mikel reina
HIRUKOTIK

Jarraitutasunik ez

2021eko azaroaren 23a
00:00
Entzun
'Veni, vidi, vici'. Entrenatzaile berriaren etorrerak garaipena dakar besapean. Veni, vidi, vici; hala dio idatzita ez dagoen kirol lege batek, eta hala izan zen Neven Spahijaren lehenengo partidan, Euroligan, Izar Gorriaren aurka, Buesa Arenan. Talde bat ez da goitik behera aldatzen egun batetik bestera. Ezinezkoa da. Eta, era berean, entrenatzaile baten lana ezin da ikusi partida bakar batean. Are gutxiago entrenatzaile kroaziarra 24 ordu lehenago heldu zela kontuan hartuta. Dusko Ivanovicen sistemak erabili zituztela aitortu zuen Baskoniako entrenatzaile berriak. Jokalarien jarrera izan zen aldatu zena, eta horrek zeresana piztu du. Egiari zor, lehen egunean ohikoa da portaera ona izatea eta etorri berriari zer egiteko gai zaren erakustea. Azkenean, gaur egungo gizartean lehen inpresio horrek gidatzen gaitu. Horregatik da hain garrantzitsua. Egutegia ere ez du lagun Spahijak: Euroligako taldeek izan ezik, gainontzeko talde denek atseden hartzeko eta entrenatzeko denbora izango dute FIBA leihoak direla eta. Baskoniak Real Madril jasoko du ostegunean, Buesa Arenan, 20:30ean, Euroligako hamabigarren jardunaldian. Partida egokia izan daiteke Spahijaren egitasmoaren lehenbiziko analisi bat egiteko. Ezin da askorik esan orain arte, astebete eskasean hiru norgehiagoka jokatu baititu Gasteizko taldeak.

Denboraldi hasiera gorabeheratsu baten ondoren, Baskonia ACB ligako 11. postuan dago. Ez da ohiko lekua gasteiztarrentzat, baina ez daude urruti Espainiako Kopa jokatzeko aukera ematen duen zortzigarren postutik; garaipen bakarrera daude, hain zuzen. Spahijak lan handia dauka aurretik, erasoan batez ere. Lehen 11 jardunaldiak jokatuta, arabarrak azken-aurreko postuan daude sartutako puntuen sailkapenean: batez beste,77 puntu sartu dituzte partidako. Kontraeraso bizkorrak ez daudenean, kantxa erdiko jokoan puntuak sartzeko arazo asko izan ditu Baskoniak lehen hilabete hauetan. Eta ez da kalitate edo puntu faltagatik. Gasteiztarrek hiruko marratik hirugarren portzentajerik onena dute: %38,5. Gaur egungo saskibaloia hirukoek berebiziko garrantzia dute. Jokalariek gero eta gorputz handiagoak dituzte, eta, horren ondorioz, kantxa txiki geratu da. Horrenbestez, entrenatzaileek tarteak aurkitu behar dituzte. Hori da haien helburu nagusia arbela eskuetan dutenean. Eta defentsak zabaltzeko, tarte gehiago hartzeko, hiruko marra funtsezkoa da. Era berean, kantxan dauden bost jokalarietatik lauk, behintzat, mehatxu izan behar dute; baita barneko jokalariak ere. Alec Peters itzultzeko egunak zenbatzen ari dira.

Izenez izen. Bilbo Basketi garai onean heldu zaio geldialdia. Jaisteko postuetatik kanpo daude Alex Mumbrurenak. Ez da gutxi sasoi hasierako lehen bost lehiak galdu ostean. Horrez gain, bilbotarrak lehen zortzi sailkatuetako zazpiren kontra jokatu dute dagoeneko, eta bakarra izan zen Miribillan, Bartzelonaren aurkakoa. Lesionatuta dauden jokalarien zerrenda handitzen ari da azken asteetan; Rafa Luz izan da azkena. Fontetan. ACB liga itzultzen denerako, agian, Rafa Pueyo kirol zuzendariak Andrew Goudelock ordezkatzeko jokalariren bat aurkitu du. Baita Regimantas Miniotasen ordezkoa ere. Heldu eta jarraian jokatu behar izan duen arren, Damien Inglisek bizkor erakutsi du taldeari asko emateko gai dela. Hari ere ondo etorriko zaio geldialdia egokitzapen prozesua arintzeko. Azkenean, bi jokalari izango dira bakarrik euren selekzioarekin jokatzen: Ludde Hakanson, Suediarekin, eta Gitis Masiulis, Lituaniarekin.

Azken jardunaldian Bilbo Basketek denboraldiko lehen hogei minuturik onenetarikoak izan zituen. Jaurtiketetan izan zuen portzentaje ikusgarrietatik haratago, entrenatzaile kataluniarrak jokoan lortu nahi duenetik hurbil egon ziren bizkaitarrak. Ez dira egunero 36 puntu sartzen lehen laurdenean, eta 57 bigarrenaren amaieran. Gero, aurreko sasoian gertatu bezala, bilbotarrak erabat hustu ziren, eta atsedenaldian lortutako hamasei punturen aldeaz galdu zuten. Hori da oraindik ikasi ez duten ikasgaia. Bolada oso onak dituzte, baina baita oso txarrak ere. Ez dute oraindik jarraitutasunik topatu beren jokoan.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.