Oraindik ez dut partida bat osorik ikusi, aratza dut duintasuna zutabegile iruzurtien erresuman. Bana ez da meritu handiegiko lorpena: aspertzen nau futbolak, badut zer egin hoberik ordu eta erdian; ez zait ezertxo ere galdu jolas edo joko honetan. Eta, hala ere, aratz samarra bai, baina arrakalatzen hasia dut duintasuna: Txioherriko plazan lau haizetara oihukatu ostean hilabete osoko zutabeak idatziko nituela norgehiagoka bakar bat ere ikusi gabe, hara non, hurrengo egunean bertan, Alemania-Mexiko partidaren bigarren zatia ikusten harrapatu nuen neure burua, eta disfrutatzen Alemaniaren eraso-zaparradako nahi eta ezinarekin.
Baina ez dakit futbolaz, ez naiz kapaz taktikak ulertzeko, eta sentitzen naiz, nolabait, Giroa ikustean Dolomitetako paisaiari begira dagoenaren antzera. Nor animatzen duzu, zertan xahutu adrenalina apur bat, baldin eta ezer ez baduzu jokoan, eta zure selekzioak ere Munduko Kopan aritzerik ez badu? Txikiak handiari irabaztea da pizgarrietako bat. Baina gizon konplikatua izatea zer den: Mexikok irabaztea nahi nuen arren, ezin diot ihes egin erabat baldintzatzen nauen faktore bati: Espainiako selekzioak bizirik segitzen duen bitartean, beste faborito handiek ere bizirik segitzea nahi dut, Alemaniak adibidez, etorkizuneko gurutzaketetan lasaiago hartu ahal izateko arnasa.
Holakoa naiz, gizon konplikatu eta doktrinatua, futbolaren atzean futbolarena ez, baizik eta politikaren itzala ikusteko mania duena. Justizia poetikoa izango da, ziurrenik, gehien gustatzen zaidan poesia mota. Eta duintasuna arrakalatzen segitzeko asmoa dudanez… aizue, biharko behar dut: norbaitek badaki non saltzen dituzten Irango banderak?
Errusiako Munduko Kopa. GORROTO DUZUN HORI
Justizia poetikoa
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik
Ordenatu