Erregeak beti dira errege. Hala ere, beti dituzte atzean tronutik kendu eta haiek hartu nahi dituzten printzeak. Batzuk joan egiten dira, eta, beste batzuk, itzuli. Itzuli direnak Errege Magoak dira, bart gauean, eta batzuentzat opariak ekarri dituzte.Â
Amestu beharra dago
Inoizko Euroligarik luze eta gogorreneko lehen itzulia amaitu berri da. Dagoeneko jokatu dira lehendabiziko hemeretzi jardunaldiak; gaur hasiko da bigarren itzulia, eta erabakigarria izango da. Baskoniak bihar ekingo dio. Alemaniara bidaiatuko du Municheko Bayernen aurka jokatzera. 20:30ean hasiko da partida. Euroligako bi partida jokatuko ditu aste barruan, ostiralean, ordu berean, Asvel Lyon-Villeurbanne Frantziako taldea jasoko baitu Buesa Arenan. Gasteiztarrek oraindik ez dute irabazi etxetik kanpo Euroligan, ez bakarrik aurten, ezta iaz ere. Hain zuzen, 2024ko abenduaren 17an irabazi zuten arabarrek azken partida Zurbaotik urrun.
Baskoniak sei partida baino ez ditu irabazi lehen itzulian; hamahiru neurketa galdu ditu. Hau da, inoizko lehen itzulirik eskasena egin du. 2021-2022ko denboraldian sei partida irabazi zituen, eta 11 galdu. Hortik gutxira, klubak Dusko Ivanovic kargugabetu zuen. Hain zuzen ere, sei partida irabazita, azken postuan dagoen Partizanekin berdinduta daude, baita beste lau talderekin ere. Paolo Galbiatik entrenatutako jokalariek, gainera, sei garaipenak jarraian lortu zituzten Buesa Arenan, joan den ostiralean Fenerbahceren aurka galdu zuten arte.
Gaur-gaurkoz, urrun dago aurrekanporaketa jokatzeko ametsa. Real Madril dago kanporaketak jokatzeko aukera ematen duen hamargarren postuan, eta talde horrek Baskoniak baino bost garaipen gehiago ditu. Hau da, gasteiztarrek bigarren itzuli bikaina osatu beharko lukete aukeraren bat izateko azken jardunaldietan. Are gehiago, ikusita zirrikitu txiki bat zabaldu berri dela sailkapenean, madrildarrek bi garaipeneko tartea zabaldu dute eta hurrengo taldearekiko.
Valentzia, denen ahotan
Lehen itzuliaren amaieran deigarriena da ikustea Valentzia dagoela lidergoan: hamahiru partida irabazi ditu, eta sei galdu. Emaitza berak ditu bigarren sailkatuak, Hapoel Tel Avivek. Hau da, Euroligara itzuli berri diren bi talde daude lehen bi postuetan. Dubairi, ordea, gehiago kostatzen ari zaio txapelketari neurria hartzea, eta hamahirugarren postuan dago: bederatzi partida irabazi ditu, eta hamar galdu. Atzetik daude Europako erregeak: Fenerbahce, Olympiakos, Panathinaikos eta Bartzelona.
Hain zuzen, Bartzelonatik hurbil, Gironan, lortu du Bilbo Basketek bere madarikazioa amaitzea. Ea Baskoniarentzat eredu izan daitekeen bihar. Urtebete baino gehiagoren ostean, etxetik kanpo irabazi zuten bilbotarrek ACB ligan, Fontajaun. Miribillan, Valentziak, Euroligako liderrak, astindua eman zien: 79 puntu sartu zizkien bigarren zatian, inoizko markarik onena da ACB ligan. 116 puntu sartu zizkien. Behin bakarrik sartu zizkioten horrenbeste puntu: Joventutek ere 116 sartu zizkien duela hamabost urte luze. Ez dago horrelako kolpe batetik altxatzeko modu hoberik Gironan irabaztea baino. Batzuetan, beharrezkoak izaten dira horrela kolpeak, esnatu eta erreakzionatu ahal izateko.
Itzulerak
Valentziaren aurka hauek ere, baina Roig Arenan, Gernikak astindua jaso zuen herenegun. Bide batez, gernikarrek agur esan zieten Espainiako Kopa jokatzeko aukera apurrei. Emakumezkoetan bihar amaituko da lehen itzulia, eta aurreneko zortzi sailkatuak Koparako sailkatuko dira. Beharrizanen euskal derbian, Araskik irabazi zuen Gaskan. Hala ere, IDK-k gainontzeko taldeen emaitzak alde izan zituen, eta ia sailkatuta dago Koparako. Bihar Zaragozan jokatuko du, eta alde oso handiz galdu beharko luke kanpoan geratzeko. Izan ere, haren aurkari nagusiek, Ferrolek eta Leganesek, elkarren aurka jokatuko dute, eta, gaur egun, puntu alde negatiboa dute biek ala biek: -57 eta -20, hurrenez hurren. Donostiarrek, berriz, puntu alde positiboa dute: +5. Hau da, azken zazpi neurketak jarraian galdu badituzte ere, donostiarrak Koparako sailka daitezke. Ez sinestekoa da, baina, agerian geratzen da zenbat balio duen liga ondo hasteak. Karta jokoan bezala, lehen itzulian, hobe da erregeak esku artean izatea.