Xabier Mikel Errekondo.
IRITZIA

Iruñetik mundura, galanta egin genuen!

2021eko apirilaren 27a
00:00
Entzun
Badira 20 urte! Eta ez dira ezer ene barruan. Hala adierazten dit, behintzat, pentsatze hutsak trumilka ekartzen didan irudi eta emozio andanak... Oraindik ere giharrak zein sentipenak dantzan zaizkit jartzen. 2001eko apirilaren 28an, Bartzelona ahalguztiduna gaindituta, Portland San Antonio lehenengoz Europako Kopako txapeldun bilakatu genuen. Joanekoan 30-24 irabazi genuen, eta itzulikoan, 25-22. Galanta egin genuen!

Joanekoan etxean lortu garaipen garbiak irabazle sentitzen hasteko eskubidea eman zigun, eta itzulikoa iritsi bitartean aste osoko egun bakoitzean odolaren borborrari eutsi egin behar izan genion, barne urduriek eta emozioek urdaila zulatu ez ziezaguten: etxean senide artean, entrenamenduetan, kazetarien elkarrizketa bonbardaketan... Ordulariaren segundo bakoitzaren tik-a mailu kolpea bailitzan sentitu arte. Agian, ene bizitzako asterik luzeena izan zen.

Nazioarteko feria ezagun bat zela-eta, Bartzelona inguruko hotelak beteta zeuden, eta Calellan hartu genuen ostatu, zeina Espainiako Poliziez beteta zegoen, konferentzia bat egiten ari zirelako; hura zortea. Egonaldia ez zen samurra izan egunez, mugimendu dezente baitzegoen. Baina are gutxiago gauak. Mateo Garraldarekin nengoen gelan, eta balkoirako beirategi zabala tapatzeko errezela beltzak grapatu arren, Mateori kaletik zuzendutako irain oihuek ordu txikiak arte iraun zuten.

Gorabehera guztien gainetik, hala ere, arratsaldean prestu abiatu ginen partidara, Palau joko zelairantz, gure harea-zelairantz. Eta autobusean Gladiator filma irensten genuela bertaratu ginen, musika lehertzear, hain justu, koliseoko hareara irtetera doan une horretantxe, hankarekin hautsak harrotuz, eraso mehatxuan dabilen zezena lez. Jakitun geunden desiratutako gure herioa egiaztatzera, Palau koliseoan aurkariaz gain, zain geneuzkala beste 9.000 ikusle-erromatar odol gose.

Partida ongi kudeatu genuen, bereziki bi unerik larrienetan, gol batera edo bira hurbildu zitzaizkigunean; barneratuta baikenuen, horiek eman, emango zirela. Pentsa, minutu eta erdiren faltan, Bartzelonak gol bat baino ez zuen behar txapeldun izateko, baina guk sartu genituen bi, eta Kopa irabazi! Txapeldunak! Hombradosek eta Richardsonek egindako partida mundialak lagundu zuen horretan. Eta eromenak hartu gintuen; ez da gutxiagorako! Saltoak, orroak, besarkadak, irribarreak, musuak, besarkadak, musuak, orroak...

Perfektua izan zen guztia. Pentsa, palkoak luxuzko zertifikazioa eman zigun ere: Iñaki Urdangarin, Kristina eta Errege Juan Carlos pertsonaia errepikaezinek. Ederrak entzun zituen egungo Errege Emeritu gizajoak sari banaketan Bartzelonako ehunka jarraitzaileren eztarri urratuetatik: Puta España oihua, behin eta berriz. Hori bai, egoera malapartatuari tinko eutsi zion irribarretxo eta guzti. Soldata ederki irabazi zuen.

Bezperan ez ginen handiak. Irabaztearekin handiak bihurtu ginen. Biharamunean ohartu ginen, eta egunez egun balio handiagoa du. Baiezta dezaket orduan esan zigutena: «Denborarekin sentituko dugu, gaur baino gehiago, gaurkoaren benetako balioa». Betiko geratu(ko) den balentria! Harrotasuna. Ederra egin genuen!

Ahaztezina udaletxeko balkoitik Kopa iruindarrei eskaini genienekoa ere, plaza beteta, San Ferminen antzera. Zirraragarria! Nire hitzartzean euskaraz zuzendu izanak ez zien graziarik egin ez politikariei, ez zuzendaritzakoei, eta are gutxiago esan nuenean garaipen handiak soilik borroka handien bidez lor daitezkeela. Zer esanik ez garaipena bertaratu ezin izan zutenei eskaini nienean.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.