Askotan esan ohi dugu pilotan 22. tantoa egin arte partida ez dela bukatzen, ordura arte segitu egin behar dela ekinean; eta igandeko partidak irakaspen hori berretsi baino ez zuen egin. Asko izan baikinen 10-3ko hartan partida hautsiko zela eta, aurreko urtean gertatu legez, finalak Jokinen aldera erraz joko zuela pentsatu genuenak; seguru asko, 15-19koan txapela Iñakiren buruan ikusi genuen berberak. Bada, ez bata, ez bestea.
Pena handia izango du Iñakik, oso gertu izan baitzuen buruz buruko txapela; duela pare bat hilabete binakakoa izan zuen eran. Horrelako momentuetan, irabazteaz eta galtzeaz Iñakik berak idatzitako bertso bat ekarri nahiko nuke gogora: Biek ere badute arriskurik berez:/ galtzean sentitzea txar hutsa ahalez/ irabaztean, berriz, jainko txiki bat lez./ Bata ez da egia, bestea ere ez. Gogora ditzala egunotan hitzok, egiten ari den lanaz eta erakusten ari den jokoaz zein balioez harro egoteko moduan baitago. Nire ustez, badira pilotak txapel bana zor dien bi pilotari: Iñaki Artola eta Jon Ander Albisu. Ea berandu baino lehen kitatzen duen zor hori haiekin.
Eta Jokinez, zer esan? Bada, marka guztiak hausteko bidean dagoela. Igandean, asko sufritu arren, hortzak estutu, partidari eutsi eta momentu erabakigarrienean buelta ematea lortu zuen. Bejondeiola. Duela urte eta erdi, Jokinek 2023ko lau eta erdiko finala irabazi ondoko egunean, zera idatzi nuen: nire begiek ordura arte pilotan jokatzen ikusi zuten pilotaririk onena Aimar Olaizola zen arren, Jokin Altuna ikusita iritziz aldatzen hasia nintzela. Bada, aitor dezadan: iritzia aldatu dut.