Andoni Urbistondo.
Zonakako defentsa

Kerik gabeko surik ez

2012ko azaroaren 20a
00:00
Entzun
Zurrumurrugintza. Dusko Ivanovic kargutik kendu dute. Erabaki zaila hartu du Josean Kerejetak, baina hartu badu egoerari bueltarik ikusten ez ziolako hartuko zuen. Bili-bolo zebilen zurrumurrua. Urik gabeko errotak soinurik ez, esaten du esaera zaharrak. Kerik gabeko surik ez ere egokia da. Iragarritako erabakiaren baieztapena izan baita. Donostia aldean, oraingoz, ez esaera zaharrik, ez iragarritako erabakirik, baina Lagun Aro 1-7 balantzearekin dago, eta sentipen txarrekin gainera. Jaikitzeko zirrikiturik ez da ikusten, baina Donostian ez dute entrenatzailerik kargutik kendu... orain arte. Kanaria Handia eta Baskonia dira hurrengo bi aurkariak, eta 1-9 balantzeak alarma gorriak pitz ditzake. Dagoeneko piztuta ez badaude. Gasteizen ere gutxik pentsatzen zuten Ivanovic kargutik kentzera ausartuko zirenik, eta egin dute. Bilbon, gutako gehienok bankuan dugun konfiantzaren bikoitza dauka Katsikarisek. Banketxea Gorka Arrindaren esku balego, nahi beste diru emango liokete greziarrari. Curriculum oso ona du: 8-2 balantzea lehen hilabete eta erdian, eta azken bederatzi partidetan, 8-1 marka. Bihar, Sofian du lehia garrantzitsua, eta larunbatean irabazteko moduko norgehiagoka dauka Fuenlabradan. Zalantzarik ez, sasoiko talde onenetakoa da Bizkaia.

Ziklo baten bukaera. Hasten den guztiak daukalako bukaera bat. Baskoniaren arazoa Ivanovicen gidaritzaz harago doa, eta Kerejetak badaki hori. Jokalariek ere dagokien erantzukizuna onartu behar dute, askok ez dutela neurria eman, eta eman ezean Ivanovicen bide berbera jarraituko dutela. Felix Fernandez managerrak, eta Alfredo Salazar idazkari teknikoak ere autokritika egin beharko lukete, osatu den taldea oso emaitza apala ematen ari delako. Zaleek azken unera arte babestu dute Ivanovic, baina taldea dinamika gaiztoan zegoen, eta egoera errotik aldatu behar zen. Entrenatzailea edo 11 jokalariak. Zer egin? Normalean egiten dena: entrenatzailea aldatu.

Eskuak lotuta. Donostia aldean ere erabakiak hartzeko unea gerturatzen ari dela dirudi. Entrenatzailea edo jokalariak izango diren ezin jakin, baina entrenatzaileak beste inon baino ziurtasun handiagoa izaten du Gipuzkoako hiriburuan. Eta orduan, zer? Bote lasterrean, erraza da erantzuna. Neurria ematen ez dutenekin zerbait egin behar da, eta azkar, zama ikaragarria direlako. Bi izen: Qyntel Woods eta Iaroslav Korolev. Bata gaizki, asmatu ezinik eta taldearen beharretara egokitzeko batere borondaterik gabe, eta bestea, Donostian edo Errusian dagoen jakin ezinik. Taldeko bi jokalari garrantzitsuenetakoak dira, eta biek partida askotan zenbaki negatiboak egiten badituzte, akabo! Zenbaki horiek bezain harrigarria da Sito Alonsoren jarduna, eta partida osteko adierazpenak. Tematuta dago jokalari batzuei minutuak ematen, batez ere asmatzen ez dutenei, eta bere adierazpenetan ere konfiantza, diziplina falta, urduritasunik eza eta beste esaten ditu etengabe, joko krisiari irtenbide gutxi emanez. Noiz arte?

Iritsezin. Nahiko luke Gescrap Bizkaiak orain daukan sasoi ona otsaila hasieran, Kopan. Edo Eurokopa lehiaketako finalean, apirilean. Oso gutxitan lortzen baita halako indarra, kemena, fedea, gaindiezin egiten zaituen txinparta. Bi egun horietan zer gertatuko den ezin jakin, eta orain dagoen bolada on horri ahalik eta etekin handiena ateratzea, onena. Real Madril bakarrik dabil Bizkaia baino hobeto, eta hori lorpen handia da. Nabarmentzekoa, joan den astean Bizkaiak jaso zuen kolpea, Foru Aldundiko 1,9 milioi euroko murrizketa, eta Miribillak igande eguerdian zeukan itxura bikaina. 10.000 lagun taldea hauspotzen, eta txalotzen, hainbat jokalarik eta taldeak egindako lan bikainarekin pozik.
Iruzkinak
Ez dago iruzkinik

Ordenatu
0/500
Interesgarria izango zaizu
Nabarmenduak
Orain, aldi berria dator. Zure aldia. 2025erako 3.000 babesle berri behar ditugu iragana eta geroa orainaldian kontatzeko.