GRANADA 3. OSASUNA 0

Itxura eta emaitza txarra

2013ko maiatzaren 19a
00:00
Entzun 00:00:0000:00:00
Golak: 1-0: El Arabik (23. min.); 2-0: Siqueirak, penaltiz (80. min.); 3-0: Buonanottek (93. min.). Epailea: Velasco Carballo. Txartel horia Granadako Aranda, Recio eta Buonanotteri, eta Osasunako Bertran eta Oierri. Gorria Osasunako Nanori (80. min).

Partida garrantzitsua zen. Irabaziz gero asteburu honetan bertan matematikoki salbazioa lortzeko aukera ere bazuen Osasunak. Baina atzo gorritxoek Granadan egin zuten jokoa ikusita, badirudi Jose Luis Mendilibarren jokalariek ez zutela behar bezala barneratu Los Carmenes futbol zelaiko partidaren garrantzia. Granadak ez zuen joko ikusgarria egiteko beharrik izan Osasuna eroso menderatzeko. Azkar hartu zuten aurrea markagailuan Lucas Alcarazen jokalariek. Suspertzeko denbora bazuen Osasunak. Baina nafarren erreakziorik ez zen iritsi. Baloiaren jabe izan arren, aurkariak nekez jartzen ditu estutasunetan Iruñeko taldeak. Eta larrutik ordaindu zuten hori gorritxoek. Nanok amaierarako hamar minutu falta zirela egindako penaltiaren ondotik, jokalari bat gutxiagorekin, alferrik zen. Lehenago egin behar zituen lanak Osasunak. Eta atzo inoiz ez zuten izan Granada estu hartzeko gaitasunik.

Osasuna ez zen erabat gaizki sartu partidan, dena dela. Baina lehen abisuak Granadak eman zituen erasoan. Silvak area kanpotik egindako erremate bateanetorri zen gorritxoen erantzuna, baina lehendabiziko bost minutuetan indarrak baretu orduko zelai erdian izan zen jokoaren zati handiena. Osasunak baloiaren jabetza lortzeko aparteko arazorik ez zeukan. Baloia berreskuratutakoan Granadak errazago osatzen zituen kontraerasoko jokaldiak, ordea. Baloi luze batean atzelariei aurrea hartu eta Arandak gola gertu izan zuen hemeretzigarren minutuan. Andresi ondo egin zion izkin, baina errematea kanpoaldetik sarera bidali zuen Osasunako aurrelari ohiak. Dezente azaldu zen Aranda erasoan. Gol bat ere baliogabetu zioten, baina Osasunan jokatzen zuenean bezalaxe azken errematean kamuts aritu zen atzo ere gorritxoen zorionerako.

Bost minutu geroago, ordea, El Arabik ez zuen kale egin. Osasunako atzelari batek urrundutako baloi bat Siqueirak hartu zuen ezker hegalean, ondoko marraraino joan zen, eta bere erdiraketa sarera bidali zuen El Arabik, Arribasi aurrea hartuta. Erasoan erakustaldi handirik eman beharrik ez zuen izan Granadak markagailuan aurrea hartzeko. Atsedenaldia bitartean baloiaren jabetza Osasunarena izan zen berriz. Baina baloia izanagatik, Granadako areara nekez iristen ziren nafarrak. Ninok area kanpotik egindako erremate batean soilik jarri zuten Roberto atezaina lanean gorritxoek.

Granadak markagailuko aldeari eusteko arazorik ez zuen. Eta Osasunak denbora asko zuen aurretik, baina atsedenaldiaren ondotik ere ez zuten asmatu nafarrek. Granadak markagailuan zuen aldearekin jokatzen zuen. Erasora gutxitan jotzen zuten, eta lotsagabe galtzen zuten denbora etxekoek. Baloia eurek zutenean bezain lasai zeuden Osasunakoek zutenean, ordea.

Penaltia eta txartel gorria

De las Cuevasek soilik sortu zituen zalantzak Granadaren atzealdean. Haren erdiraketa batean Ninok aukera on bat izan zuen. Handik gutxira baloia langara ere bidali zuen De las Cuevasek area kanpotik egindako jaurtiketa batean. Baina Brahimiren jokaldi on batean Arribasek kale egin zuen, Nanok falta egin zion area barruan, eta osasunazale baikorrenen itxaropenak uxatu egin ziren. Zelaira irten eta hamabi minutura txartel gorria atera zioten Nanori. Penaltia maisuki jaurti zuen Siqueirak, eta akabo. Luzapenean hirugarrena sartu zuen Buonanottek, baina Osasunako jokalariak hilda zeuden ordurako. Gaur zortzi Sadarren Sevillaren aurka jokatu beharreko partida benetako finala da Osasunarentzat. Ez dago besterik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Kazetaritza propio eta independentearen alde, 2025 amaierarako 3.000 irakurleren babes ekonomikoa behar du BERRIAk.