HARMAILATIK AULKIRA

Jarraitu beharrekoak

Nerea Zusberro Alberro.
2023ko abuztuaren 4a
00:00
Entzun
Munduko Kopako multzoen fasea amaitu da eta aurpegi berriak utzi dizkigu, bai taldeenak, bai jokalarienak. Zenbait selekzio, Jamaiaka eta Hegoafrika kasu, historian lehen aldiz egongo dira final-zortzirenetan. Eta jokalari batzuk, aldi berean, historia egiten ari dira.

Jamaikaren ordezkari onena Allyson Swaby da. Reggae Girlz deituriko selekzioak defentsako sendotasuna du ezaugarri, batez ere bere arean. PSGko jokalariak selekzioan jokatzen du bere ahizpa Chantellerekin batera, eta atzealdean osatzen duten bikotea bizi asegurua da Jamaikarentzat. Brasilen aurka, Allysonek hamahiru baloi atera zituen; 22 bien artean. Brasilek 27 erdiraketa egin zituen, eta horietako bost bakarrik errematatu. Gainera, atzelariak garaipenaren gola lortu zuen Panamaren aurka, final-zortzirenetako fasera heltzeko erabakigarria izan dena.

Hegoafrikak, bestalde, ezingo luke kontraerasorako jokamoldea izan Thembi Kgatlana gabe. Afrikako taldeak gidoi bera jarraitzen du beti: 4-1-4-1 defentsan oinarritzen da, eta minutuek aurrera egin ahala gero eta presio handiagoa egiten du, aurkariaren nekea errentagarri egiteko. Baloia berreskuratzen badute, pase luzeen bidez bilatzen dute Kgatlana aurkariaren defentsa lerroaren atzean. Berea izan zen Italiaren aurkako garaipenaren gola, eta horri esker sailkatu dira. Bi gol eta bi asistentzia daramatza.

Beste hamalau talde egongo dira final-zortzirenetan, baina Brasil eta Alemania kanpoan daude jada. Zenbait jokalari interesgarri ikusteko parada izango dugu: Aoba Fujino (19 urte) Japoniaren eraso elektrikoetan; Esmee Brugts (20 urte) Herbehereen hegaletan, edo Lauren James (21 urte) ingelesa eta haren errematerako gaitasuna.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.