko gara: Baskoniatik. Gasteiztarrek duela ia hilabete irabazi zuten Espainiako Kopa. Ordutik partida bakarra irabazi dute, Lleidaren aurkakoa. Kasu honetan, sentsazioak okerragoak izan dira emaitzak baino. Izan ere, irabazten denean, galtzeko arriskua ere badago, bidean batik bat. Paolo Galbiatik berak aitortu zuen jokalarietako askok lehen aldiz irabazi zutela garaikur bat, eta horrek apur bat aztoratu egin dituela. Egiari zor, Baskoniak ez du zereginik Euroligan. Baina ospea edo irudia berehala galtzen dira, eta asko kostatzen da berreskuratzea.
Epe kontua
Etorkizunera begira, Baskoniaren Gazteen taldeak lehen aldiz hartu du parte Euroleague Next Generation txapelketan. Europako 18 urtez azpiko talderik onenak lehiatzen dira bertan. Lau egoitzatan jokatzen ari dira lehen sailkatze fasea, data desberdinetan, eta Lauko Finalarekin batera jokatuko dute azken fasea. Bolognan (Italia) jokatu dute gasteiztarrek lehen fasea, eta txapeldunorde geratu dira, Bartzelonaren atzetik. Aurretik, abenduan beste txapelketa ospetsu bat jokatu zuten, L'Hospitaletekoa. Han ere bigarren izan ziren.
Baskoniak Inoizko harrobiko talderik onena dauka denboraldi honetan, baina globalizazioaren eredu da. Stefan Joksimovic da jokalaririk ezagunena, lehen taldearekin aritu baita behin baino gehiagotan. Bolognako finalaurrekoetan 38 puntu sartu zituen, eta bosteko onenean sartu dute. Juom Maker Bolek, berriz, Espainiako Kopan egin zuen debuta. Baskoniako elastikoarekin Kopan debutatu duten jokalaririk gazteenetakoak dira. Mate Khatiashvili ere Georgiako selekzioarekin jokatzen ari da, nahiz eta oso gaztea izan. Kontuan hartu behar dira, baita ere, Pedro Lucas Souza, Thierry Henry Alves de Souza eta Chiek Diallo.Â
Hor ere, epe laburrean, irabaziz galdu daiteke; edo irabazi epe luzera. Jokalari horiek talde asko dituzte atzetik, eta Baskoniaren zaleek ere lehen taldean ikusi nahi dituzte. Baina zaila izango da. Beste askok bezala, NCAAko eskaintzak izango dituzte. Gauzak horrela, Baskoniak etorkizunera begiratu beharko luke. Haien formakuntza eskubideei eutsi beharko lieke, eta Europara itzuliz gero, lehentasuna izan haiek ekartzeko.Â
Zaila da, ezinezkoa ez esatearren, Ameriketako Estatu Batuetako eskaintzei kasurik ez egitea. Orain, gainera, ia edozein joan daiteke. Bart hasi da, adibidez, March Madness txapelketa. Lehen aurrekanporaketak jokatzen ari dira, eta bertan parte hartuko dute, adibidez, joan den udan Bilbo Basketetik joan ziren bi jokalarik: Thijs de Ridderrek eta Ruben Dominguezek. De Ridder Virginiako Unibertsitatearekin lehiatuko da, eta Dominguez Texas A&M taldearekin. Denen helburua da txapelketa hori jokatzea, eta bi horiek lortu dute. Dirua ere irabaziko dute. Baina, agian, etorkizunari begira galdu egingo dute, irabazi baino gehiago.Â
Beti berberek
Azkenik, badaude jokatu aurretik galtzen diren partidak. Baskoniari, adibidez, hala gertatu zaio Euroligan dauden Israelgo taldeen aurka jokatu behar dituen bi partidekin. Klubak astelehenean jakinarazi zuen Hapoelen eta Maccabiren aurkako partidak ateak itxita jokatuko dituztela Buesa Arenan, hilaren 27an eta apirilaren 7an. Askotan berberek irabazten dute, galtzekorik ez dutelako. Horrenbestez, Valentzia Basket izan da saskibaloi talde bakarra zaleen aurrean jokatu duena Israelgo taldeen aurka. Urtarrilaren 29ko Maccabiren aurkako partidan, bazkideek aukera izan zuten Roig Arenan sartzeko.
Bilbo Basket gaur lehiatuko da Europan. Jaume Ponsarnauk zuzentzen duen taldeak FIBAren Eurokopako final-laurdenetako itzulerako partida jokatuko du gaur Miribillan (20:00), Turkiako Petkim taldearen kontra. Joanekoan bizkaitarrek zortzi punturen aldeaz irabazi zuten: 69-77. Â Errenta horri eutsiz gero, finalerdietan izango dira.